Nekatoenea literatura sorkuntza egonaldia: deialdi berria
Hamargarren urtez jarraian, Euskal kultur erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak euskarazko literatura sorkuntza egonaldi bat proposatzen dute Abbadia Eremuko Nekatoenean. Egonaldia euskal idazle guziei zuzendua da. Hautagaitza aurkezteko epea: 2020ko maiatzaren 31a.
Euskal literatura sorkuntza sustengatzeko asmoarekin, Euskal kultur erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak, beren baliabideak eta gaitasunak bateratzen dituzte aurten ere euskal idazle egonaldiaren antolatzeko Abbadia Eremuko Nekatoenean.
Literatura sorkuntza egonaldi horren hamargarren urtemuga ospatzeko, 2020an, hiru partaide sortzaileek Getariako Elkano 500 Fundazioaren partaidetzaren gainean kontatzen ahalko dute gainera. Horrela, hamargarren egonaldi hau, Juan Sebastian Elkano euskal esploratzailea eta marinel ospetsua nabarmentzeko aukera izanen da. Izan ere, deialdia euskaraz idazten duten horizonte guzietako idazleei zuzentzen bazaie ere, literatura sorkuntzak Juan Sebastian Elkanoren pertsonaiarekin lotua den gai bat edo gehiago jorratu beharko ditu: nabigazioa, esplorazioa, aurkikuntza, kartografia, astronomia, ontzigintza, …
2020ko urriaren eta abenduaren artean, hilabete batez Abbadia Eremuko Nekatoenea etxean apartamendu bat beretako izateaz gain, idazleak 1 500 euroko dirulaguntza ukanen du. Egonaldia bukatu eta, topaketak aurreikusiak dira Hendaian eta Getarian bereziki idazlearekin. Hautagaiek maiatzaren 31a arte dute heien burua aurkezteko.
Xehetasunak
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)