Batekmila sorkuntza : arteen gurutzapenean

Batekmila ikusgarrian antzerkia, dantza eta kantua ederki gurutzatzen. Alor askotako artistak elkartzen dituen ikusgarri honi esker gure Euskal Herriko kondairek freskaldi bat ona biltzen dute !

Ikusgarriaren kartela / Affiche du spectacle
Ikusgarriaren kartela / Affiche du spectacle

Jean Barbier apaiz euskaltzale zenak eta Jean-François Cerquand Hezkuntza Nazionaleko ikuskari zenak bildu zituzten Euskal Herriko kondaira eta ipuin zenbait oinarritzat hartuz, Annette Vautrot idazleak eta Pascale Daniel-Lacombe zuzendariak antzerki moldean ezarri dituzte.

Théâtre du Rivage taldeko bederatzi antzerkilari, Ballet Biarritz Junior konpainiako hamabi dantzari eta Beñat Achiary kantari : hastetik buru, bada segur mugimendu taula gainean !

Basajaunaren eta Laminen ipuinak halaber herritarren arteko gertakari bitxiak antzerkiratuak dira. Erran nahi baita, elkarrizketak berriz landuak izan direla eta egoerak gaurkotuak, irri egiteko paradak ere eskainiz, jendeak zinez gustu eta plazer har dezan.

Batekmila sorkuntza - Création Batekmila
Batekmila sorkuntza - Création Batekmila

Batekmila ikusgarriaren zonbait antzezle (argazkia : Gaizka Iroz)

Kondairak ez dira hastetik buru oso-osoan kondatuak, baizik eta, keinu, jestu eta joko askoren bidez, alegia deusez, bata bestearen barnean nahasten dira eta horrek grazia berezia ematen dio obrari.

Teatroarekin batera, musikak eta dantzak ere garrantzia handia dute Batekmila ikusgarrian. "Zinta Dantza" gipuzkoar dantza ikusi ondoan, eta xingolen lotzea eta deslotzea irudimen gisa hartuz, Laurent Martin Paristar konpositoreak zerbait zinez berri asmatu du, soinu elektronikoak eta Beñat Achiaryren ahotsa uztartuz. Eta musika horren arabera Gaël Domenger koregrafo gazteak ballet bat sortu du, liluragarria.

Gure kondairak ahal bezainbat jendeek ddasta eta goza ditzaten, ikusgarria euskaraz eta frantsesez da, baina oroz gainetik, gorputzak dira mintzo, ikusgarriari  arima bat emanez.

Luhosoko ikusgarria (2005/XI/4-5)

 

Donostiako ikusgarria (2005/XII/17)