Terexa Lekumberri

Terexa Lekumberri

''Iparralde guztira zabalduko dugu gure ahozko ondarearen bilketa''

  • EKE
  • 2010-01-14
  • Hizkuntza: Euskara

Terexa Lekumberri etnologoa (1962, Ortzaize), ondare sailburua da Euskal kultur erakundean. 2007tik daraman ahozko ondare bilketaren lehen balorazioa sarean da www.eleketa.com webgunean. Bilketa honen eremua eta lan ardatz nagusiak azaltzen dizkigu.

Geroztik, 2010ean itsas ondareaz bildutako lekukotasunekin, multimedia erakusketa bat sortu du EKEk eta interneten honen balorazioa egin www.itsasturiak.com gunean.

Filosofia eta antropologia ikasketak

Ni hastapenetik literario bat izan niz, beraz letrendako, gizartearendako tirria ukan dut betidanik. Hasi niz unibertsitatean filosofia ikasketekin eta nolazpait iduritzen baitzitzautan ikasketa horiek luzamen konkretuago bat merexi zutela, antropologian segitu dut, antropologia doktorego bat prestatzeko. 1990An aurkeztu nuen ikerketa lan bat emazteeri buruz Baigorriko ibarran eta 1992an hasi niz Euskal kultur erakundean, duela 18 urte beraz. Garai hartan, erakundeak 2 urte zituen doi-doia.

 

Ipar Euskal Herriko ondarearen gidaliburua

Ainitz dei heldu zen hunat, erakasleen eta eskolen ganik, galdeginez ea EKEn bazakitenetz nor ari zen lanean harri borobiler buruz, Olentzerori buruz. Ondarea mailan hutsune bat baitzen, eni eskatu zautaten ondarearen gidaliburu baten egitea, elkarte, pertsona lagungarri, instituzio guzien zerrenda bilduko zituenak. Gidaliburu hori hor zen horiek publiko handiari ezagutarazteko baina ohartu ginen mendia kukutzen zuen proiektu bat zela, zeren ororen buru ondarea aktoreek, elkartek berek ez zuten elgar ezagutzen, administrazioak ere ez zituen batere ezagutzen. Gidaliburu horrek sortu zituen beste hainbat gauza, horietan ondare batzorde bat, ondare munduko aktore gehienak biltzen zituenak. 15 bat pertsonekin segitzen du biltzen gaurregun, hiruzpalau aldiz urtean. Hortarik ere sortu zen ene lan postua, ondare koordinatzaile gisa, nahi baduzu.

 

Elkarteei eta Herriko Etxeei laguntza

Nahiz eta hastapenetik Euskal kultur erakundean erran dugun guretzat ondarea ondare kulturala zela baina ere naturala, egia da ene lana gehiago mugatua dela ondare kulturalari. Lan bat egiten dut elkarteei buruz, beste bat Herriko Etxeei buruz. Elkarteekin egiten dutan lana, da gehien bat lotura egitea heien proeiktuen eta administrazioarekin. Usu, bakarti senditzen dira, eman dezagun Bordaleko Kultura zuzendaritzarekin harremanetan sartzea ez zaie errex, guretzat errexago da.
Herriko Etxeek gehienetan dei egiten daukute ondare balorapen proiektu bat badutelarik. Adibidez, Larzabaleko Herriko Etxeak nahi izan zuelarik Harri Borobilaren interprezio gune bat eraiki, sortu zuen aholkulari batzorde bat eta gu horren barne egon ginen. Berdin, Itsasuko Herriko Etxeak sortu duelarik « Ateka », herriaren interprezio gune bat, hor ere batzorde tekniko bat sortu zuen hainbat elkarte eta instituzioekin, gu hor ginen ere aholkulari gisa. Herriko Etxeak gehien bat proiektu mota horietan laguntzen ditugu baina beste egitasmo aski bereziak segitzen ditugu, hau da ondare xaharberritze proiektu batzu (Uztaritze, Ahetze,Lekorne). Adibidez, Uztaritzen eta Ahetzen latsarri erreberritze proiektuetan, latsarria erreberritzen duten gazteak sentsibilizatzen ditugu ondareari buruz Herriko Etxeak eskaturik.

 

Memoria kolektiboaren bilketa

Bizpahiru egitasmo handi eraman ditu EKEk sail hortan. 2009an, departamenduak galdeginik egin dugu Ipar Euskal Herriko artxibo soinudunen inbentarioa, fondo horiek salbatzeko eta kontserbatzeko helburuarekin. Hogei fondo zerrendatu ditugu, baditake segur gehiago ere, baina lana segitzekoa izanen da. 12 000 ordu baino gehiago kondatu ditugu eta horietan batzu, (350 bat) arrunt estatu txarrean, beraz ikusten da holako lanaren beharra, urgentziazko neurriak hartu behar baitira lehen bai lehen.
Beste lan bat egin dugu ere Xiberuan Sü Azia elkartearen fondoari buruz. Baziren 400 oren Sü Aziak bildu grabaketak, numerizatzekoak eta trataturik gabe zaudenak. Lan hori Marie Hirigoyen etnomusikologoari eman ginuen.

 

''Eleketa'' bilketa

Hirugarren proiektu bat daramagu 2007tik hunat Euskal kultur erakundean, beti ahozko ondareari lotua, hasi gira adinetako jendeen lekukotasunak biltzen Baxe Nabarren eta orai Ipar Euskal Herri guzira hedatzeko asmoa dugu. Proiektu hori abiatu zen Goi Nafarroatik, Iruñeako Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Eusko Kultur fondazioaren eskutik. Galdegin zaukuten Baxenabarren bilketa egitea. Egitasmo hori zabaldu dugu eta eramanen dugu 2011 arte.
Biltzen dugun fondoa Pirineo-Atlantikoetako departamenduko artxiboetara joanen da, bereziki Baionan laster idekiko den artxibategira. Hortarako, ez dugu bakarrik biltzea egiten, hemengo lankide den Maite Deliart-ek fondo horren tratamendua lantzen du. Beraz fondo hori bilatu, ikus eta entzun nahiko duenak Baionako artxibo poloan, aurkituko ditu elkarrizketa bakoitxari doazkion xehetasunak.
Lekukotasunak filmatuak dira, hori da berritasun handia. Egia da gure ahozko bilketa ez dela gurekin hasi, euskal irratiek aspalditik egiten dute lekukotasun bilketa. Proiektu horren berezitasuna da jendeen oroitzapena hor dugula beren irudiarekin. Artxibategian, deneei zuzendua den bilketa hau kontserbatze baldintza hoberenetan zaindua izanen da memoriaren transmizioa segurtatzeko.

 

Lehen balorazioa Donapaleun eta sarean

Aipatu dugu biltzea eta artxibatzea baina altxor horren hedatzea eta ezagutaraztea da gure hirugarren helburu nagusia. Bilketa Amikuzen abiatu baitzen eta baiginituen 35 bat lekuko han grabatuak, nahi ginuen bilketa tokiko jendeari erakutsi eta eskaini. Erakusketa interaktibo bat muntatu dugu Donapaleuko mediatekan ikusgai dena urtarrilaren 16a arte eta ideia emaiten du pixka bat tratatu ditugun gai guzietaz (72 bideozati). Joan den abenduaren 21etik ere ikusgai dira www.eleketa.com atarian.

 

Itsas ondarea, zapatagintza eta Xiberoako ohidurak

Orai arte nagusiki Baxenabarren ari izan gira, salbuespen bakar batekin, Itsasun Herriko Etxeak eta Xabier Itzainak egin dituzten 10 grabaketak baloratu baititugu. Aldiz 2010 an bereziki erabaki dugu itsas ondarearen gaia barnatzea. Ibiliko gira Donibane Lohizune, Ziburu, Baiona eta Aturri-Behereko eskualdeetan. Beraz hor itsas ondarearen memoria zilatu eta bildu nahi dugu. Bildu nahi ginuzke ere Hazparne aldeko zapatagintzaren oroitzapenak. Xiberoan grabaketa bat egin ginuen 2009an, mendi abelzaintzari buruz, mendietako artzain sistimaz; beste gai berezi batzu ere zilatzen hasi nahi ginuzke 2010ean, horietan dantza, kantua, Maule inguruan izan den industria. Horiek denak erraiteko, nahiz Amikuze utzi-eta segitzen dugun Iholdi-Oztibarre aldean, Baxenabarretik ateratuko gira Lapurdira eta Xiberora buruz.

Elkarrizketa gehiago

Urtzi Etxeberria

Urtzi Etxeberria

"Hizkuntzaren esanahia ikertzen duen atalean ari naiz lanean, hau da norbaitek esaldi bat botatzen duenean, hura nola interpretatzen edo ulertzen dugun"

Sabine Cazenave

Sabine Cazenave

"Museoa horretarako da, haria ez apurtzeko, iragana, oraina eta deus ez dakigun etorkizunaren artean, eragile tinkatua da"

Pablo Martikorena

Pablo Martikorena

"Bertzearekin truka daiteke, norbera desnaturalizatu gabe"

Marie Landelle

Marie Landelle

"Ondarearen dibulgazioa, eguneroko desafioa da"

Elkarrizketa gehiago