EKE-k euskal zinemaren hedapena laguntzen du

2020/10/12

Sartze honetan, euskal zinemaren dinamismoa agertzen da, ipar Euskal Herrian hainbat film aurkezten ari direlarik iraila eta abendua artean. Euskal zinemaren hedapenaren alde duen misioa kari, Euskal kultur erakundea ekitaldi anitzetan bultzatzaile eta partaide da.

EKE-k euskal zinemaren hedapena laguntzen du

Dantza, antzerki edo literatura arloetan bezala, urte batzuk badira Euskal kultur erakundeak euskal zinemaren aldeko engaiamendu azkar bat erakusten duela. Konkretuki, hedapenerako ekartzen duen laguntza, zinema festibaletan edo euskal zineari dedikatu gaualdietan zuzentzen du, publikoen eta filma egileen arteko topaketak sustatzeko asmoz.

Urtetik urtera, Euskal zinemaren kalitatea gero eta altuagoa da, eta hori ikusten da urte bukaera arte hedatzen diren filmekin.

Hara non, irailaren 9tik 11ra Baionan iragan den « Rencontres sur les Docks » festibala kari, Jon Garaño film egilearen La Trinchera Infinita filmaren aurre estreinaldiaren aurkezpena lagundua izan da (Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagarekin zuzendutako film hori urriaren 28tik goiti zinema geletan banatua izanen da). Molde berean, Lander Garro kazetariaren eta publikoaren arteko topaketa sustatu egin da, zuzendu duen Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentalaren inguruan. Hain zuzen ere, film horren aurkezpen birak EKE-ren laguntza jaso du (ikus emanaldien agenda).

Bestalde, urriaren 10ean, EKE Oskar Alegriaren Zumiriki filmaren estreinaldiaren partaide izan da ere. Nafartarraren harribitxi hori, Donibane Lohizuneko Sélect eta Mauleko Maule Baitha zinema geletan erakutsia izanen da azaroaren 16 eta 17an. Hazparneko « Zinegin » festibalean ere (azaroaren 27tik 29ra), filmaren ikusteko beste aukera bat izanen da. Emanaldi guzietan, zinemagileak solasaldiak eskainiko ditu.

Halaber, urriaren 30etik goiti, EKE-k Eugène Green zuzendariaren Atarrabi eta Mikelats filmaren aurkezpen bira sustatuko du. Gainera, emanaldiekin batera, Thierry Biscary, Maddi Oihenart eta Jérémie Garatek kantalditxoak proposatuko dituzte gaualdi berezi batzuetan, Baionan, Donibane Lohizunen eta Maulen.

Aipatzekoa ere, Lara Izaguirre zornotzar zinemagilearen Nora bigarren filmaren estreinaldia iragan dela Donibane Lohizuneko festibalean (urriaren 5etik 11ra). Filma datorren urteko udan hedatuko da.

2021eko urtarrilaren 6an hasiko den Pablo Agüero argentinar filmegilearen Akelarre filmaren banaketa, euskal zinemaren bizitasunaren beste froga bat da. EKE-k aurre-estreinaldiak sustatuko ditu abenduan zehar.

Bukatzeko, Aquitaine.eus programa kari (hau da Akitania-Berrian ipar Euskal Herriko, Euskadiko eta Nafarroako kultura eragileen mugikortasuna eta hedapena sustatzen duen programa), EKE-k euskal zinemari buruzko asteburu bat antolatzen du Bordaleko Utopia zinema gela ospetsuarekin azaroaren 13 eta 14an. Bertan, Oskar Alegriaren Zumiriki eta Koldo Almandozen Oreina filmak ikusgai izanen dira, bi zinemagileen presentzian. Azkenik, Euskadiko Filmategiaren zuzendaria den Joxean Fernández-ek Euskal zinema: zinemagileen hiru belaunaldi liburua aurkeztuko du ere.

Xehetasunak

  • Harremana: Frank Suarez (EKE) - frank.suarez@eke.eus / 05 59 93 38 76
  • Emanaldien agenda

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)