Maialen Akizu Bidegain, Nekatoeneako literatura sorkuntza egonaldiaren irabazle berria
2021eko azaroaren 2an hasi eta hilabete batez, idazlea, bertsolaria eta ikerlaria den Maialen Akizu Bidegain Hendaiako Nekatoenea etxean egonen da. Alabaina, Abbadia Eremuko Nekatoenean urtero euskarazko literatura sorkuntza egonaldi bat antolatzen duten Euskal kultur erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak, bere hautagaitza onartu dute, Elkano Fundazioaren oniritziarekin.
Hamaikagarren urtez jarraian, euskal idazle batek parte hartuko du Euskal kultur erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak proposatzen duten euskarazko literatura sorkuntza egonaldian. Idazketa proiektua baldintza hoberenetan burutzeko, hiru partaide sortzaileek baliabide ekonomikoak eta logistikoak eskaintzen dizkiote saridunari. Ekimen honen bidez, helburua euskal literatura sorkuntza sostengatzea eta bultzatzea da.
Iaztik, Getariako Elkano Fundazioak proiektuarekin bat egin du, hiru urterentzat. Horrela, egonaldi honek, Juan Sebastian Elkano euskal esploratzailea eta marinel ospetsua berriz ere nabarmentzeko aukera eskainiko du, munduko lehen itzuliaren 500. urtemugaren karietara.
Egitura bakoitzeko ordezkari batez osatua den epaimahaiak, egonaldia eta horrekin doan dirulaguntza Maialen Akizu Bidegain sortzaileari ematea erabaki zuen aho batez. Sortzez Urretxuarra (Gipuzkoa), 25 urteko autore, bertsolari eta ikerlari hau doktoretza egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitateko Antropologia Feminista Ikerketa taldean. Bere ikergaiak kulturgintzari eta generoari buruzkoak dira.
Nahia Zubeldia aitzineko irabazleak 2020an egin bezala, Maialen Akizu Bidegain hilabete batez egonen da Hendaiako Abbadia Eremuko Nekatoenean, 2021eko azaroaren 2tik 27ra. Ziurgabetasunaren, sorpresaren eta asmaezinaren inguruan, literatura genero anitz nahasten dituen lan hibrido baten lantzeko xedea du.
Xehetasunak
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)