Txalaparta

Joxean Artzeren testu bat tresna honi buruz.

Joxean (José Antonio) eta Jexux, ARTZE anaiak, Gipuzkotarrak, txalapartaren maisu ukaezinak dira, Euskal Herri bakarraren musika ohitura bitxi hauena.

© Séverine Dabadie
© Séverine Dabadie
Txalaparta, izengabeko tresna hain zahar eta moderno honen soinua da : 4 zurezko ohol trinko, egur desberdinetakoak, musikariak, aurrez aurre, beren makilekin jotzen dutenak.

Txalaparta, zaldiaren lauhazka gogoratzen duen onomatopeia bat da ere.
Oinarrizko erritmoa da, hortik hasiz musikariak bat-batean asmatuz ariko dira, erritmo hontan berriz aurkituko dira bertze bide batean ibiltzeko. Eta lau zurezko ohol horietatik polierritmia ta polifonia harrigarriak ateratzen dituzte, zolitasun osoan.

Artze anaiak bezalako artistak baldin badira noski.

Joxeanentzat (gaur egungo euskal olerkari haundienetarik bat), txalaparta hau baino askoz gehiago da : «Txalaparta», isiltasun baten oihartzuna da, adierazkor bihurtu den isiltasuna : ibarraren bakartasuna bapatean zaldi bakartiaren lauhazkak zilatua, isiltasuna eta sosegua adierazkor bihurtzen dira.

Zaldiak bere lau zangoz lurra jotzen, bi txalapartari bere lau makilez zura jotzen: lurra, zura ta piztia izadiaren hiru erreinuak txalaparta jotzen duen gizakian bilduak.
Tresna emea da, bainan arra bere kantua :
Bertikaltasunak horizontaltasuna jotzen ; higidurak gelditasuna igarotzen ; arra ta emea elkartzen ; euriak lur idorrari bizia ematen ; denborak lekua hartzen: txalaparta.
Ttukun, ttukun, ttukun kun, kun ttukun tturrukuttun

Bere erritmoa nagusiki  zaldiaren lauhazkarena da, ta txalapartariak erritmo honen hastapeneko kadentzia bere bihotzaren taupadetatik ateratzen du.

Edozein zaldiaren lauhazka baino, txalapartak « zaldia »-ren lauhazka ordezkatu nahi du  zaldi-ereduarena   , espazioaren jeinua ; aurrehistoriako tindatzailearen gaia den zaldia, Santimamiñen, Altamiran edo Ekainen ; dantzariaren gaia Zuberoan, Berrizen edo Iruñean ; edo irrintzilariarena, irrintzia oihukatzen duenarena...
Txalapartak espazioan bizi den zaldi ibilkaria ordezkatzen du... Edo behar ba denboran bizi den zuhaitz geldia, zuhaitz hila, airean etzana, jokalarien kolpeek zuzpertarazi nahi dutena, adar berriak erantsiz ?

Enbor bat, lau makil, bi jokalari. Bat, lau, bi. Bainan badago beti hirugarren bat, mutua, soinu guziak zuzentzen dituena ; geldia, higidura osoa  eragiten duena : «tturrukuttun», txalaparta ohituraren oinarria. Tturrukuttun, horrek ezartzen du bi jokalarien arteko lotura ; horren bitartez elkar mintzo dira ; horren inguruan ari dira ; hortik joan eta hortarat itzultzen dira, tturrukuttun.

Txalaparta, bat-batekotasuna da. Gai zaharraren errotik kantu berriak sortzen dira, beti berriak ta beti berdingabeak, jokalariek ezin bait dute berriz eman.

"Gauza guziek mintzatzen zekiten denboran" [esaerak dion bezala], gizakiak gauza guzien hizkuntza ulertzen zuenean, ez zegoen txalaparta jo beharrik (ezta ere tindatu, dantzatu edo irrintziak bota beharrik), gauza guziekin bat egiten bait zuen, ez bait zegoen hutsunerik giza ta izadiaren artean. Orduan txalapartariak batasun galdu hau berriz bilatzen du zuhaitza jotzen duenean zaldia ordezkatuz, ta zaldia ordezkatzean nolazpait zaldia bihurtzen da...

Gaur egun gauzek mintzatzen ez dakite Edo behar ba gauzek erraten dutena gizakiak ez du ulertzen?