Nahia Zubeldia, Nekatoeneako idazketa egonaldiaren irabazlea
Sortzailea, musikaria eta itzultzailea den Nahia Zubeldia hautatua izan da Euskal kultur erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak antolatzen duten euskal idazle egonaldiaren hamargarren edizioan parte hartzeko. 2020ko azaroaren 23an hasi eta hilabete batez, Hendaiako Nekatoenea baserrian egonen da olerki bilduma bat lantzeko.
Hamargarren urtez jarraian, euskal idazle batek parte hartuko du Euskal kultur erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak proposatzen duten euskarazko literatura sorkuntza egonaldian. Ekimen honen bidez, euskal literatura sorkuntza sustengatu nahi da eta irabazleari argitaratuko den idazketa lan batentzat behar dituen ahalak eskaini leku abantailatu batean.
Literatura sorkuntza egonaldi horren hamargarren urtemuga ospatzeko, 2020an, hiru partaide sortzaileek Getariako Elkano 500 Fundazioaren partaidetzaren gainean kontatzen ahalko dute gainera. Horrela, egonaldi hau, Juan Sebastian Elkano euskal itsasturi ospetsua nabarmentzeko aukera izanen da munduko lehen itzuliaren 500 urtemugaren karietara.
Aurten berriz ere, literatur proposamen askotarikoak eta kalitate handikoak aurkeztu ziren eta hautua ez da errex izan. Egitura bakoitzeko ordezkari batekin osatuta den epaimahaiak, egonaldia eta horrekin joaiten den dirulaguntza Nahia Zubeldia sortzaileari ematea erabaki zuen azkenean. 37 urteko Ziburutar hau aspalditik dabil testuak idazten eta musika sortzen, besteren artean Unama eta Lumi taldeetan. Idazketa beti izan du ondoan, bere eskola ibilbidea lekuko: literatur saileko baxoa lortu ondoan, Bordelen hizkuntza zientzien ikasketetan ibili zen, eta lizentzia lortu. Ondotik, Gasteizera joan zen, Euskal Herriko Unibertsitatera, eta itzulpengintza eta interpretazio lizentziatura gainditu.
Nahia Zubeldia hilabete batez egonen da Hendaiako Abbadia Erremuko Nekatoenean, 2020ko azaroaren 23tik abenduaren 23ra. Juan Sebastian Elkanoren larruan sartuz, olerki bilduma bat landuko du itsasketaz, euskaldunon jakin minaz, mundu ezezagunen bila joatearen tiraz eta itsasoaren aurpegiez, aurpegi guziez: "ene ametsen ama eta sormenaren bazka izanik ere, bisaia ilunagoak ere baititu itsasoak. Azken urteetan, esperantzaz bete jende anitzen hilobi bilakatu da, eta uretan arrain bezainbat zikin dabil… […] Paradoxa horietan eman nahi nuke arreta, ahal bezainbat ikuspuntutik so eginez".
Xehetasunak
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)