Hamargarren Gazteluma saria Maddi Ane Txoperenak irabazi du

2020/05/26

Maddi Ane Txoperenak irabazi du Euskal kultur erakundeak, Baionako Elkar argitaletxeak eta Elkar Fundazioak antolatu Gazteluma sariaren X. edizioa. Sari horrek, Iparraldeko idazle gazteak liburu bat idazten laguntzea du helburu, bai eta ondotik, liburua argitaratzea ere. Ene baitan bizi da deitzen da idazle gaztearen lehen liburua.

Hamargarren Gazteluma saria Maddi Ane Txoperenak irabazi du
Ene baitan bizi da, Maddi Ane Txoperenaren lehen eleberria

Euskal kultur erakundeak, Baionako Elkar argitaletxeak eta Elkar Fundazioak elkarturik abiatu zuten 2000. urtean Gazteluma saria. Bi urtetarik behin literatur sorkuntzarako lehiaketa hau zabaltzen dute, Iparraldeko gazteak euskaraz idaztera bultzatzeko asmoarekin eta lana argitaratzeko xedearekin. Deialdian edonork parte har dezake, 40 urtez petiko adina izanez gero. 3 000 euroko dirulaguntza ematen zaio, epaimahaiak hautatu duen eleberria edo ipuin bildumaren idazleari.

Maddi Ane Txoperenak du hamargarren edizio horren saria eramaten Ene baitan bizi da eleberriarekin. Ikasketak Parisen egiten dituen neska gazte baten eta Beran bizi den bere amatxiren arteko harremanean oinarritua, askotariko istorioak gurutzatzen dira Maddi Ane Txoperenaren lehen eleberrian: 1950.eko hamarkadan ipar Euskal Herrian eta Frantzian neskato ibilitako emakumeen errealitateak, lehengo eta oraingo maitasun eta desamodio istorioak, laneko sufrimenduak, gatazka politiko baten ondorengo testuinguru baten ezinak, amatxi-biloba eta alaba-guraso harreman korapilatsuak... Guzia etorkizunaren eta orainaren arteko zubi jolas batean.

Sinopsia

Aitari zerbait entzunik, amatxiren bizipenen gibeletik abiatzen da Marie, Donibane Lohizuneko gaztea, Parisko ikasketak bururatzeko egin behar duen azken memoria lanerako. Ez zaio erraza suertatuko, ordea, amatxik ez baitio nahi duena emanen, eta Mariek berak ere ez baitaki zeren bila dabilen, xuxen... Kutxa batean gotorturiko oroitzapen zatiak balira bezala jasoko ditu irakurleak Josefinaren gazte garaiko amets, pentsamendu eta bizi-minak, Marieren begiradapetik.

Eleberriaren lehen kapitulua irakurri.

Maddi Ane Txoperenaren elkarrizketaren pasarte bat

« Eleberri honen ideia azaltzeko, erran behar dut ni erdi Lesakarra eta erdi Hendaiarra naizela; familia dut Bortzirietan eta banekien ezagun batzuen eta familiakoen bitartez Bortzirietako eta Baztango emakumeak, 1940 eta 1960 hamarkaden artean ibili zirela neskato edo neskame gisa lanean, bai ipar Euskal Herrian bai eta Frantzian ere, batzuk Pariseraino joan ziren. Nire amatxi Donibane Lohitzunen ibili zen lanean. Ttipitatik, harreman handia dudanez amatxirekin, istorioa asko kontatzen zizkidan horri buruz eta pena ematen zidan hori ez jasotzeak, istorio horiek galtzeak. Ibili nintzen antropologiaren ikuspegitik zerbait egitekotan horri buruz baina ez nuen lortzen. Gaia landu nahi banuen ikerketa esparrutik, nire amatxi zein beste pertsona batzuk ez ziren hainbeste animatuko gauzak kontatzera. Orduan erabaki nuen literaturatik edo beste esparru batetik aurre egitea gaiari. Hori izan zen abiapuntua. »

Aitzineko Gazteluma edizioetako irabazleak

  • 2018: Girgileri Anderea, Maialen Hegi-Luku
  • 2016: Eta galtzen bagara, zer?, Egoitz Zelaia
  • 2014: Biribilgune, Katixa Dolharé-Caldumbide
  • 2012: Jaun Martin, Otalazt (Peio Jorajuria)
  • 2010: Gizaki bakartiak, Béatrice Urruspil
  • 2008: Saria ez zen banatu
  • 2006: Goizeko zazpiak, Nora Arbelbide
  • 2004: Skyroom, Ramuntxo Etxeberri
  • 2002: Anbroxio, Eneko Bidegain

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)