Euskal kultur erakundearen "Hogei'ta" deialdien azken irabazle-protagonistekin kalakan: Pierre Lafittek Moï Moï kolektiboaren Lloba ikusgarria du hemen aurkezten, 2013ko azaroaren 22an plazaratuko dena. Parasite kolektiboko Hannah Frances Welhanek, Garazi Lopez de Armentiak eta David Alcortak, berriz, Hautsa xehetu dute, azaroaren 5ean estreinatu den antzezlana, Baionako Antzoki Nazionalean.
Dena dator familia kontuetatik. Hastapenean, hain adiskide ez diren lagunak, baina Moï Moï kolektiboarekin bat egin dutenak. Edo anaia bat eta arreba bat, ikasketek, bizitzaren gorabeherek goxoki bereizi dituztenak, eta amorante batek berriz elkartu dituenak: koinata so british hura, jakinminez erretzen, kasualitatez taula-zuzendari dena, Parasite kolektiboko etxekoandrea.
Parisez nardaturik, edo herriminez, sustraiekin berriz laztantzeko gogoa, haiek ulertu, interpretatu, berrinterpretatu...
Oinarrian, beraz, bidaiak, ikasketak, maisuak, topaketak, desioak, itxaropena. Hegaldatu eta oldartu. Parisez nardaturik, edo herriminez, sustraiekin berriz laztantzeko gogoa, haiek ulertu, interpretatu, berrinterpretatu... hori aizu baldin bada, segurik. Denborak gotortu korapilo madarikatu haiek desegitea lortzen baldin bada. Batzuetan, kanpoko begirada bat beharrezkoa suertatzen da, iparra berreskuratzeko.
Hannah Frances Whelan artista ingelesak horrela lotu ditu bere bikotekidea eta horren arreba, Unai eta Garazi Lopez de Armentia, antzezlea eta dantzaria, Hautsa pieza sortzeko. Inprobisaketen haritik dira josi oroitzapen-hautsak, errealak. "Abiapuntua, galdera bat izan da: ahal bezain gutxirekin partitu nahi nuen", laburbildu du Hannahk. "Jakin nahi nuen ezagunezarekiko zer harreman zuten, ulertzen ez zituzten gauzak, haur zirenean, nerabe, baita heldu zirenean". Galdera horri erantzun nahi izateak bere tranpa dakar, ordea: anai-arreben artean arroila bat urratzea. Hamabi urteko abentura artistikoaren ondotik, Unai berriz dator etxera, Gasteizko hiri lañora. Baina ez du sei urte gazteagoko arreba ezagutzen. Horra-hor bigarren aukera arteak eskainia, antzerkia eta dantza besarkatzen dituena hemen.
Egoera konplexuetan beti: haurtzarotik heldutasunera pasatzea... Horra zertan lokaztuko den Lloba, Ziburuko Moï Moï kolektiboaren irudimenetik jalgi den pertsonaia, izen bereko ikusgarria emanen duena. Dantza, bideoa, marrazkia eta elektro-musika nahasiz, euskal mitologiako erriturik suharrenetakoa berrikusi dute: Akelarrea. "Hori da piezaren haria", azpimarratu du Pierre Lafittek, kolektiboko kide eta ikuskizuneko koordinatzaile denak. "Errespetu-desmartxa bat ukan dugu oinarriarekiko, tradizioarekiko, erritualarekiko, funtsezko abiapuntua izan baita kulturaren zati xehe hori digeritzeko, deskonposatzeko, eta berrinterpretatzeko. Txomin Ugartemendiak, proiektuaren sortzaileak, ibilbide berdina jarraitu du euskal dantzaren musika-zati batzuk elektroan murgildurik eskaintzeko".
Euskal kulturak oreka aurkitzen du tradizioaren ezagutzan eta jarraipenean, baita berritzeko, saiatzeko, esperimentatzeko gogoan.
Horra-hor hitz potoloa: kultura... Bai dela gune delikatua. Familiako giro espainola, baina euskarazko kantuak. Gizon-emazteen arteko hierarkia ezkutatzen ez duen puru-kea, baina hiriko lehen ikastola, balore berriekiko euskarazko eskola, ufatuko duena. Horra nolako panorama topatu duen Hannah Frances Whelanek, Gasteizera iristean. Kontraerranek "txokatu" dute lehenik, baina liluratu, ondotik. Unai, 1978an sortua, Garazi, berriz, 1984ean: "Trantsizio demokratiko" famatu hura da gibeleko oihala. "Euskal kulturaren berpizkundearen lekuko diren markagarriak badaude: izenak gazteleratik euskarara pasatzen dira, haurrak euskaraz hitz egiten hasten dira, helduek espainolez jarraitzen duten bitartean... Hemen, gauza arrunta bilakatu da, baina kanpotik begiratuz, sentipen harrigarria sortarazten du! Zuhaitz berdinaren baitan, sustraiak gauza bat balira, eta hostoak, bertze bat". Eta sinestearekiko harremanak. Elizaren ukazioa, frankismoari lotuegia izanik, eta katolizismo-aurreko sinesteen berreskuratzearen inguruan, mistizismoa. Horra "itxaropen zabala euskal kulturari lotua".
Euskal kulturak oreka aurkitzen du "tradizioaren ezagutzan eta jarraipenean, baita berritzeko, saiatzeko, esperimentatzeko gogoan. Azken erregistro horretan da gehiago Lloba", Pierre Lafitten iduriko. "Edozein kultura bezala, euskalduna trenkadatsua da, batez ere bere hizkuntzatik. Baina hori baitezpadakoa izan daiteke, bere berezitasuna atxikitzeko. Ez ditu horregatik modak, tendentziak ez jarraituko, eta horrek du frogatzen munduari dion irekidura". Pierrek hori ongi ikusi du elektro-musikaren bidez; ez baitzen, hasieran, baitezpada onartua "euskal ingurunean", baina dagoeneko Gaztetxeetan, festibaletan aurki daiteke, bidez batez baieztatuz musika-genero horren demokratizazio berria: "jendez gainezka daude denetan. Guk ere, Baleapop festibala sortu dugu, duela lau urte, eta arrakastatsua ateratzen da". Hortik, musika independente label bat sortu dute, Nabie Production. "Auto-ekoizpena dugu gehien bilatzen, ez dugu diru-laguntzen sisteman erori nahi, oztopo izan daitekeelako gure askatasunarentzat, nahiz eta horrek ere bere mugak dituen, eta EKE-ren beka ongi-etorria izan baita Lloba-ren kasuan. Baina salbuespena izan da".
"Dantzaren ekarpenak, mugimenduarenak, ikusleari airatzeko aukera ematen dio"
Askatasuna: Parasite kolektiboak publikoari lotu nahi dion hitza. "Dantzaren ekarpenak, mugimenduarenak, ikusleari airatzeko aukera ematen dio", Garazi Lopez de Armentiaren ustez. Eta mezuaren pasarazteaz: "badakigu zer transmititzen dugun, baina ikusle bakoitzak bere gisara interpreta dezake, bere bizipenen, esperientzien, emozioen arabera. Hori dugu, batez ere, bilatzen. Galderak, erantzunak baino". Zer deabru: arteak ez ditzake min guztiak senda. Kontuz, beraz, arte-terapiari. "Lana gure oroitzapenetatik eta beldurretatik abiatuz, bai joan garela psikologiaren eremura", jarraitu du Garazik. "Baina horretan geratu gara. Segituan interpretaziora pasa gara, hain azkar, non gure barrenetik kanporatu duguna gutarik aparte dagoen orain, eta zaila izan daiteke horretan berriz sartzea. Baina gure zati gehiago ezarri bagenu, ikusleari une intimoak lapurtzen ahal genizkion".
"Estilo artistikoen nahasketak intentsitatea atxikitzea bermatzen du"
Pierre Lafitteri gustatzen zaio publikoa murgiltzearen ideia, Lloba-ren kasuan. "Mundu batean sartzen zara". Errealitateari uko egiteko? "A, ez! Mundu errealean gehiegi lan egiten dugu, hori haizatzeko... Ez, gehiago da ihesbide bat, urrezko parentesia. Guri doakigu ikuslea sesitzea, ustekabean harrapatzea". Horretarako, ikuskizunaren erritmoa funtsezkoa izaten da. "Eta estilo artistikoen nahasketak intentsitatea atxikitzea bermatzen du". Dantzaren, antzerkiaren, edota bideoaren arteko fusio hori: deialdi artistikoen azken moda-tendentzia ote da? "Ez baitezpada", Pierren iritziz. "Iruditzen zait trenkadak arrailtzen ari direla, artista ezberdinen artean gehiago gurutzatzen garela, eta elkarren artean kolaboratzeko nahia badela, proiektuen inguruan".
Hautsa-n ere, generoen aliantzak sekulako tokia dauka. Horren lekuko, Xabier Santxotena zizelkariarekin egin prestakuntza-fasea, "ekaia sortzeko baitezpadakoa" izan dena, Hannah Frances Whelanen gustuko. "Espresio-iturri sakona atera diogu, mugimendu poetiko pila bat. Hainbertzetaraino, non esperientzia eskastu zaidan, jakin ahal izateko hori guztiarekin zer egin. Harrigarria zen!". Eta zer erran eszenografiaz, zuzenean inprobisazio-saioetatik jalgi dena, David Alcortak, bere sortzaileak dioen bezala. "Hemen, lan fisikoari, antzezlanari, gidoiari erantzun bat da eszenografia. Abstraktua da, baina ez minimalista. Desegite bat, desagertze bat, poliki-poliki larruan txertatzen zaizuna. Aktoreak biltzen dituen mundua, baina ikusleari konexio kulturala eskaintzen diona".
Beti ikuslearekiko kezka hori... Obsesioa, ote? "Ez, jendea erakartzeko kezka da gehiago, gainditu behar den oztoporik potoloena", azaldu du Pierre Lafittek. "Gutxienez, jendea jin dadin, ikus dezan, eta lekuan bertan epaitu. Lloba ikusgarria zabaltzeko, Euskal Herrian, baita haratago; ikusleek parteka dezaten, konpara, eztabaida dezaten: ez gaude hor denen gustukoak izateko, gisa guziz. Norberak bere publikoa aurkitzea garrantzitsua da, noski, baina horretan konforma zaitezke, eta arriskutsua izan daiteke artistarentzat, baita bere obrarentzat". Hobe arriskuak uxatzea, bai.
Politika ez zuzenetan jarraitzeko: "pertsonalki, badaukat gustokoa izateko kezka hori, bai. Gezurra litzateke kontrakoa erratea". Hannah Frances Whelan, ahoan bilorik gabe. "Baina Hautsa-rentzat bilatu duguna, ikuslearen hastapeneko erosotasuna da, ondotik abstrakzioan, fantastikoan urrun joateko luxua ukaiteko. Etengabeko joan-etorria dago partikularraren eta unibertsalaren artean". Horra nola ikuskizun bat pizten den, publikoarekin zuzenean lanean arituz, "baina ateak zabaltzen eta ixten dizkiogu, guk nahi dugunean". Oscar Wilderi kontra egiteko doia, horrek baitzion iritzi publikoa soilik bazela ideiarik gabeko tokietan.
Azaroak bi sorkuntza berri-berri agertaraziko ditu, beraz, Hautsa eta Lloba, euskal artea aberasteko. Milurteko kultura bat gaztek ekarria, hizkuntza bat tropa kosmopolitoek sustaturik. Euskara zinez da inspirazio eta sormenerako bidegurutzea, Hogei’tagarren mendean izanik ere.