1924. urteaz geroz, XVI. mendeko Dagourette etxea Baionako Euskal Museoaren egoitza da. Rafael Zulaikak donostiarrak duela bi urte hartu zuen museoaren zuzendaritza. Erakustoki enblematiko honen bisita egin dugu harekin, solairuz solairu.
Baionako Euskal museoak Euskal Herriari buruzko bilduma etnografiko nagusia gordetzen du. Itxiera tartea izan ondoan, 2001ean zaharberriturik berzabaldu da. 2000 objektu banatuak dira bertan 20 areto tematikotan. Erakusketa iraunkorraz gain, Baionako Euskal Museoak aldi bateko erakusketak, bai eta ere kultur animazio desberdinak eskaintzen ditu.
Horko kudeatzaile nagusia den Rafael Zulaika gidari (Donostiako San Telmo museoko zuzendaria izana), proposatzen dizuegu Baionako museo ezagun honen bisita egitea. 2009ko uztailean eskaini zigun elkarrizketaren pasarte batzu hautatu ditugu.
"Norbaitek bisita behere partetik hasten badu, aurkituko ditu hor hilarriak, hauek izanik gure ustez abiapuntu ederra, gu lurtar garen hortaz oroitarazi ; Lurra baino nunbait Zerua, beraz gorputza eta izpiritua biak batera Euskal Herrian garrantzitsuak izanik, gauzatu egiten baititu. Hortik pasako ginateke Amalurraren inguruan erakusten diren artzaintza, laborantza munduko tresnak, ehiza eta lurrak emaniko produkto batzuekin (ardoa, urdaiazpikoa, txokolata, etabar). Hor aipatuko dugu ere batzuetan klitxeak, estereotipo horiek agertzen direla museo guzietan eta Baionako Euskal Museoan ere bai".
"Gora joanik, lehen solairuan, etxearekin lotutako elementuak, izanik etxe tipologia edo etxe barruko tresneria, denetarik aurkituko da. Batzuetan permanente diren gure bildumak aberastu nahi izaten ditugu bestelako ekarpenekin : adibidez, areto bitan aurkezten ditugu Landesetako Samadet-en eginiko zeramika objektuak (platerak, iturriak, pitxarrak) bi urtez jabe batek utziak.
Ibilbidea jarraituz, badira lanbideak, komentatzea interesgarri dena, eta hauen emaitza : espartina, makila, artilea nola lantzen den. Horiek amaiera ematen diote etxearen inguruko areto horri".
"Bi ibaik zeharkatzen dute Baiona : Aturrik eta Errobik. Aturrin, bereziki, badira itsas untzien tipologia oso interesgarriak. Aurkezten dira, ez bakarrik maketetan, baizik eta piragua eta untzi baten bidez ere bai. Horiek museo barruan ikusteak beti ere erakarpen handia du. Gure asmoa liteke sinbolikoki gehiago lantzea, beste era batera, itsas untzi horiek eta Errobiko ura. Itsas historia zabala nolazbait adierazten dugu, hala nola balearen harrapatzearen inguruko objektuekin".
Baiona eta euskal kultura ; bi ardatz horiek nagusitzen dira museoan eta areto bat osorik eskaintzen zaio duela zenbait mende, 1700 inguruan Baionako itxuratzeari, « plan relief » maketa handi baten bidez. Hiria hoinbeste aldatu da non katedralaren erreferentzia ez baitago egun ikusten dugun bezala, aitortu behar dugu jendeak ez duela ederki eta errazki aurkitzen. Badakizue duela bi urte etorri naizela. Museoak garatu behar du, aldatu, hobetu, bizi behar du. Nere asmoa da Baionako maketa hori aldatzea, nunbait didaktikotasunaren aldetik, erakargarriago eta argiago izan dadin. Merkataritzari buruz ere beste areto bat badugu, adierazten duena Baionan bizi izan diren komunitate ainitzak. Adibidez judutarren presentzia, ekarpena eta garrantzia adierazten dugu beste areto baten bidez".
"Azken solairu honetara iganik, Euskal kulturarekin loturiko jaiak, kirolak eta erlijioa bere erritoekin ikusgai dira. Aldi bateko erakusketak direla eta, ez baitu Dagourette etxeak hainbat tokirik, kontserbadorearekin adostuta, kendu dugu XVIII., XIX. eta XX. mendeko Baionako eta Iparraldeko Historiaz genuena eta egokitu ditugu 300 m² aldi bateko erakusketa horiek behar den moduan aurkeztu ahal izateko".
"Louis eta Benjamin Gomez arkitektoak 1905-1959" erakusketa
"Uda huntan, bi erakusketa zeharo desberdin eskaintzen ditugu. Bata oso baionarra, Baionako kostaldea, Hendaiatik, Donibane Lohizunetik baita Landetara Hossegorrera doan itsasaldea hunkitzen duena. Baionan lanean jardutako bi anaien lana eta emaitza aurkezten da : Louis eta Benjamin Gomez arkitektoen 50 urte inguruko lana (1905-1959). Denetarik egin dituzte: eraikin publikoak baita aberastuen etxeak "villas" izenekoak. Baionako judutar komunitateko partaideak izanik ere, berez ezin ziteken esan euskal herritar zirenik ere. Baina "Art déco" izeneko estiloa, Frantzia osoan eta munduan jorratutakoa, haiek egokitu zuten hemen eta erregionalismo berri bat sortu "néo-basque" izeneko horren ardatz eta isla bihurturik. Gomezen arkitektura eta dekorazioa bihurtu zaigu guri ere geure-geurea. Berrikuntza bat zen, orain guretzako kultur tradizioa da. Hor aipatu nahi nuke Benjamin Gomezek erabilitako leloa : "Lehen hala, orain hola, gero ez dakit nola" hainbat ataburutan agertzen dena. "Lehen hala", bada tradizioa ; "orain hola" berritutako moldeekin et "gero ez dakit nola", ustez, nik hala ikusten dut, gazteei, etorriko direnei, sorkuntzari zabaltzen dizkio ateak : ez zaitez horretan gelditu eta egin ezazu zuk ere berria".
"Benetan udaldi hau oso aberatsa da bigarren erakusketa honen bidez. Euskal Kultur Erakundeak sortutako « Batekmila, Euskal munduak » guztiz aproposa da Baionako Euskal museoan aurkeztea. Okupatzen du 100 m²ko areto handi bat. Aberastu egiten du gure eskaintza, hasteko multimedian oinarritua baita, eta guk ez baitugu horrenbeste multimediarik aurkezten museoan. Horiek oso interesgarriak dira zenbait eduki espreski sorkuntzarekin lotuak baitira; ondare inmateriala, kantuaren ondarea, musikarena baita sorkuntza orokorrean, ikus-entzunezkoen bidez, oso interesgarriak bihurzen dira. Publikoa partaide da. Interaktiboa da. Udaldian interesgarria esaten nuen, zeren hizkuntzetan ele anitzekoa baita : euskaraz eta frantsesez gain, gazteleraz eta ingelesez ere bai.
"Espero dezagun hauen guzien bidez, hona etorriko diren bisitariek benetan hobeto ezagutzen ahalko dutela euskal kultura, eta haien burua ere aberasten ahalko dutela, ez bakarrik atzerritarrek, baina hemengoek ere. Askotan gertatzen baita hori: gu geuk ere ez dugula gure kultura ezagutzen.
Udan goizeko 10etatik 18:30ak arte, astelehenetik igandera bitartean eta jai egunetan ere museoa zabalik da. Beraz ez dezala inork ere zalantzarik eduki bai etxekok bai kanpotik etorritakok Baionako Euskal Museora etortzeko. Eta esan bezala, ez bakarrik erakusketak eta aretoak bisitatzera baizik eta noizean behin antolatzen ditugun animazioetan parte hartzera. Programa bada Euskal Museoaren webgunean : hitzaldiak izango dira, musika, taillerrak ere, bertsolariak, denetarik... Museoa bizi dadin hori da gure helburua".