Euskal kantutegien egileak (1826-1946)

1826 eta 1946 artean euskal kantutegiak osatu zituzten biltzaileak aurkezten dizkigu hemen Jon Bagües musikologoak.

Juan Ignacio de Iztueta (1767-1845)

Juan Ignacio de Iztueta Zaldibian (Gipuzkoa) jaio zen 1767 urtean, eta bertan hil zen 1845an. Gaztetatik dantzari trebetasunagatik nabarmendu zen, eta aurrerago, Gipuzkoako dantza tradizionalen transmisore bihurtu zen. Bizitza gorabeheratsua izan zuen eta bere azken urteetan Gipuzkoari buruzko datuak biltzera dedikatu zen, eta haiekin Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia bere liburua argitaratu zen 1847 urtean, bera hil ondoren.


Jose Antonio Santesteban  (1835-1906)

Jose Antonio Santesteban Donostian jaio zen 1835ean. Bere aita Jose Juan Santestebanengandik, Santa Maria parrokiako organistarengandik, jaso zituen solfeoko, pianoko eta harmoniako lehen ikasketa musikalak. Bruselan eta Parisen zabaldu zituen musika ikasketak. "Casa Editorial de Santesteban" komertzioa sortu eta zuzendu zuen, eta bertan argitaratu zuen Colección de Aires Vascongados para canto y piano por J.A. Santesteban bilduma, 80 melodia harmonizatuz osatua. Organoko kontzertista karrera egin zuen, eta 1879an bere aitaren oinordekoa izan zen organista eta kaperako maisu lanetan. Bere argitaletxearekin Cantos y danzas tradicionales vascongados, eta Colección de Marchas, Bailes, Cantos Vascongados para piano bildumak argitaratu zituen


Pascal Lamazou  (1816-1878)

Pascal Lamazou 1816 urtean jaio zen Pauen eta 1878an hil. Musika ikasketak Pariseko kontserbatorioan burutu zituen, eta bere ibilbide profesionala irakasle eta abeslari gisa garatu zuen, Pariseko aretoetan batez ere.


Mme. de la Villéhélio (1827-1898)

Mme. de la Villéhélio, Julie Adrienne Carricaburu, Solako Chéraute gazteluan jaio zen 1827 urtean eta 1898an hil zen. Garai hartako ohiko heziketaz gain, andereñoen piano ikasketak barne, Agustin Chaho idazle ospetsuaren klase irakaskuntza pribatua jaso zuen. 1850 inguruan abestiak abeslarien eskutik zuzenean jaso zituen eta 1869 urtean Baionan argitaratu zituen.


Jean Dominique Julien Sallaberry (1837-1903)

Jean Dominique Julien Sallaberry 1837an jaio eta 1903an hil zen. Abokatu eta notario gisa aritu zen Maulen. Instrukzio Publikoko Ofiziala izan zen eta Conseil d'arrondissement eta Société de secours mutuels bezalako erakundeetako buru izan zen. Baina, batez ere, euskal tradizioak bildu eta biziberritzeko bere ahaleginengatik gogoratua da, 1893an Association Basque erakundean parte hartu zuelarik.


Jose Manterola (1849-1884)

Jose Manterola Donostian jaio zen 1849an, eta hiri berean hil zen 1884an, 35 urte besterik ez zituela. Euskal-Erria kultur aldizkariaren sortzailea izan zen 1880an, eta Diario de San Sebastián egunkariaren zuzendaria 1873-1876 bitartean.

Euskal tradizioen biziberritzearen bultzatzaile izan zen 1882an Lore Jokoen Konsistorioa antolatuz.


Julien Vinson (1843-1926)

Julien Vinson Parisen jaio zen 1843an eta Libournen hil 1926an. 1866 urtean Baionako Baso Ikuskatzaile Nagusi izendatu zuten, eta euskara ikasteari ekin zion. Artikulu ugariz gain, Essai d'une Bibliographie de la Langue Basque (1891-1898) eta Notice Bibliographique sur le Folk-Lore Basque lan garrantzitsuak argitaratu zituen.


Charles Bordes (1863-1909)

Charles Bordes 1863an La Roche-Corbon-en (Indre-et-Loire) jaio zen, eta Toulonen hil zen 1909an. Musikari bezala pianoan eta konposizioan trebatua, Pariseko Église Saint-Gervais-Saint-Protais-eko kapera maisua izan zen, eta bertan Chanteurs de Saint-Gervais ahots taldea sortu zuen. 1896 urtean Pariseko Schola Cantorum-en sortzaileetako bat izan zen, berpizkundeko eta barroko musika sakratuaren berpiztea bultzatu zuen hezkuntza erakundea.

Frantziako Hezkuntza Publikoaren Ministerioak Charles Bordes musikagileari 1889 eta 1890 urteetan Euskal Herriko abestiak biltzeko ikerketa-misioa agindu zion. Bere ikerketaren ondorioz, Bordesek Archives de la tradition basque, Euskal tradizioaren artxiboak bilduma sortu zuen, bere uztaren fruitua argitaratzeko. Horrela, pixkanaka, konpilazio hauek argitaratu zituen:

1891 – Archives de la tradition basque – Cent chansons populaires basques - Bildumaren aurkezpen koadernoa, genero desberdinak irudikatzen dituzten bost doinu biltzen dituena: kantu heroikoak, maitasunezkoak, satirikoak, moralak eta abestiak.

1891 – Dix cantiques populaires basques en dialecte souletin - Zuberoko hamar herri doinu

1891 – Douze Noëls populaires basques en dialecte souletin -Zuberoko hamabi gabon kanta

1891 – Douze chansons amoureuses du Pays Basque français - Amodiozko hamabi kanta

1897 – Uskal Noelen Lilia - Zuberoko hamabi gabon-kanta

1897 – Kantika espiritualak – 10 cantiques basques anciens en dialecto souletin - Zuberoako antzinako hamar doinu

1899 – “La Musique populaire des Basques”, La Tradition au Pays Basque liburuan jasotako 54 kantu eta dantza doinuak ditu.


Jean-Pierre Alberbide (1841-1905)

Jean-Pierre Alberbide Zaron (Nafarroa Beherea) jaio zen 1841ean eta Baionan hil 1905ean. 26 urterekin apaiztu zen, eta Hazparneko Elizbarrutiko Misiolarien Kongregazioko nagusi izatera iritsi zen. Belokeko abadiaren fundazioan parte hartu zuen eta Baionako katedraleko kanonigoa izan zen. Euskarazko testu erlijioso garrantzitsuen egilea da, hala nola Bokazionea edo Jainkoaren Deia, (1887), Erlisionea, Eskual Herriari dohazkon egiarik beharrenak (1890), edo Igandea edo Jaunaren Eguna (1895).


José María Echeverría Urruzola (1855-1946) - Juan Guimón (1865-1916)

José María Echeverría Urruzolak (Lasarte, 1855 - Donostia, 1946) piano ikasketak Madrilgo kontserbatorioan egin zituen. Irakaskuntzan aritu zen batez ere, eta hainbat obra instrumentalen egile ere izan zen. Juan Guimón (Donostia, 1865 - Donostia, 1916), Alemanian musika ikasketak egin ondoren, Donostiako Udal bandaren sortzailea eta zuzendaria izan zen 1887an. Donostiako musika-jardueraren dinamizatzailea, Euskal Batzarre Elkartearen sortzaileetako bat izan zen XIX. mendearen amaieran.


Bartolome Ertzilla (1863-1898)

Bartolome Ertzilla Durangon (Bizkaia) jaio zen 1863an, eta 1898an hil zen, 35 urterekin. Iparragirre Orfeoiaren eta Durangoko Udal bandaren zuzendaria izan zen. Hainbat lan konposatu zituen, erlijiosoak, besteak beste, hain herrikoia den Mesias sarritan ospetsua, bai eta pianorako eta bandarako obrak, amaitu gabe geratu zen zarzuela bat barne.

  • Euskal Kantutegia-Eusko Ikaskuntza: Ercilla, Bartolomé de
  • Gehiago irakurtzeko: Ander Berrojalbiz. “Bartolome Ertzilla, ahanzturaren paradoxak = Bartolomé de Ercilla, paradojas del olvido”. Bizkaiko Kanta bilduma. Durango: Silboberri Txistu Elkartea, 2013. Marian Díaz Gorriti; Carlos López Pardo. Bartolomé de Ertzilla 1863-1898: La primavera del artista. Durango, 2019.
  • Entzuteko adibideak: Bizkaitar kantak – Bartolomé de Ercilla – Javier de Solaun

Resurrección Mªde Azkue (1864-1951)

Resurrección Mª de Azkue Lekeition (Bizkaia) jaio zen 1864an eta Bilbon hil zen 87 urterekin 1951 urtean. Musika Gasteizko eta Salamancako seminarioetan, eta aurrerago José Sainz Basaberekin ikasi zuen. Oposizio bidez irabazi zuen Bizkaiko Foru Aldundiak sortutako Euskara Katedra, eta euskara ikertzea izan zen bere jarduerarik emankorrenetako bat, Hiztegi hirueleduna (1905-1906) edo Morfología Vasca (1925) bezalako lanak nabarmenduz. Musika erlijiosoa eta korala, hiru oratorio, sei zarzuela eta bi opera sortu zituen. Bere bizitzaren ahaleginetako haundi bat folklorea, bereziki musikala, ikertzea izan zen, eta 1890etik aurrerako kantu tradizionalak bildu zituen.

Kantutegien eta herri-kantuak dituzten obren argitalpenak:

  • 1901 – La música popular baskongada
  • 1921-1924 -Cancionero popular vasco (edizioa akonpainamentuarekin) [harmonizatutako 210 doinu]
  • 1922-1925 – Cancionero popular vasco (edizio manuala)(lehen edizioa)[1.001 doinu]
  • 1935-1947 – Euskalerriaren yakintza (Madrid: España Calpe)
  • 1968 – Cancionero popular vasco (edizio manuala) (2.edizioa) (Bilbao: La Gran Enciclopedia Vasca)
  • 1990 – Cancionero popular vasco (edizio manuala) (3. edición, J.A. Arana-Martija-ren hitzaurrea)(Bilbao: Euskaltzaindia)

Sébastien Hiriart

Sébastien Hiriart-ek argitaratutako kantutegian, Belokeko Apaizgaitegi Txikiko kapera maisua zela azaltzen da. Gaur egun, herri horretan kokatzen da monje beneditarren abadia.


Bilboko Euskal Gazteria Euzko Alderdi Jeltzalearen gazte-erakundea 

Bilboko Euskal Gazteria Euzko Alderdi Jeltzalearen gazte-erakunde gisa 1907 urtean ofizialdu zen. Bazkideei kultur eta kirol jarduerak eskaintzen zizkien batez ere. Kultur ekintzen artean dantza, antzerkia eta musika nabarmentzen ziren. Bizkaiko Eskualdeko Musika Batzordea kantu tradizionalak bildu eta aukeratzeaz arduratu zen.

  • Non kontsultatu: Euzkel Abestijak [Doinuen edizioa]
  • Euskal Kantutegia-Eusko Ikaskuntza: Euzkel Abestijak
  • Gehiago irakurtzeko: Nicolás Ruiz Descamps. “Juventud vasca de Bilbao durante la Restauración (1902-1923)”. Bidebarrieta, 24, 2013; Sabin Salaberri. “Jesús Guridi y Euzkel Abestijak”. Euskonews, 623, 2012.

Nehor eta Dufau

Christophe Dufau Donapaleun jaio zen 1888an, eta Baionan hil zen 1922an, 34 urte zituela. Medikua izan zen lanbidez. Jean Barbier Donibane Garazin jaio zen 1875ean eta 1931n hil zen Donapaleun, parroko kargua betetzen zuen herrian. Bere folklore lanak Nehor ezizenarekin sinatzen zituen.


Aita Donostia (1886-1956)

Aita Donostia Donostian hirian jaio zen 1886an. Bere izen laikoa José Gonzalo Zulaika Arregi zen. Oso gaztetatik euskal musikaren alde egindako itzelagatik “Aita Donostia” izengoitia jarri zioten.

Ismael Echazarra izan zen bere lehen irakaslea Lekarotzeko Ikastetxean. Bernardo de Gabiolarekin Donostian eta Adrià Esquerrá-rekin Bartzelonan sakondu zituen ikasketak. 1920an eta 1921ean, beregan eragin handia izan zuen Eugéne Coolsekin ikasi zuen Parisen. Teknika zaindu eta modernoz musika sakratuari arreta berezia eskaini bazion ere, orfeoirako euskal musikak eta pianorako Euskal Preludioek izan zuten arrakastarik handiena. Egin izan zituen lan etnomusikologikoengatik, euskal folklorearen eta beste hainbat gairen erakusle sakona bilakatu zen. Bere musika-lanekin hamabi liburuki argitaratu dira eta beste 10, musika eta literatur lanekin, horien artean Cancionero vasco bilduma nabarmenduz. Genero guztietako musika-lanak idatzi zituen. Lied-partitura ugari sortu zituen katalanez, gaztelaniaz, frantsesez eta euskaraz. Lekarotzen hil zen 1956 urtean.

Kantutegien edizioak, kantu tradizionalari buruzko honako artikuluak eta hitzaldiak biltzen dituzte:


Rodney Gallop (1901-1948)

Rodney Alexander Gallop 1901. urtean jaio zen Folkeston-en eta 1948an hil zen. Ikasketa eta lanbidez diplomatikoa, Foreing Officeko kide izan zen, bere lana Serbia, Grezia, Portugal, Mexiko eta Danimarkan garatuz. Tradizio herrikoiak eta dantza bere intereseko gaiak izanik, 1935ean Violet Alford-ekin batera International Folk Dance jaialdia antolatu zuen. 1923 eta 1928 bitartean Euskal Herrian hainbat egonaldi egin zituen, eta bertako ohiturak bildu eta aztertu zituen.


Florentin Vogel (1867-1955)

Florentin Vogel Alsaziako Plaffenheim herrian jaio zen 1867 urtean eta Donapaleun hil zen 1955ean. Widor eta Gigout organista ospetsuen ikaslea izan zen Parisen. 1890 urtean Donapaleuko Sainte-Madeleine elizako organista titular izendatu zuten. Euskal eta bearnotar herri tradizioen bilketan interesatua, Donapaleun bertan argitaratu zuen bere bildumaren zati handi bat.


Manuel Lekuona (1894-1987)

Manuel Lekuona 1894 urtean jaio zen Oiartzunen, eta bertan hil zen 1987an. Gasteizko apaizgaitegian egin zituen eliz-ikasketak, eta hogei urte geroago bertan eskolak eman zituen. Historia-liburu ugari idatzi zituen, bai elizakoak, bai Euskal Herriko arteari buruzkoak. Orohar, euskarazko tradizioa eta ahozko literatura ikertu zituen batez ere. Euskaltzainburu izan zen.


Piarres Lafitte & Paul Etchemendy

Pierre Lafitte Luhuson (Lapurdi) jaio zen 1901 urtean eta 1985ean hil zen Baionan. Belok eta Baionako apaiztegietan ikasketak egin ondoren, 1924an apaiztu zen eta 1926an Ustaritzen apaizgaitegiko irakasle izendatu zuten. Aintzina edo Herria bezalako aldizkarien sortzailea izan zen, euskal hizkuntza eta kulturaren aktibista bezala nabarmenduz. 1952an euskaltzain oso izendatu zuten.

Pierre Lafitterekin batera Paul Etchemendy apaiza, kantutegiaren alderdi musikalean laguntzaile gisa aritu zen.

  • Gehiago irakurtzeko: Aita Gabriel Lerchundi. Simples réflexions sur la chanson populaire basque suggérées par la parution du chansonnier "Kantuz" de MM. les abbés Lafitte et Etchemendy. In Gernika, nº 4 (1947), 655-677; Piarres Lafitte (EKE); Biografía de Pierres Lafitten Biografia (KMK Irakurketa Gida).

Gabriel Lerchundi (1908-1995)

Gabriel Lerchundi Ziburun jaio zen 1908 urtean eta Belokeko beneditarren komentuan hil zen 1995ean. Lazkao eta Uztaritzeko komentuetan egin zituen erlijio-ikasketak, eta 1932an apaiztu zen. Jerusalemgo Siriako erritu apaizgaitegira bidali zuten, eta baita Caracaseko San Jose komentura ere. Belokera itzuli zenean, euskarazko musika erlijiosoa biltzen eta aztertzen saiatu zen, baita euskal liturgia berritzen ere.