"Itsasturiak" erakusketa

Euskal kultur erakundeak ekoizten duen "Itsasturiak" izeneko erakusketak itsas munduaren inguruko lekukotasun berri bat eskaintzen du, Donibane Lohizune - Ziburuko marinelen bizia multimediaren bidez kondatuz.

Erakusketaren afitxa
Erakusketaren afitxa
Hiru hizkuntzatan (euskaraz, frantsesez eta gazteleraz) itsas mundua barne-barnetik sendiarazteko xedea dauka, erakusketan entzun eta ikusgai diren lekukotasunen bitartez : hirurogeita hamabi filma-zati, sei orduko grabaketa, denek aipatzen dituztelarik  portuaren eta arrantzaren inguruko istorioak. Hauen artean, arrantzaleak berak, bainan ere haien emazteak, arrain-saltzaileak, edo berdin itsasontzietan zoazen erizainak.

Lekukotasun horiek norberaren erritmoan gozatzekoak dira. Izan ere lekukoek utzitako argazkiak edo berdin tokian-tokiko arrantzari buruzko bideo-dokumentalak aplikazio elkarreragile batzuen bidez kontsultagarri dira.

Gure euskal ondarea osatzen duen itsasturien mundua - mundu dorpea bezain miresgarria - ezagutzeko parada ezin hobea. ...

"Itsasturiak" erakusketa Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrarekin partaidetzan egina izan da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Caisse d'Epargne Banketxearen eta Arrantzaren Europako Fondoaren dirulaguntzarekin.

Xehetasunak

Testuingurua

Donibane Lohizunen eta Ziburun, Euskal Herriko portu guzietan bezala, azken hamar urte hauetako arrantzaren gainbeherak gogoa eman die tokiko eragile batzuei euskal itsas ondarearen alde obratzeko.

Eragile horien artean ondokoak aipa ditzakegu: Itsas Begia elkartea, 30 urtez geroztik euskal itsas kultura baloratzeko ekintzak eramaten dituena; Itsas misioaren tokiko adarra, itsas munduan presentzia iraunkorra segurtatzen duena ; Itsas Gazteria elkartea, itsas heziketa mota guziak lantzen dituena.

Elkarte horiekiko partaidetzak indarturik (EKEk 20 urte daramatza
Itsas Begia elkartearekin tokiko itsas ondarea baloratzen duten proiektuak lantzen), eta bere "Eleketa" bilketa-proiektua lurraldeko beharren zerbitzura ezarri nahian, Euskal kultur erakundeak erabaki du itsas oroimenari buruzko lan berezi bat eramatea. Tokiko elkarteekin kontzertazioan eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorraren obragintzalari zelarik,
Euskal kultur erakundea hasi zen, 2010 hasieran, hainbat itsas gizon-emazteren ahozko lekukotasunak biltzen (bideo grabaketak, hitzez eta irudiz josirik).

Arrantzale, arrantzaleen emazte, bitartekari, ontzigile, xaiko mutil, marinelen formatzaile, kontserbategiko langile edo saregile
horiek guziek berezitasun bera dute, hau da, XX. mendean zehar Donibane Lohizune/Ziburuko portuaren historian parte hartu zuten. Pertsona horiek, lekukotasunak emateaz gain, argazkiak eta postalak ere eman dituzte. Bildutako lekukotasun eta dokumentu horiek guziak erakutsi eta entzunarazi nahian, Euskal
kultur erakundeak, 2011ko irailean, "Itsasturiak" multimedia erakusketa ibiltaria estreinatu du.

Xedea eta edukiak

Erakusketaren gaia arrantzaren historia da, XX. mendearen hasieratik gaur egun arte. Arrantzaren historia eratu duten gizon-emazteak baloratzen ditu, giza-bilbe hori gida-haritzat hartuz. Erakusketaren ikuspegia ez da bakarrik historikoa: gaurko arrantzaren egoeraren berri ere ematen du.

Bilketaren esparruan elkarrizketatu lurraldeko 26 pertsonen ikus-entzunezko lekukotasunen zatiek osatzen dute erakusketaren ekai berezia.
Jatorrizko hizkuntzan (euskaraz) eskaintzen direnez, frantsesez ere transkribatuak dira multimedia aplikazio batzuen laguntzaz.
Lekukotasun horiek kontsultagarri dira hainbat ukimen tresna elkarreragileren bidez. Artxibotegietako bideo-dokumentalek (INA Pyrénées, TVPI, Aldudarrak Bideo...) osatzen dituzte.

Gainera beren telefono mugikorrak baliatuz, internet konekzio bat erabiliz, bisitariek erakusgelan barreiatuak diren QR kodeak eskanea ditzakete sarean diren erakusketaren zonbait oroigarriren eskuratzeko (argazkiak, bideoak, lekukoen biografiak...).Ikus-entzunezko euskarri horien osagarri, hiru hizkuntzatan (euskara-frantsesa-gaztelera) idatzi panelak, irudiak (argazkiak, postalak…) eta bestelako osagaiak aurkitzen dira. Kuadro numerikoek eta beste aplikazio elkarreragile batzuk lekukoek utzitako dokumentuak eta potretak ikusteko parada eskaintzen dute, ahantzi gabe Itsas Gazteria elkarteak "Altxa Mutillak" aldizkarian argitaratutako hainbat argazki.

Eremuak gaika

Erakusketaren eremuko azalera 85 m²-koa da guttienez eta 6 moduloz osatua da :

  • 1. Moduloa: Arrantzalearen lanbidea
    Itsasturien eta hauen familien bizitza.
  • 2. Moduloa: Arrantza teknikak
    Arrantza teknika desberdinak eta harrapatutako espezieak: sardin arrantza, atun arrantza (herrestan, alezian, peita biziko arrantza, ingurasareko arrantza...), gaurko arrantzak (kanabera, bolintx, tresmail, tretza, arraste sare edo sare pelagikoarekiko arrantza).
  • 3. Moduloa: Itsasontzi mota desberdinak
    Erabilitako itsasontzi mota desberdinak eraikuntza tekniken bilakaeraren arabera.
  • 4. Moduloa: Portuko lanbideak
    Itsas lanbideak : saregileak, xaiko mutilak, kontserbategiko langileak, bitartekariak, ontzigileak, eta abar.
  • 5. Moduloa: Dakarreko arrantza
  • 6. Moduloa: Donibane Lohizuneko portuaren antolaketa
    Arrantza munduaren antolaketa sozial eta ekonomikoa: sindikatu eta kooperatiba mugimendua, zerbitzu soziala, itsas formakuntza, emazteen zeregina.

Egileak eta partaideak

Esker bereziak
Antton Goikoetxea, Mikel Epalza, François Gallet, Antton Ezeiza, Euskadiko Filmategia, INA Pyrénées, TVPI, Aldudarrak Bideo.
Argazkilariak

Sébastien Husté, Pierre Baudier, François Gallet, Daniel Velez, Digital Graffic, Itsas Gazteria ("Altxa Mutillak" aldizkaria), CNPMEM - CLPMEM Bayonne - IMA, bilduma pribatuak.
Itzulpenak

Kattalin Totorika - Chelo de Bastida
Lantegiak
Digital Graffic, Aldudarrak Bideo, Dedo Multimedia, Elea.