Nekatoeneako literatura sorkuntza egonaldirako deialdi berria abian da

2021/04/09

Hamaikagarren urtez jarraian, Euskal kultur erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak euskarazko literatura sorkuntza egonaldi bat proposatzen dute Abbadia Eremuko Nekatoenean. Egonaldia euskal autore guziei zuzendua da. Hautagaitza aurkezteko epea: 2021eko ekainaren 15a.

Nekatoeneako literatura sorkuntza egonaldirako deialdi berria abian da
Abbadia Eremuko Nekatoenea egonaldi tokia © Jakes Larre (EKE)

Euskal literatura sorkuntza sostengatzeko asmoarekin, Euskal kultur erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak, beren baliabideak eta gaitasunak bateratzen dituzte aurten ere euskal idazle egonaldiaren antolatzeko Abbadia Eremuko Nekatoenean.

2020an gertatu zen bezala, aurten ere hiru partaide sortzaileek Getariako Elkano Fundazioaren partaidetzaren gainean kontatzen ahalko dute gainera. Horrela, hamaikagarren egonaldi hau, Juan Sebastian Elkano euskal esploratzailea eta marinel ospetsua nabarmentzeko aukera izanen da berriz ere munduko lehen itzuliaren 500 urtemugaren karietara.

Deialdia euskaraz idazten duten horizonte guzietako autoreei zuzendua da. Literatura generoaren hautua libre uzten bada ere (ipuina, eleberri laburra, poesia, komikia, antzerkia, bertsoa, alegia, erran zaharra, …), literatura sorkuntzak Juan Sebastian Elkanoren pertsonaiarekin lotua den gai bat edo gehiago jorratu beharko ditu: nabigazioa, esplorazioa, aurkikuntza, kartografia, astronomia, ontzigintza, … Bestalde, publiko gazteari zuzendutako proposamenak begi onez ikusiak izanen dira.

2021eko urriaren eta abenduaren artean, hilabete batez Abbadia Eremuko Nekatoenea etxean apartamendu bat beretako izateaz gain, autoreak 1 500 euroko dirulaguntza ukanen du. Egonaldia bukatu eta, topaketak aurreikusiak dira Hendaian eta Getarian bereziki autorearekin. Hautagaiek ekainaren 15a arte dute heien burua aurkezteko.

Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)