Guillaume Apheça

Domintxaine-Berrueta herrian (Zuberoa) sortua, Guillaume Apheça (1828-1919) 1856tik 1913ra emigrazio agente izan zen, Bordeleko Colson agentziarentzat.

Behaskane-Laphizketa (Baxenabarre)
Behaskane-Laphizketa (Baxenabarre)

Jean bere anaiaren laguntzarekin, Argentinan Buenos-Aires hirian bizi zena, 15 000 euskal atzerriratuen bidaia antolatu zuen. 1896-1912 artean, Behaskane-Laphizketa (Baxe Nabarre) herriko auzapez egon zen. Lederna etxean, 1919an hil zen egoitzan, haren emigrazio eskuizkribu erregistroak aurkitu dira 1990 urteetan.

"Apheça" deitura

Aita, Jean Apheçarena, 1800 urte inguruan sortua, "Apheçarena" etxaldearen jabe zen, laborari eta hazi-saltzaile. Ama, Domintxaine-Berruetako Jeanne Larroque, Orrabehere deitua, 1800 urte irian sortua zen. 7 haur ukan zituzten, Marie Apeçarena (1823-1876), Guillaume Appeça (1828-1919), Marie Apessa (1831-1888), Elisabeth Apesça (1833-?), Gratieuse Apessa (1838-?), Pierre Apessa (1841-?) eta Jean Apeça (1846-?).

1921ean, Donapaleuko Auzitegi zibilak "Apheça" idazkera erabiltzea erabaki zuen, ordu arte modu ezberdinez idatzia zen deiturarentzat.

Emigrazio agentea

Agenteen kokapena 1890 inguruan
Agenteen kokapena 1890 inguruan

Askotan, emigrazio agentea harreman frango zaukan gizon ezaguna zen, gizarte bizian boteretsua.

Beste aktibitate profesional bat zeraman agentearen lanaz gain: Guillaume Apheça merkataria zen eta errentadun ontasun jabe. Behaskane-Laphizketako auzapeza izan zen ere (1896-1912).

Agente izaiteko, Laborantza eta Komertzio Ministeritzatik baimena lortzea ez zen errex, (1855eko eta 1860ko lege eta dekretua). Horretarako berme handia eskatua zen. Guillaume Apheçak 5 urte igurikatu behar izan zituen baimen hori ukaiteko.

Guillaume Apheçaren kasua interesgarria da, azpi-agente eta agente izan baitzen. 1856tik 1879ra, Bordeleko Colson agentziaren azpi-agente, 1880tik 1894ra aldi berean agente eta azpi-agente, eta 1895etik 1913ra, Colson agentziaren azpi-agente gisa ari izan zen.

Xehetasun gehiago, bereziki agenteen lanaz:

Guillaume eta Jean Apheça, partzuergoan ari

Bi anaiak elkarlanean ari ziren. Guillaume-k Donapaleutik kudeatzen zituen atzerriratze bidaiak. Jean, Buenos-Airesen bizi zen. Emigratu berriak errezebitzen zituen eta bidaiaren ordainketa jasotzen, epe labur edo ertainean. Guillaume Apheçak maileguak proposatzen ahal zituen, segur baitzen ordainketa ukaitea Jean bere anaiaren bitartez.

Apheça erregistroek argitzen digute Europatik Argentinara bi anaiek egiten zuten komertzioaz (kapelu, gerriko, xamar). Hots euskaldun atzerriratuen janzteko behar zen guzia.

Bitartekariak

Guillaume Aphezaren ordainagiria
Guillaume Aphezaren ordainagiria
Atzerriratze-agenteak hainbat bitartekari bazituen, gehienak merkatariak, ahal bezainbat eremu eta jende hunkitzeko gisan.

Guillaume Apheçak azpi-agente batzu bazituen: Atharratzeko Jérôme Maytie, Donibane Garaziko Etchebarne familia (Adolphe, Jean-Pierre).

Artxiboetan, gutun batzuk erakusten dute Guillaume eta Jean Apheçak bitartekariak bazituztela Argentinan ere, Rodes eta Hiriart, Rospide, Paguéguy. Bitartekari lanetan ere, Jean Chapar emigratua. Artxiboetan, André Hourcaden izena askotan agertzen da, eragin handia izan du G.Apheçaren ofizioan.

Beste emigrazio agenteak

1900ean, administrazio-inkesta bat agindu zuen Pirinio-Behereetako prefetak (1970az geroztik Pirinio-Atlantikoak bihurturik) Mauleko arrondizamenduan (Zuberoa eta Baxenabarreko probintziak), hau baitzen atzerriratu gehienik duen eremua. Mauleko suprefetak, agenteen eta azpi-agenteen zerrenda eman behar izan zion. Zerrenda horretatik, besteak beste, jakiten dugu:

  • Guillaume Apheça Bordeleko Colson agentziaren kondu ari zen beste azpi-agente batzu bezala: Jean Vigné, Grison Charles (Atharratze), Léon Inchauspe (Donibane Garazi).

  • Donazaharreko Fermin Iralour eta Arboti-Zohotako François Sallenave Bordeleko V.Depas agentziarentzat ari ziren.

  • Bildoze-Onizpeako Séhabiague eta Aldudeko Jauréguy, Pariseko Henri Zuber agentziarentzat.

  • Aldudeko Jean-Baptiste Monlong bi agentziendako ari zen: Pariseko Henri Zuber eta Bordeleko Sarasola.

Baliabideak
  • "Les archives de Guillaume Apheça, agent d'émigration". Maialen Irigoyen. Mémoire de Master 1, 2008.
  • Emigrazioa eta memoria Baigorriko haranean. Claude Mehats, 2009. Euskosare.org
  • Euskaldunen Argentina erakusketa www.eke.eus atarian.
  • "L'émigration basque en Argentine et les frères Apheça". Bulletin du Musée Basque, n°156, p.27-50, 2000. Dr Urrutybéhéty.