Bidasoako bazterrak ongi ezagutzen ditu Maddi Ane Txoperenak (Hendaia, 1994). Hendaia eta Lesaka artean txikitatik bilintzi balantzan, zubilanak egiteko gaitasuna naturala du kazetari gazteak. Berrian irakurtzeagatik, bertsutan entzuteagatik edo unibertsitatean ikusteagatik ezaguna egiten zaizue haren izena. Laster liburutegian agertuko duen lanaz, hitz jolasez edota antropologiaz aritu zaigu Hendaiako mediatekan.
Jendaurrean edo idazluma eskuan, hitzekin jolastea gogoko duzu.
Bai, bada gustatzen zaidan zerbait hitzekin jolastea. Egia da nire buruan idatzia presenteago dagoela, beti iruditu zait ahozkoan askoz traketsago naizela. Bertso eskolan, gazte gaztetatik hasi ginen ere eta horrek eman zigun aukera bat hitzekin jolasteko; gainera, bertso eskola aisialdirako espazio bat eta lagunekin ongi pasatzeko gunea zen guretako. Horretan hasi nintzen hitzekin jolasten. Gero idatzizkoa beti izan da gustatu zaidan zerbait. Orain arte niretzako egiten nuen, idazteak laguntzen ninduelako asko, egunerokoetan, nire gauzak ateratzeko. Fikzioa sortzea ere gertatu zait noizbait, baina niretzako beti. Orduan bai hitzekin jolastea eta horrekin sortzea gustatzen zait.
Elkarrizketaren bideoa
Orain albiste laburretik idazlan luzera egin duzu jauzia.
Fikzioa idaztea betidanik gustatu izan zait. Duela aspaldi idatzi izan ditut ipuinak edo narrazio laburrak baina ez dut aukerarik izan edo ez naiz iñoiz animatu argitaratzera; egiten nuena zen lagunekin trukatu edo lagunei bidali. Duela urte batzuetatik aldiz, asmoa nuen lan luzeago bat egiteko, banuen ideia bat buruan bueltaka eta iaz justu jakin nuen Gazteluma bekarako jende bila zebiltzala, oso jende gutti aurkeztu zelako, edo inor ez. Orduan erabaki nuen kajoitik ateratzea neukan ideia hori, proiektutxo bat aurkeztu nuen eta burtsa eman zidaten; niretzat aukera paregabea izan da proiektu hori garatzeko eta horretan ibili naiz azken urtean.
Txikitatik edo nahiko gaztetatik sentitu nituen zapalkuntza ezberdinak, lehena euskaldun izateagatik.
Eleberri honen ideia azaltzeko, erran behar dut ni erdi Lesakarra eta erdi Hendaiarra naizela; familia dut Bortzirietan eta banekien ezagun batzuen eta familiakoen bitartez Bortzirietako eta Baztango emakumeak, 1940 eta 1960 hamarkaden artean ibili zirela neskato edo neskame gisa lanean, bai ipar Euskal Herrian bai eta Frantzian ere, batzuk Pariseraino joan ziren. Nire amatxi Donibane Lohitzunen ibili zen lanean. Ttipitatik, harreman handia dudanez amatxirekin, istorioa asko kontatzen zizkidan horri buruz eta pena ematen zidan hori ez jasotzeak, istorio horiek galtzeak. Ibili nintzen antropologiaren ikuspegitik zerbait egitekotan horri buruz baina ez nuen lortzen. Gaia landu nahi banuen ikerketa esparrutik, nire amatxi zein beste pertsona batzuk ez ziren hainbeste animatuko gauzak kontatzera. Orduan erabaki nuen literaturatik edo beste esparru batetik aurre egitea gaiari. Hori izan zen abiapuntua. Eleberriaren protagonista neska gazte bat da, Marie izeneko Donibane Lohitzuneko neska gaztea; Parisen ikasten du eta deskubritzen du bere amatxi ibili zela gaztetan neskato gisa lanean. Orduan hasten da bere amatxiren istoriatik tiraka eta eleberria izango litzateke, orainaren eta iraganaren artean, saltoka dabilen istorio bat, bi pertsonaia horien artean, labur errateko.
Antropologia ikasketak segitu dituzu bestalde.
17 urte nituenean deskubritu nuen antropologia existitzen zela eta hori ikasi behar nuela sartu zitzaidan buruan. Egia da ez nintzela animatu ez nindutelako bultzatu hortara; adin horretan galdetzen dizute zertako ikasi nahi duzu antropologia, zer lanbide izango duzun horrekin. Nonbait kanpoko presio batzuek atzera bota ninduten eta orduan euskal filologia ikasten hasi nintzen, baina laster ikusi nuen ez nuela hori nahi. Gero kazetaritzan lanean urte batzuk pasa ondoren, antropologiaren ideia hori oraindik buruan neraman eta azkenean erabaki nuen hori ikasten hastea. Zergatik gustatzen zaidan? Iruditzen zaidalako antropologiak gizarteari begiratzeko prisma oso interesgarria ematen duela, gizartearen sakonean dauden egiturei azalpenak ematen dizkien tresna egokia dela. Bestalde, adibide konkretuetan edo gizarteko gertakari txikietan jartzen du fokua eta gertakari txiki horiek aztertuz saiatzen da esplikatzen horren azpian dauden gauzak. Asko gustatzen zaidan metodo bat da.
Baina hedabideekiko harremana ez duzu eten.
Hedabideak ez dira komunikatzeko bakarrik, diskurtsoak, errealitate bat sortzeko gaitasuna ere badute.
Oso gazte hasi nintzen kazetaritzan, filologia uztea erabaki nuenean Berrian hasteko aukera bat atera zitzaidan, 19 urte nituen justu eta Baionako delegazioan 3 urte pasa nituen. Asko ikasi nuen; uste dut Berria eskola handi bat dela bai kazetaritza bai eta idazten ikasteko ere. Baina egia da pixka bat erreta bukatu nuela eta horregatik erabaki nuen ikasketei ekitea. Orain berriz sortu zait Berrian lan egiteko aukera, aldi honetan Andoaingo erredakzio nagusian, « Euskal Herria » sailean eta oso gustora nago. Egia da, kazetaritza gustatzen zait, idatzizko kazetaritza bereziki, niri idaztea gustatzen zaidalako eta horrek aukera hori ematen dizulako. Bestalde, tarte horretan, « Iritzi » sailean egon naiz astero kolaborazio bat egiten eta hori niretzako sekulako pribilegioa eta sekulako plaza izan da ere, aukera eman didalako, astean behin, nik nahi nuena idazteko, nire gogoetak plazaratzeko, iñolako filtrorik gabe, ez bazen nik nire buruari jartzen niona.
Zer iritzi duzu euskal hedabideen lanaz?
Niretzat hedabideak ez dira komunikatzeko tresna bat bakarrik, zentzu sinplean ulertuta, alegia informazioa jaso eta ematen duen zerbait. Diskurtsoak sortzeko tresna ere badira hedabideak eta errealitate bat irudikatzeko eta sortzeko gaitasuna ere badute. Frantses komunikabideak kontsumitzen badituzu, etengabe ari zaizkizu Frantziari buruzko berriak ematen; adibidez, hemen Sud-Ouest egunkaria irakurtzen baduzu, ari zaizu Euskal Herriaren parte bat, ipar Euskal Herria, Frantziako testuinguru batean kokatzen. Orduan, zuk jasotzen duzuna da hau Fantzia dela, eta horrelako beste gauza asko. Aldiz euskal komunikabide bat kontsumitzen baduzu eta gainera hedabide horrek ematen badizu Euskal Herriaren ikuspegi oso bat, horrek laguntzen dizu ere zure buruan Euskal Herri hori irudikatzen eta horrek berak errealitate bat sortzen du. Orduan iruditzen zait Euskal Herria bere 7 lurraldeekin aintzat hartzen duten hedabideak oso garantzitsuak direla, euskararentzat eta herri honen irudikapenarentzat. Bestaldetik ere euskararen normalizaziorako erabat beharrezkoak dira euskarazko hedabide guztiak, tokikoak ere nolaz ez.
Gazte mugimendua, euskara, presoen eskubideak, feminismoa… Bizitza borroka amaigabe bat da?
Niretzako beti izan da borroka bat mugak ezabatzen eta zubiak eraikitzen saiatzea bi alde horien artean.
Txikitatik edo nahiko gaztetatik uste dut sentitu nituela zapalkuntza ezberdinak. Lehena euskaldun izateagatik. Hendaian bizita, oso agerian gelditzen da hori eta ipar Euskal Herrian orohar euskara nola dagoen zapaldua eta baztertua oso txikitatik senditu nuen. Gero emakume bezala ere zapaldua sentitu nintzen oso gaztetatik eta horri erantzuteko eta aurre egiteko tresnarik onena borroka da. Gazte mugimenduak edo beste mugimendu batzuek ematen dizute horretarako aukera. Bi zapalkuntza horiez gain oso presente izan dudan bestea, ikuspegi nazionalarena edo herri ikuspegiarena da, izan ere Hendaian bizi izan naiz eta beti Lesakara bueltaka ibili naiz, orduan, niretzat oso naturala izan da muga deitzen duten hori zeharkatzea eta ez dut batere ongi bizi izan ikustea nola alde bateko zein besteko jendeak muga horri gehitzen dizkion muga psikologiko eta beste mila muga. Niretzako beti izan da borroka bat eta izango da, muga horiek ezabatzen eta zubiak eraikitzen saiatzea bi alde horien artean. Bestalde galdegin didazu egoera hobean gauden ala ez, egia erran ez dakit horri erantzuten, segurazki gauza batzuetan hobera eta bestetan aldiz okerrera egin dugu, baina arrazoiak beti hor daude zapalkuntza horiek hor dauden bitartean. Gero, borrokatzeko modu ezberdinak izan daitezke pertsona baten bizitzan zehar, baina nik uste esparru ezberdinetatik borrokan segitu behar dugula. Agian oso gazte zarenean gehiago ateratzen zaizu barrutik eta ekintzatik, ahal duzuna egiten saiatzen zara, iñor gutxietsi gabe. Gero ikusten duzu beste proiektu batzuk badirela, agian epe luzeagokoak, horretan laguntzen dizutenak. Adibidez Berrian lan egitea niretzako, berez, herriaren eraikuntzan oso inportantea den proiektu bat da, egunkari nazionala delako, euskara hutsean egiten dena, ikuspegi konkretu bat duena gai batzuen inguruan; guzti horregatik izan daiteke ere borrokatzeko esparru bat. Sorkuntza ere izan daiteke ideia batzuk plazaratzeko esparru bat, bakoitzak aurkitzen ditu bideak.
Zer diozu gazte gehien mobilizatzen duen ekologia gaiaz?
Kezkatzen nau behar bada, moda bat bihurtu ote den mugimendu ekologistarena.
Kezkatzen nau behar bada, moda bat bihurtu ote den mugimendu ekologistarena, ez dut erraiten ala denik bana iruditzen zait ekologiak lortuko duela bere helburua baldin eta bere sustraietan dauden arrazoiak gainditzen baditu eta hori sistema kapitalista da, argi eta garbi. Ez da jasangarria gaur egun munduan dugun bizi eredua eta eredu ekonomikoa orohar, eta hortik datoz dauden arazo guztiak eta iruditzen zait hori konpontzen ez dugun bitartean, bestea ere ez dela konponduko.
Zer erantzuten duzu nongoa zaren galdegiten dizutenean?
Niretzat beti da galdera deserosoa bereziki jendeak erantzun bat espero duelako eta nik ez daukadalako erantzun sinple bat galdera horri, nahiz eta galdera biziki sinplea den. Orduan, momentuaren arabera erantzungo dut gauza bat edo bestea eta denbora gehiago izanez gero, saiatzen naiz esplikatzen nire ibilbidea zein den. Gainera uste dut ez dugula asko gogoetatzen horren inguran zeren batzuetan erantzuten dut Hendaiakoa eta Lesakakoa naizela eta jendeak begiratzen zaitu aurpegi batekin erranez bat aukeratu behar duzula eta niretzat ez du zentzurik bat aukeratzeak biek esplikatzen dutelako nor naizen. Orduan niretzat Hendaiakoa eta Lesakakoa naiz eta nahiko nuke posible izatea hori erantzutea.
Eta jardunbide arloan, non kokatzen duzu zure burua?
Errango nuke momentu honetan naizela kazetari ofizioz eta bertsolari eta idazle afizioz. Hor ere ez zait iruditzen gauza bakarra izan behar duenik pertsona bat definitzen duena, orduan esparru horietan momentuen arabera eroso sentitzen naiz eta plazera da niretzako esparru guzti horietan lan edo aritu ahal izatea.
Zer iruditzen zaizu ondare immateriala?
Ondare immaterialak bere biziko garrantzia duela iruditzen zait. Berriki antropologia ikasketetan praktikan ibili naiz Labriten proiektuan, Nafarroan ondare immaterialaren bilketan aritzen den proiektu batean, zeinean jende zaharrari elkarrizketak egiten dizkieten, 20. mendeko ondare immaterial hori mantentzeko. Bideoz bada ere, oso garrantzitsua iduritzen zait baina ber denbora pena ere ematen dit izan ere iduritzen zait nahiz eta bideoan edo liburetan jaso, gauza batzuk galtzen zaizkigula bidean. Ahozko transmisio hori hainbeste mendeetan hain garrantzitsua izan dena, gizartearen aldaketekin galtzen ari dela uste dut. Ez bada interes berezi batengatik, ez dugu ohiturarik gure herriko zaharrekin hitz egiteko, Lesakan bertan adibidez iruditzen zait gauza asko galtzen ari direla, bai ohiturak baita ere hitz egiteko moduak eta iduritzen zait beharrezkoa dela gazteek horretan ere interesa edukitzea.
Kezkatzen nau pixka bat, sorkuntzari ematen ari zaion garrantzirik ezak.
Bertsolaritza munduan lan handia egiten da bilketarako. Billabonan Senpelar dokumentazio zentroa dago eta hor biltzen dituzte dauden bertso saioetako bideoak, audioak eta beste dokumentazioak idatzita. Bertze alde batetik, errango nuke bertsolaritzak eta bertso elkarteak egin duten lanari esker, ahozko tradizioaren transmisioan lan handia eta oso ona egin dela; ez naiz aditua horretan baina badakit bertso eskolen sorrerrarekin adibidez lortu dela bertsolaritza bizirik mantentzea eta errango nuke gauregun Euskal Herrian oso bizirik dagoen kultur espresio bat dela, aldatzen ari dena ere bai, baina aldaketa hori bera sanoa da. Azkenean tradizioa mantentzea ez da aurrekoek egin dutena den bezala erreproduzitzea baizik eta aldaketak sartuz, oinarria mantentzea eta beste gauzak aldatzea.
Zu zer moduz bertsogintzan?
Bertsolaritzarekin harreman nahiko korapilatsua izan dut. Txikitan hasi nintzen bertsotan eta 18 urte arte edo hor aritu nintzen. Egia da bere garaian leku askotatik deitzen zidatela kantatzeko eta gazteegi harrapatu ninduela sentsazioa dut, pixka bat erre egin nintzen momentu batean. Orduan uztea erabaki nuen momentu batez eta harreman guztia moztu nuen bertsularitzarekin, saio gutxi joaten nintzen entzutera ere. Orain, azken pare bat urteetan erabaki nuen berriz hastea, hain justu Nafarroako taldekako bertso txapelketaren harira atera nintzen berriz plazara eta bertso eskolara joaten hasi nintzen berriz. Orain da momentua errango nuke, aski ohartuki ari naizela bertsotan eta inoiz baino gehiago ari naizela gozatzen, badakidalako nora noan eta zertara noan. Oholtza ez da asko gustatzen zaidan espazioa; badakit nahiko kontra esankorra dirudi behar bada baina egia da, espazio publikoa arte horretan, nire barrenean korapilo asko mugitzen dira eta asko kostatzen zait oholtza gainera ateratzea, badakit ez duela ematen baina benetan nire barnean hori mugitzen da. Ez dut uste kasualitatea den eta horretan ere genero perspektibak badu zer erran. Uxue Alberdik duela gutxi atera duen Kontrako eztarritik (Susa 2019) liburuan oso ongi esplikatzen du zer gertatzen den emakume bertsolariaren kasuan errate baterako. Baina bada ere gozatzeko eta gustatzen zaidan eremu bat, orduan taldearen babesean eta nire buruarekin ariketa kontziente bat eginda, lortzen dut gaur egun gozatzea plazetan; orduan, oraingoz gustora.
Arzallus, Txoperena, Fernandez... Bidasoak, ur onak ditu bertsotan hartzeko?
Mugalde horretan egoteak, sormenaren alde zerbait berezia ematen duela dirudi, ikerketa bat merezi luke.
Galdetu didazu Bidasoa aldeak ba duen zerbait berezia bertsolariak sortzeko. Nik errango nuke zerbait zabalago, sorkuntzaren esparruan orohar iduritzen zait zerbait dagoela bai. Bururatzen zaidan bezala errango dut baina egia da beti iduritzen zait zerbait berezia dagoela, adibidez musika mailan, musika talde oso bereziak sortzen dira hemendik Bera herrian adibidez, sekulako talde andana daude, Hondarribia, Irun alde horretan ere. Mugalde horretan egoteak zerbait berezia ematen duela dirudi, ikerketa bat merezi luke agian.
Maddi Anek zer egiten du denbora librean?
Aisialdian lagunekin egoten gozatzen dut denak bezala, bestetik mendia ere asko gustatzen zait eta nahiko nukeen baino gutxiago joaten naiz denbora faltagatik. Gero irakurtzea da nire afiziorik handiena. Gainera idatzi nahi baduzu edo hizkuntzarekin gauzak egin nahi badituzu uste dut ezinbestekoa dela beste iturri batzuetatik jasotzea zuk sortu ahal izateko.
Aurrera joateko, zer da inportanteago? Atzera edo aurrera begiratzea?
Ez zaizkit asko gustatzen banaketa horiek, artifizialak iduritzen zaizkit, iragana, oraina, etorkizunaren arteko bereizketa, ez dakit ez ote den dena bat askotan. Oraina ezin duzu ulertu iragana ulertu gabe, eta nik uste dut pertsona bakoitza badela bere iragan propioaren produkto, ezin ditut bereizi biak eta beraz etorkizuna ere hortik dator eta hura orainean eraikitzen dugu. Gero nora begira gauden, egia da jende bat dago iraganean katramilatzen dena eta nostalgia batean bizi dena, ez zait batere interesgarria iruditzen hori. Iruditzen zait iragana oso inportantea dela, aitortu behar dela, baina aurrera begira erabili beharreko zerbait dela ere, motxila izan gabe.
Azkenik, galdegin ez dizudan zerbaiti erantzun nahi?
Kezkatzen nau pixkat, sorkuntzari ematen ari zaion garrantziarik ezak, eta ipar Euskal Herrian eta gazteen kasuan konkretuki. Iruditzen zait ez dela behar den bezala lantzen den esparrua, ez eskoletan ez eta orokorrean. Bertsolaritzak kasu horretan egin du ibilbide bat eta uste dut bide garrantsisua egiten ari dela. Baina idazketari doakionez adibidez ez zait iruditzen batere bultzatzen denik, jendeak jolas egin dezan horrekin, eskoletan besteak beste... Agian denei ez zaie gustatuko segurazki baina aukera asko ez zaizkie ematen gazteei esperimentzatzeko horrekin. Behintzat nire esperientzia izan da hori. Niri asko gustatzen zaidalako eta buru gogorra naizelako ere bai, hasi naiz horretan baina gustatuko litzaidake gehiago bultzatzea esparru horiek.