Euskal kulturaren ataria : iritzi-inkesta baten emaitzak
Euskal kultur erakundeak albistegi elektroniko bat banatzen du astero emailez, asteko albistea eta agendako ondoko gertakarien aipamena zabalduz. Iritzi-inkesta bat eramana izan da zerbitzu hori baliatzen dutenei zuzenduz.
"Eke-berriak" albistegi edo newsletter-a 2005eko maiatzean igortzen hasi zen Euskal kultur erakundea. Edozoinek eskura lezake emailez euskal kulturaren inguruko agenda bat harpidetuz gero.
Bost urteren buruan iduritu zaigu garrantzitsua zerbitzu horren inguruko kontsulta baten egitea eta ondorioz iritzi-galdeketa bat igorria izan zaie harpidedunei 2010eko irail hastapenean.
Galdeketa horren helburu nagusia harpidedunen iritzia biltzea izan da bai newsletter-aren igorketa-maiztasunari begira baita ere horren mamiari buruz eta orokorki www.eke.org atariari buruz iritzi batzuen biltzea.
Iritzi-galdeketaren betetzeko proposamena bidalia izan da frantsesezko newsletterari harpidetuak ziren 1027 jendei eta euskarazko boletinari harpidetuak ziren 1244 lagunei (2271 harpidedun orotara). Mezuak eta galderak berdinak ziren frantsesezko eta euskarazko inkestan.
Galderak honako hauek ziren :
- Euskal kulturaren Iparralderako agenda banatzen duen EKE-Berriak boletina elektronikoa gustukoa duzu?
- Iduritzen bazaizu hobetzen ahal genukela zerbitzu hau, nola egin genezake?
- Zein maiztasunarekin eskuratu nahi zenuke boletina?
- Zer diozu www.eke.org atariaz?
Euskarazko boletina eskuratzen duten 70 pertsonek erantzun dute (euskal harpidedunen %7) eta frantsesezkoa eskuratzen duten 95 jendek (frantses harpidedunen %10,5).
Ondoko grafikoek euskal harpidedunen emaitzak laburbiltzen dituzte. Frantses harpidedunenak oso antzekoak dira.
Galderei erantzuteaz gain anitzek emaitzak atzertzeko baliagarriak izan diren oharrak utzi dituzte ere.
Orohar jendeak preziatzen du Euskal kultur erakundeak egiten duen sintesia lana (oraino hobetzekoa bada ere : gertakari gehiago sartzea, goizago sartzea...) eta www.eke.org atariaz duen iritzia ona da.
Harpidedunen erantzunei interesatzen bagira, argi da irakurle gehienek eskatzen diotela boletinari euskal kulturari mugatzea agendako gertakariak hautatzeko orduan.
Haatik gehiengo batek gustukoa luke ere Hegoaldeko euskal kulturaren inguruko gertakari nagusien berri izatea. Gehiengo zabal batek preziatzen du ere gaurko igorketa maiztasuna, hau da albistegia emailez astean behin eskuratzea.
Boletinaren aberastea (diseinua, edukiak...) edo bere horretan uztea eztabaidatzekoa da. Izan ere nabari da irakurlek gehien preziatzen dutena boletinaren irakurgarritasuna eta xinpletasuna dela.
Euskal kultur erakundeak emaitza eta ohar guzi horiek bereganatuko ditu www.eke.org euskal kulturaren atariak eskaintzen duen zerbitzuaren hobetzeko ondoko hilabeteetan.
Xehetasunak: