Nahia Zubeldia

Nahia Zubeldia

"Musika beti izan da adierazteko, askatzeko eta ongi pasatzeko tresna"

  • LaukitikAt
  • 2020/12/10
  • Hizkuntza: Euskara

Itzulpen lan bat bukatu berria eta grabazio bat hasi aitzin, Ziburuko burasoen etxean errezibitu gaitu Nahia Zubeldiak (Donibane Lohizune, 1982). Maddi amaren diskoak eta liburuak bildutako apalaren ondoan, itzultzaile eta artista Lapurtarraren ibilbide oparo bezain anitza aipatu ditugu.

Musikari, kantari, idazle, itzultzaile... Nola aurkeztu zure burua?

Dependi nork galdetzen didan, amaren alaba naizela ere ahantzi duzu. Bai egia da, horiek guztiak badira. Itzulpengintzari doakionez, lengoaia zientzia ikasi ondoren, Gasteizera joan nintzen itzulpengintza ikastera. Itzulpena ikusten dut gehiago ogibide halere, nahiz eta anitz interesatzen nauen eta ez nauen aspertzen, itzultzen maite dut. Musika aldiz, ogibide izango balitz nahiko nuke, baina gehiago ikusten dut zaletasun gisa eta beharrezkoa dudan adierazpide gisa. Idazle aldiz, oso gauza berria da, orain arte aurkezpen txartelean ez zen horrela agertzen, baina egia da nik kantuak idatzi izan ditudala beti. Orain aldiz, proiektu bat badut idazle egonaldi batean idazteko baina ez naiz hainbeste urrunduko izan ere olerkiak idazteko noa (ikus. Nahia Zubeldia, Nekatoeneako idazketa egonaldiaren irabazlea albistea). Esperientzia honetan, nahi dudana da idaztera joan, nire burua biluztu eta egiazki, aitzakiarik gabe idatzi, tripan zer dudan ikusi; baina formatuaren aldetik ez da hain ariketa berria.

Elkarrizketaren bideoa

Azaltzen ahal duzu idazle egonaldi hori?

Esperientzia honetan, nahi dudana da idaztera joan, nire burua biluztu eta egiazki, aitzakiarik gabe idatzi, tripan zer dudan ikusi.

Euskal kultur erakundeak, Euskal Idazleen Elkarteak eta CPIE Euskal Itsasbazterrak idazle egonaldi bat proposatzen diete urte guztiz idazleei (ikus. Nekatoenea literatura sorkuntza egonaldia: deialdi berria albistea). Aurtengo berezitasuna da Getariako Elkano Fundazioa ere partaide dela, bost ehun urte bete baitira Elkanok munduari bira eman zionetik. Hilabete batez Nekatoenean egonen naiz, xantza handia dut Hendaian, Abbadia gaztelu ondoko etxe zahar eder horretan, olerkiak idazten egoteko aukera edukitzeaz. Ez dira Elkanori buruzko olerkiak izan behar baitezpada baina Elkanorekin lotura bat behar da halere, hori da baldintzetako bat. Orduan itsasoaz izanen dira, hitza zabalik hartuta. Elkanok munduari bira eman zionean, harentzat, itsasoa zen gauzak deskubritzeko, mundua ezagutzeko esperantza animaleko bat. Geroztik mundua anitz ttipitu zaigu, dena bertara dugu eta itsasoak erakutsi digu bisaia zinez ilunak ere badituela. Mediterraneoan, jende anitz hiltzen ari dira. Itsasoa zeharkatzeko arriskua hartzen duten jende horiek, gu garaian bezala, mundu hobe baten bila doaz, alegia pertsona horiek orain itsasoa ikusten dute guk garaian genuen ikuspuntutik. Hori da gogoan dudan abiapuntua orain, gero ikusiko dut nora eramaten nauen, izan ere praktikan, idazten ari zarenean norabidea maiz aldatzen da.

Ziburutarra izanik, nolakoa da zure harremana itsasoarekin?

Lehorrean egotetik ur gainean izatera, denbora arras ezberdina da, uretan, estimulu askoz gutxiago duzu eta irudi du denbora gelditzen dela.

Itsasoa beti hor ukan dut. Orain badu hamar bat urte Hazparne, Lekorne aldean bizi naizela eta egia da falta zaidala. Ttikitatik eta haurtzaroan ere beti itsasoan egoten ginen. Osaba bat badut ere itsasontziz anitz ibiltzen dena eta udan harekin joaten ginen Bretainiara, emaztea bertakoa izanik; han itsasontziz, uhartez uharte ibiltzera. Hendaiatik Bermeora ere joaten ginen eta horrelako ateraldi anitz egin ditut. Ez naiz nabigatzailea baina maite dut itsasoan, urpean egotea, itsasontziz ibiltzea, zure herria beste ikuspuntu batetik behatzeko aberastasun hori ukaitea, eta itsasontzian, denbora ere nola aldatzen den bizitzea. Lehorrean egotetik ur gainean izatera, denbora arras ezberdina da, uretan, estimulu askoz gutxiago duzu eta irudi du denbora gelditzen dela, zu hor zaude. Belaontzian egoteak badu meditazio kutsu bat pixka bat niretzat.

Lehorrean aldiz, ez zara gelditzen. Jarduera aniztasun hori hautu bat da, obligazioa?

Obligazioa ez, hautu inkontzientea da nire ustez, maite dut gauza anitzetan ibiltzea, proiektu ezberdinak ukaitea buruan. Gero obligazio puntu bat bada gauza batzuetan; haurren ikastolak adibidez, denbora anitz hartzen du. Gero itzulpengintza ere denbora jale handia da, nahiz eta maite dudan, batzuetan lan anitz egin behar da. Baina lortzen dut halere denetik egiten. Bestalde, nire burua behartzen dut batzuetan gelditzera, hartzen ditut aste batzuk seme alabekin lasai egoteko; deus ez egitea ere maite dut, baina ez sobera luzaz.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Musika aipatuz, Lumitik Unamara, trantsiziorik gabeko jauzia. Musikari eklektikoa zara?

Musika beti izan da adierazteko, askatzeko eta ongi pasatzeko tresna.

Musika beti egin izan dut jendeekin, hor da lotura niretzat. Ez dut musika formakuntzarik, ez dut teoria handirik, beraz musikan ari naizenean, sobera pentsatu gabe egiten dut, datorren bezala eta nagoen jendeekin ateratzen den bezala. Hasi zen naturalki familian, Unama taldearekin. Gure familian, apairuetan edo etxean beti kantuz ari ginen, orduan anaiarekin eta lehengusu lehengusinekin laukote hori sortu genuen. Gero nire haurren aitarekin ibili nintzen beste talde batean. Lumirena, gauza berezia izan zen hastapenean, izan ere orain nire bikote denarekin sortu zen proiektua baina musikan hasi ginen, bizian bikote bilakatu aitzin. Nik bakarkako kontzertu bat eman behar nuen baina ez nuen bakarrik joan nahi. Manu Matthys aspaldi ezagutzen nuen, lizeotik, baina Parisen egon zenez bizitzen, luzaz egon ginen elkar ikusi gabe. Ziburuko bestetan topo egin genuen, mintzatzen hasi ginen eta erran zidan musika elektronikoan ari zela. Musika horrek erakartzen ninduen aspaldidanik sobera ezagutu gabe ere eta galdegin nion laguntzen ahal ninduen kontzertu hori janzten. Eta ongi pasatu genuen, hain ongi non beste data batzuk atera ziren eta horrela segitu genuen.

Lumi taldearen euskal elektro popak Parise eta Japoniarainoko oihartzuna eduki du.

Iruditzen zaigu gure kolorea atzeman dugula.

2012an hasi ginen eta pittaka garatu zen taldea. Hastapenean, nik nire kantuak nituen eginak eta Manuk bere soinuak sartu zituen kantu horietan. Gero denbora anitz behar izan genuen musikalki elkar ezagutzeko; nire boza eta konposizioak, bere soinuaren eta musika elektronikoaren mundu horretara hurbiltzea luzea izan zen. Gero hasi ginen elkarrekin kantuak sortzen, horrek aldaketa ekarri zuen. Orain diskoan doinu gehienak elkarrekin sortuak dira eta iruditzen zaigu gure kolorea atzeman dugula. Lumirekin, Japoniara joateko aukera eman zigun Etxepare Institutuak, euskara munduan zehar zabaltzeko diru laguntza bati esker. Sobera sinetsi gabe, bertan bizitzen egon zen eta musika munduan murgiltzen zen ezagun baten laguntzarekin, saiatu ginen data batzuk atzematen eta azkenean, uste baino hobekiago atera zen eta zinez esperientzia zoragarria izan zen. Gero Euskal Herrian badira beste talde batzuk musika elektronikoan ari direnak, ez arras gure estilokoak baina badira.

Euskal Herrian anitz jotzen duzue?

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Gero eta gehiago jotzen dugu hegoaldean, izan ere iparraldeko itzulia fite egina da. Covida zabaldu denez geroztik, aise gutxiago, arras gutti jotzen dugu orokorki. Baina horrek bestalde aukera ireki du etorkizunera begiratzeko presaka ibili gabe, izan ere bizia nahiko betea dugu eta orduan kontzertuak dituzunean, entseguetan zuzenekoak prestatzen pasatzen duzu denbora, sortzeari espazio handirik utzi gabe. Orduan baliatzen dugu momentu hori gauza berriak sortzeko, gure funtzionatzeko manera birpentsatzeko, tresnak, soinuak nola baliatzen ditugun, nire boza eta gitarra nola nahasi soinu elektronikoekin eta abar. Izan ere guretzat helburua da nahastea guzti hori eta musika entzutean ez jakitea noiz den gitarra edo noiz sintetizagailua, zinez gure tresna horiek bat egitea da helburua.

 

 

Lehengusuak, ama, aita, anai arrebak, Zubeldia familia sormen salda tupina batean erori da noizbait edo?

Ez dut musika formakuntzarik, ez dut teoria handirik, beraz musikan ari naizenean, sobera pentsatu gabe egiten dut, datorren bezala eta nagoen jendeekin ateratzen den bezala.

Norbaitek erran zidan noizbait Zubeldia familian geneen ordez notak ditugula. Nik pertsonalki ez dakit partitura bat irakurtzen; notak non diren gutxi gora behera badakit baina musikan eta kantuan naturala da. Etxean, noiznahi gutariko bat hasten da kantatzen eta beste batek bigarren boza eginen du pentsatu gabe, espontaneoa da. Oroitzapen biziki on bat badut, txikitan sukaldean afal ondoren, denak kantuz hasten ginen baina gure buruak bortxatuz gaizki kantatzera, bakoitzak ahal bezain boz itsusiena lortu behar zuen baina denek elkarrekin zerbait sortzen genuen. Plazer handia zen, irri anitz egiten genuen. Musika elektronikoarekin ere batzuetan saiatzen gira soinua zikintzen, hori maite dut. Beraz bai beti izan da musika baina inoiz ez da izan kontserbatoriorik, solfeorik, beraz ez dut sekula sentitu obligaziorik, musika beti izan da adierazteko, askatzeko eta ongi pasatzeko tresna.

Moï Moï Kolektiboa aipa dezagun eta ongi ezagutzen dituzun, Baleapop, Usopop festibalak.

Ipar Euskal Herrian iruditzen zait badela giro berritzailea, edo askea hasteko.

Ni ez nintzen sorreran egon, beranduago iritsi nintzen, Manu ezagutzearekin batera. Moï Moï lagun artean sortu zuten, denak Donibandarrak edo ingurukoak ziren eta helburua zen gauzak mugi araztea, izan ere Donibane Lohizunen egiten ziren gauza asko zaharkituak ziren, kulturalki mitxa eskasekoak; orduan helburua zen haize fresko bat ekartzea. Kolektiboak Baleapop jaialdia muntatu zuen, hamar urtez egin dena. Iaz erabaki genuen azken edizioa egitea, hamargarren eta azken edizioa; eta erran behar dugu sudurra izan dugula izan ere 2020an ezin izango genuen egin. Ibilbide borobila izan da, horrez gain, irrati bat dago orain eta beti badira proiektuak ezker eskuin, sortzekotan edo sortuak, burbuila kulturala da. Usopop festibala sortu zen ere eta Baleapopeko jendeak ezagutzen zituzten Sarako antolatzaileak eta biziki maite zuten heien proiektua; horregatik Baleapop izen hori, kostaldeko paralelo egiteko.

Kulturak horrelako proiektuak behar ditu?

Bistan da kultura ekimenak behar dira, mota guztietakoak, gauza arinak, handiagoak. Gero Covid garai hauetan zaila da. Usopopekoek beste proiektu bat dute, Mapa galduak izenekoa, atzeratu behar izan dutena. Nik anitz so egiten diet Usopopeko proiektuei izan ere hemengo nortasuna dute, irekia, freskoa, berria, serioa baina ez grabea. Ideiak hartu eta sobera puztu gabe pentsatzen eta egiten dituzte eta uste dut hori dela garrantzitsuena, egin egin eta egin.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Sormena eskas da Euskal Herrian?

Kultura ekimenak behar dira, mota guztietakoak, gauza arinak, handiagoak.

Ez dut uste; Badok.eus atarian ikusten duzularik egun guztiz badela talde berri bat, disko berria, bada materiala zinez. Gero agian eskas dena da lotura horien guztien artean, informazioa pasaraztea. Baina sormena bizirik da Euskal Herrian, denetatik bada. Ni ez naiz musika kritikaria, bakoitzak egiten du bere bidea. Begiratzen badut nire inguruan, Orbel taldea bada, lagunak eta zinez proiektu serioa eta biziki interesgarria dute, nortasun handiarekin. Peio Erramuzpe ere, berriki Atabal aretoan ibilitakoa Biarritzen, euskalduna, berritzailea, xerkatzen duena. Ipar Euskal Herrian iruditzen zait badela giro berritzailea, edo askea hasteko.

Zer iritzi duzu ondare immaterialaz?

Ez dakit zer baztertu behar litzatekeen, baina atxiki behar dena bai aldiz; lehen lehenik euskara, gure nortasuna eta mundua ikusteko dugun manera ematen diguna. Hortik ere aniztasunera joan behar da eta nik maite dudana da aniztasun hori ikustea, sorpresa edukitzea eta immaterial hori material bilakatzea, kontzertuak eginez erakusketak antolatuz, hunki araziz immaterial hori.

Immigranteen gaiak hunkitzen zaitu ere bereziki.

Herri etorkina gara, guk bizi izan duguna laguntzen gaitu hori ulertzen eta bultzatzen gaitu ulertu nahi izatera jende horiek bizi dutena.

Gai aski pertsonala da, duela bi urte hasi nintzen egoera lazten. Zure burua begiratzen duzu eta pentsatzen duzu zer ongi garen, zer lasai bizi garen eta nola egon gaitezke, beste batzuen egoerari begira, deus egin gabe. Hasi nintzen kantu bat egiten hortaz, gero hasi nintzen informazioa bilatzen eta idatzi nien etorkinez arduratzen diren Etorkinekin eta La Cimade elkartekoei; erranez etorkin bat hartzen ahal genuela denbora batez. Hasieran, nola pasatzen zen jakiteko deitu nien baina segidan gazte bat hartu genuen, aste pare batez hasteko. Azkenean bi aste horiek, urte eta erdi bilakatu ziren. Orduan ustekabean, oharkabean oso hurbileko gaia bilakatu zaigu. Orain gazte hori joan da etxetik, ikasketak segitzen ari da, desmartxak egiten ari da paperak lortzeko, momentuz, ongi doakio bizitza eta nik eriak gurutzatzen ditut. Gero egia da etxetik joan delarik urrundu garela gaitik izan ere energia anitz hartu digu eta emozionalki ere pizu da. Baina gai hori gogoan dugu beti. Euskaldunok ere ongi ezagutzen dugu gaia, herri etorkina gara, guk bizi izan duguna laguntzen gaitu hori ulertzen eta bultzatzen gaitu ulertu nahi izatera jende horiek bizi dutena.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Covid krisia nola bizi duzu zuk?

Baliatzen dugu momentu hori gauza berriak sortzeko, gure funtzionatzeko manera birpentsatzeko, tresnak, soinuak nola baliatzen ditugun.

Hastapen batean bazen horrelako harridura handi bat, uste dut denak zur eta lur gelditu ginela pixka bat, bazen zirrara bat bezala kasik, oharturik momentu historiko bat bizitzen ari ginela. Haurrak pozik eskolak hetsirik, guk gaztetan askotan itxoiten genuen horrelakorik; tarteka, elur handia zelarik, eskola egun batez hesten zuten eta horrekin gu pozik, baina hori ere gutitan gertatzen zen. Orduan hastapenean, kasik baikor hartu dugu egoera eta egia da gauza baikorrak atera direla. Nik itxialdia aski ongi bizi izan dut, kenduta halere entzuten nuela nire inguruan musikagintzan ari direnak musika sortzeko denbora hartzen zutela; eta nik itzulpenak banituen honaino, gehi haurren etxeko lanak eta istorio, beraz nire kasuan, ez da batere pausaldia izan. Bestalde, tokiz ez aldatzeak geldiarazi du pixka bat motor hori. Gero udan iduri du arazoak ahaztu direla, ekonomia berpiztu behar zelakoan. Ni Donibane Lohizunera etortzen nintzelarik udan, harritua gelditzen nintzen jendetza handia ikustean. Gero ulertzen da, jendeak aire freskoa nahi izatea, itsas airea ez dugu guk bakarrik maite. Baina orain egoera luzatzen ari da halere. Semea kolegiora doa maskarekin egunero, bestak gelditu dira, etxean afariak egiten dira baina bai sentitzen ari naiz luze egiten ari dela. Denak bezala, eriak gurutzatzen ditut eta espero dut egoera horrek ez duela sobera iraunen.

Amets bat?

Ez dakit zer baztertu behar litzatekeen, baina atxiki behar dena bai aldiz; lehen lehenik euskara, gure nortasuna eta mundua ikusteko dugun manera ematen diguna.

Orain gogoan dudana, ez da beste munduko ametsa, baina zinez espero dut idazketa egonaldi horretan aterako dudanarekin pozik egotea, izan ere desafioa da niretzat, lehen aldiko, idazteko tarte hori hartzen dudala, ordainduta gainera. Zozokeria bat, detaile bat dirudi baina horrelako presio bat gehitzen du horrek. Orduan kontent atera nahi nuke handik eta espero nuke ere olerki horietako batzuk egoki izatea kantu bilakatzeko eta gero kantu horiekin disko bat sortzeko eta gero egoera arintzen bada, disko hori munduan barna berriz aurkeztea. Hori litzateke proiektu ederra eta ez nuen aitzinetik pentsatu baina ametsa aipatzen baituzu, zendako ez imajinatu Elkanoren bidea berriz egitea diskoa aurkezteko, munduko itzulia, zendako ez?

Bukatzeko galdetu ez dizudan galdera bat erantzuteko gogoa?

Ez, uste dut itzulia eman dugula hor ere.

Elkarrizketa gehiago

Pantxix Bidart

Pantxix Bidart

"Gitarra eskuan, ibili bizian"

Zoe Bray

Zoe Bray

"Artea eta antropologia, bizitzeko eta bizitzaz hausnartzeko, tresna osagarriak eta ezinbestekoak dira"

Adur Larrea

Adur Larrea

"Euskal Herrian oso marrazkilari onak badira eta hautua egin dute euskaraz lan egiteko"

Elena Clerc-Charriez

Elena Clerc-Charriez

"Hemen abesbatzaren irudi ezkorra da gazteen artean"

Elkarrizketa gehiago