Garazi-Baigorri lurraldeko ahozko oroimenak "Eleketa" erakusketan bilduak

2021/10/05

Euskal kultur erakundeak, gure ahozko oroimenaren altxorrak agerian eman nahi dituen "Eleketa" multimedia erakusketa ibiltaria Donibane Garaziko Herriko etxean aurkeztuko du azaroaren 6tik abenduaren 4a arte. Garazi-Baigorri lurraldeko herri desberdinetan XX. mendeko biziaz bildu lekukotasunak agerian emanen ditu.

Garazi-Baigorri lurraldeko ahozko oroimenak "Eleketa" erakusketan bilduak
Sorkuntza grafikoa © Guénolé Le Gal

2007an, Euskal kultur erakundeak proiektu handi bat hasi zuen: ipar Euskal Herriko biztanleen ahozko memoriaren bilketa. Programa hau, gaur egun Eleketa izenarekin ezagutua dena, Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren obragintzapean egiten da, urtero hogeita hamar bat lekukotasun bilduz.

EKE-k Eleketa fondoaren aberastasuna ezagutarazi nahi du. "Eleketa, ahozko memoriak" multimedia erakusketa xede honekin sortua izan da: lurralde bakoitzean bildu lekukotasunak lurraldera itzul daitezen eta jendeak goza ditzan.

Hazparneko lurraldean estreinatu zen 2020an. 2021eko irailean Donibane Lohizunen erakutsi zen, Hego Lapurdin bildu altxorrak baloratuz.

2021eko azaroaren 6tik abenduaren 4a arte, Donibane Garaziko herriko etxean ikusgai izanen da. Donibane Garaziko baita inguruetako herrietako 106 lekukok (ikus beherago zerrenda eta biografien loturak) beren bizipenak eta oroimenak aipatuko dizkigute bideo-pasartez pasarte. Berrehun baino gehiago dira ikusgai izanen diren grabaketa horiek. Azpimarratzekoa da bideo-pasarteak beren jatorrizko transkripzioarekin eta itzulpenarekin (euskaraz edo frantsesez) aurkeztuak izanen direla erakusketan. Horrela bai euskaldunek bai erdaldunek gozatzen ahalko dituzte urtez urte bildu lekukotasunak.

Bestalde, horien denen osagarri, lurraldeko lekukoek utzitako zonbeit argazki eta objektu erakutsiak izanen dira ere.

 

Partikularrak eta ikerlariak bezala, tokiko irrati eta telebistak ere ari izan dira eta ari dira oraino Euskal Herriko memoriaren biltzen. Maite Barnetchek (1941-1986) hanbat erreportai egin zituen, telebista publikoak "Euskal Herria orai eta gero" lema pean zabaldu zituenak 1971-1986 arte hortan. Horietarik batzuk ikusten ahalko dira Donibane Garazin, denak lurraldean filmatuak (ikus zerrenda beherago).
Azpimarratu behar da Kanaldude herri telebistak eta Aldudarrak elkarteak utzi dokumental ederrek osatuko dutela bilduma.

Sortzaileei ere erakusketan parte harte hartzeko parada eman die ere Euskal kultur erakundeak. Lur Olaizola (Donostia, 1988) eta Oskar Alegria (Iruñea, 1973) filmegileei ahozko memoriaren gaia esploratzea eskatu zaie. Bakoitzak bere gogoeta eta irakurketa pertsonalak eskainiko dizkio bisitariari aurkeztutako lanen bitartez (Gipuzkoako diputazioak laguntza ekarri dio Lur Olaizolaren egitasmoari).

Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)