Iparraldeko egiturak Durangoko Azokaren 56. edizioan
2021eko abenduaren 4tik 8ra Durangoko Azokak bere 56. edizioa ospatuko du Bizkaitar hiriko Landako gunean. Gerediaga elkarte antolatzailearen eta Euskal kultur erakundearen artean 2006an abiatu partaidetzari esker, ipar Euskal Herriko egiturak eta ekoizpenak agerian ematen ditugu.
Nahiz eta mantendua izan, Durangoko Azokaren 56. edizioa ez-ohikoa izanen da. Izan ere, urte bukaera honetako osasun egoeraren okertzearekin, antolatzaileek euskal kulturaren hitzordu nagusi hori berriz pentsatu behar izan dute.
Gerediaga elkarteko koordinatzailea den Beñat Gaztelurrutiak nabarmendu duenez, "Gure helburu nagusia aurtengo Azoka segurua izatea da. Bisitari eta partehartzaile guztiak eroso sentitzea nahi dugu, euskal kulturaz modu seguruan gozatzea eta guztion osasuna lehenestea".
Kulturzaleek 990 berritasun izanen dituzte eskura aurtengo Durangoko Azokan, izan dadin Azokako online dendan abenduaren 3tik 7ra edo Landako gunean egonen diren 219 erakusmahaietan abenduaren 4tik 8ra (baitezpadakoa da aitzinetik izena durangokoazoka.eus webgunean ematea).
Euskal kultur erakundeak ematen duen dirulaguntza eta laguntza teknikoari esker (ikus. Ipar Euskal Herriko egiturek Durangoko Azokan laguntzeko programa), Iparraldeko argitaletxe eta diskoetxeak ez dira faltako. Aurten ere proposamen anitza izanen da eta kultur ekoizpen zabal bat aurkituko da: haur literatura, gaurko musikak, eleberriak, olerki bildumak, lekukotasunak, egutegi bat…
▶ Iparraldeko egituren 2021eko berritasunen katalogoa eskuratu (PDF)
Aurten, Iparraldetik hamahiru egitura izanen dira azokan: zazpi argitaletxe, bi diskoetxe eta autoekoizpen bat. Hiru bestelako egiturak osatuko dute panorama. Beste urteetan bezala, Elkar argitaletxearen Iparraldeko adarra Elkar talde osoaren baitan ordezkatua izanen da. Aipatzekoa da Xofaldia produkzioak egitura diskoetxeei eskainia den gunean egonen dela.
- Argitaletxeak: Elkar, Gatuzain, Ikas, Lako 16, Maiatz, Zortziko, ZTK
- Diskoetxeak: Belarri, Saroia
- Beste egiturak: Seaska, Hatsa elkartea, Xofaldia produkzioak
- Autoekoizpenak: Buru beltza elkartea
Bestalde, egin ohi den bezala, hainbat kultur ekitaldi, izan kontzertuak, liburu aurkezpenak edo mintzaldiak burutuko dira azoka denboran (kontzertuetan parte hartzeko baitezpadakoa da aitzinetik izena durangokoazoka.eus webgunean ematea). Gerediaga elkarte antolatzailearen eta Euskal kultur erakundearen artean 2006an abiatu partaidetzari esker, Iparraldeko egituren programazioa erraztua da Azokako gune ezberdinetan besteak beste. Halaber, Iparraldeko idazleak eta artistak ez dira faltako bost egunetan zehar (ikus agenda).
2021eko Durangoko Azoka zenbakitan
- 165 parte-hartzaile
- 990 berritasun: 733 liburu · 143 disko · 37 aldizkari · 77 bestelako ekoizpen (joko, agenda, egutegi…)
Ipar Euskal Herriko egituren ekoizpena Durangon, zenbakitan
- 13 erakusmahai
- 42 berritasun: 28 liburu · 3 disko-liburu · 7 disko · 4 bestelako ekoizpen (egutegi, agenda, aldizkari, kamishibaï)
- 14 kultur ekitaldi
Xehetasunak
- 2021eko Ipar Euskal Herriko ekoizpenen katalogoa (PDF)
- Durangoko azoka 2021: guneen planoa (PDF)
- Azokaren planoa (PDF)
- Iparraldeko mahaien kokapena (PDF)
- Ipar Euskal Herriko egiturek Durangoko Azokan parte har dezaten jarraipen programa
- Durangoko Azoka
- Harremana: Maia Etchandy (EKE) - maia.etchandy@eke.eus / 05 59 93 38 72
- Gerediaga elkartea
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)