Kultura alor batzuen egituraketa eta garapena laguntzea

Euskal kulturaren alorrean, zainketan, transmisioan, hedapenean eta sorkuntzan orokorki lan egiteaz gain, sail jakin batzuetako egituraketa eta garapena bete-betean EKE-ren misioetan dira.

13R3P/Itzuli Konpaniak - Behin Bazen Internet © DR
13R3P/Itzuli Konpaniak - Behin Bazen Internet © DR
Zinema, dantza, antzerkia, gazteendako arte eszenikoak, bertsularitza eta literatura: jarraipen berezia duten alorrak

Badu jadanik zenbait urte kultur alor batzuek sostengu berezia badutela EKE-ren ganik eta lehentasuna badutela bere ekintzetan:

  • Lurralde mailako errepertorioko film egitarauak sustatzeaz gain, Gabarra Films-ekin, EKE-k azkarki parte hartzen du euskal zinemaren banaketaren hobetzean eta iraunkortzean, bai Euskal Herrian, bai Aktitania-Berria eskualde mailan, bai Frantzia mailan ere. Hastapenetik, EKE lurraldeko ustiatzaileekin egin hurbileko lanaren alde izan da. Lan horri esker, filmak hobeki eta denbora gehiagoz ibiltzen dira geletan. Bestalde, film horien inguruko animazioaren koordinazioa ere egiten da.
  • 2014az geroz, EKE osoki engaiatu da Iparraldeko Dantzarien Biltzarraren ondoan euskal dantza ondare horren balorizazioa, transmisioa eta sorkuntza kontutan hartzen dituen eskema federatzaile berri baten inguruan egituratzeko. Bere proiektua 2015ean ontzat eman izan denetik, IDB etengabe ari da lurralde mailako euskal dantzaren praktikaren aldeko ekintzak eta dispositiboak proposatzen, iraunarazten eta hobetzen.
  • Antzerki sailan, Ibilki programarekin, EKE-k bultzada berri bat ematen dio euskarazko antzerkiari, haren publikoa berritzen eta lurralde mailako programatzaileen sare bat sortzen du, euskal antzerkiaren alde engaiatuak diren hamar bat toki bilduz.
  • Antzerki sailari mugatu gabe, azken urteotan EKE-k haurrendako euskarazko eskaintza zabaldu eta aberastu nahi ukan du arte eszenikoen alorrean. KIMU programak hori lortzeko aukera eskaintzen du. Dispositibo horri esker, ikusgarrigintzan ari diren eragile euskaldun batzuek kalitatezko formakuntza ibilbide egokitua ukan dezakete.
  • Bertsularitzari dagokionez, EKE osoki engaiatua da horren sustapenean, hedapenean eta garapenean, Bertsularien Lagunak elkartea diruztatuz.
  • Azkenik, literatura mailan, oraindik gauza anitz gelditzen badira ere egiteko, EKE-k sustapenaren eta sorkuntzaren aldeko dispositibo bat baino gehiago kudeatzen ditu: iparraldeko argitaletxeak laguntzen ditu Durangoko Azokan parte har dezaten, "EKE-Elkar literatura beka" literatura sorkuntza sustatzen du, bai eta Hendaiako Nekatoenean iragaiten den literatura sorkuntza egonaldirako deialdia ere.

Bilaka Konpainia Biarritzen (2018) © Olivier Houeix
Bilaka Konpainia Biarritzen (2018) © Olivier Houeix
Ohiko kantu eta musikak: ikertzeko alorrak

Alor batzuek laguntza bereziak baldin badituzte ere, beste batzuk ikertzeko gelditzen dira:

EKE-k lan dinamika bat abiaraziko du koruen federazioa, elkarteak, pertsona lagungarriak eta instituzio publikoak bilduz, koru kantuaren egituraketa eta garapenerako estrategia orokor bat eraikitzeko asmoz.

  • Ondoko hilabeteetan, EKE-k euskal kantugintzari buruzko gogoeta bat eraman nahi luke, bereziki transmisioaren, berreskurapenaren eta sorkuntzaren alorretan. Alor hori biziki zabala izanik, hastapen batean koru kantuari lehentasuna emana izanen zaio, ipar Euskal Herrian egiazko lan sakona behar baitu errepertorioaren berritzeari eta kantarien gaztetzeari dagokienez. Horretarako, EKE-k lan dinamika bat abiaraziko du koruen federazioa, elkarteak, pertsona lagungarriak (koru zuzendariak, musikagileak, artistak, etab.) eta instituzio publikoak, hala nola Maurice Ravel kontserbatorioa bilduz, koru kantuaren egituraketa eta garapenerako estrategia orokor bat eraikitzeko asmoz.
  • Orain dela zenbait urte, eragileak eta ohiko euskal dantzen eta musiken alde garatu ekintzak sinergian emateko eraman gogoeta baten ondotik, Herri Soinu eta IDB elkarteak elkartu dira Ohiko Musiken eta Dantzen Baliabide Zentro baten sortzeko. Instituzioek desmartxa hori sustatzen dute eta gidaritza batzorde bat sortu da (Euskal Hirigune Elkargoa, Uztaritzeko Herriko Etxea, EKE, Ohiko Musika eta Dantza Elkarteeen Federazioa). 2017ko abenduaren 19an, Iturburua izeneko prefigurazio elkartea sortu da. Zentro horren egingarritasuna aztertu behar du, kultura proiektua idatzi eta formalizatu. EKE-k proiektu federatzaile honen sortzea sostengatu eta bere jakinduria ekartzen dio, honen helburu nagusia ohiko euskal dantzen eta musiken mundua egituratzea delarik, ekintzak eraginkorragoak eta koherenteagoak izan daitezen, eragileen artean elkarrekintza gehiago izan dadin eta abiaturiko desmartxek zentzu gehiago ukan dezaten.

 

Gehiago jakin