Michel Labéguerie (1921 - 1980)
Michel Labéguerie 1921ean sortu zen Uztaritzen eta gerla garaian 20 urte zituen. Jende guttik jakin arren, lehenik Uztaritzeko dantza taldeen sortzean parte hartu zuen 1930 urteetan eta gero Bordaleko euskal ikasle taldeenean ere bai.
Bestalde, Euskal museoko gazte Mintzaldi zikloaren kari, euskal dantzei buruzko mintzaldi bat eman zuen 1944ko otsailaren 21ean. Baina hori aitzin, 1942-43 urteetan Uztaritze inguruko kantu bilduma eder bat osatu zuen.
Orduan, harreman anitz bazituen euskal kultura herrikoiaren instituzionalisazioaren bi pertsona garrantzitsurekin : Aita Donostia eta Pierre Lafitte. Labéguerie kantu xaharrak ikertzen hasi zen lehen-lehenik. Ezagutza hori egin zuen erdibidean kokatuz, hots ikertzen zuen eta bizi zen giroan murgilduz - iturri nagusiak familia eta Uztariztarrak zituen - eta hortik aldenduz : kantuetaz idazten zituen azalpenak frangotan frantsez ziren eta kantuak partizioetan ezartzen zituen arau "ofizialetan" oinarrituz. Erdibide horretan kokatzen zen ikasle zelako Bordalen, denbora berean barnean eta kanpoan, bere kulturan aski sartua alderdi desberdinen ezagutzeko (adibidez, garrantzi handia ematen zien ostatu kantuei eta haien ingurumenari), eta aski urrun erlatibizatzeko eta kantu horiek idatzi behar zirela erabakitzeko.
Garrantzitsua da hori guzia jakitea, ulertzeko nola biltzaile-folklorista hau kantu-egile eta kantari bilakatu zen. Gu gira Euzkadiko ez da ex-nihilo sortu. Gauza bera erran genezake Labéguerie-ren bigarren inspirazio nagusiarentzat : bertsulariak. 1948ko Sarako bertsu saioari buruzko oharrek, bereziki bertsuen melodiak aipatzen dituztenek, lotura horren indarra erakusten dute. Euskalzaleen Biltzarreko lehendakari bezala, Michel Labéguerie-k bertsu saioak antolatzen zituen erregularki, orduan hoberenean ziren Xalbador ala Mattin bezalako bertsulari historiko batzuen ezagutza egiteko aukerarekin gainera.
Beraz, kantu politikoa sortu aitzin, Labéguerie-k bazekien euskal kantua zer zen. Gaztaroan ukan zituen hiru eragin nagusiak : kantu xaharrak, dantza eta bertsuak biziki baliagarriak izan zitzaizkion geroari begira. Labéguerie haustura baino gehiago transizioa izan zen. [] Bere agerraldiek ere transizio itxura zuten : tradizionalak gelditzen ziren. Alabaina, kantaldi gutti egiten zuen eta bereziki apairuen ondotik kantatzen zuen, Eskualzaleen Biltzarraren giroa epela zelarik. Bere kantuak berritzaileak ziren, bai musikaren aldetik, diskoetan grabatuak zirelako eta mezu abertzalea zutelako.
Iturriak
- "Kantuketan, l'univers du chant basque" - Denis Laborde (zuz) - Elkarlanean arg.
Xabier Itzaina-ren artikulua kantuaren eta politikaren arteko harremanetaz. - Xabier Itzainaren hitzaldia, "Mixel Labéguerie, egunsentia kantu doinu eta dantza biltzaile" (2022ko agorrila, Kanboko mediatekan - Kanaldude.eus)
- Michel Labéguerie - Mintzoak.eus ataria