EKE-k 2020ko kultura egitasmoaren ardatz nagusiak azaltzen ditu
Urtarrilaren 25ean, Euskal kultur erakundeko administrazio kontseiluak aho batez bozkatu zuen 2020ko kultura egitasmoa. Hiru erronka nagusiren inguruan antolatzen da. Horiek, otsailaren 11n aurkeztuak izan dira Baiona-Euskal Herriko Merkataritza eta Industria Ganbaran egindako prentsaurrekoan.
Euskal kultur erakundearen kultura proiektua hiru erronken inguruan egituratzen da:
- Ondarea eta Sorkuntza uztartu
- Euskal kultura transmititu eta hedatu
- Euskal kultura hedatu
Lehentasun horiek gauzatzeko eta ekintza konkretuak bultzatzeko, EKE-k, hogeita hamar bat urteko esperientziarekin, kultura arartekolaritzan eta saretzean dituen jakinduria bereziekin, proiektu anitz segituko edo abiaraziko ditu 2020an. Lurraldeko kultur eragileen aniztasunaren aitzinean, EKE-k bitartekari, baliabide-zentro, akuilatzaile eta koordinatzaile lana indartuko du, izan sorkuntzan arte esperimentazio berritzaileen bidez, edo euskal kulturaren zainketan, transmisioan, integratzean eta garapenean.
Lehen erronka: Ondarea eta Sorkuntza uztartu
« Ondarearen eta Sorkuntzaren » arteko harremana 2017an Kultura ministeritzak EKE-k eta EHESS eskolak aurkeztu partaidetzari eman "Euskal etnopoloa" labelaren karietara eramaten den lanaren muina da. Gai honen inguruan egiten den lan handiak kultura ondare immaterialari buruzko ikerketa eta ezagutza aberasten du, ikerketa eta sorkuntza artistikoa uztartzen, eta mediazio ekintzak bultzatzen ditu ere. Hazparneko zapatagintzari buruzko Zapat(h)ari proiektu antropologikoa eta artistikoak (Clarenza kultura zentroarekin partaidetzan) edo udazken honetan Ipar Euskal Herriko ahozko memoriari dedikatua izanen den erakusketa ibiltari berriak frogatu bezala, 2020rako proiektuak ez dira eskas.
Bigarren erronka : euskal kultura transmititu eta hedatu
Edozein adinetakoa izan, ikusle soila, profesionala ala amaturra, EKE-k bere misioak publiko zabal bati zuzentzen dizkio eta bakoitzari ezinbesteko lekua ematen dio. Zineskola dispositiboa edo presondegi munduari ala irakurketa publikoaren profesionalei zuzendu euskal kulturaren sentsibilizazio egunak bezalako ekintzak koordinatzeaz edo ko-antolatzeaz gain, EKE-k ikusgarrigintzan, literaturan, ondare immaterialean, eta arte bisualen alorrean ari diren Ipar Euskal Herriko kultur elkarteak sostengatzen ditu betidanik. Bestalde, euskal kultura eta bere berezitasunak kultura politika publiko ezberdinetan ahal bezain eraginkorki integratuak eta kontutan hartuak izanen direla segurtatzeko, EKE-k aholkuak emanen dizkie aurten ere, nola lurraldeko erakunde ezberdinei hala ikusgarrigintza alorrean labelizatuak diren egiturei.
Hirugarren erronka: euskal kultura hedatu
Egitasmo honetan EKE-k bere lehen eginkizunari eusten dio: euskararen eta euskal kulturaren sustapena, « kultura partekatuaren » izpirituarekin. Hori dela eta, proiektu honen arrakasta lehenik euskal lurralde osoan, baina ere Akitania Berrian edo nazioarte mailan ari diren eragile ezberdinen arteko lankidetzaren kalitatearen bidez soilik irudika daiteke. 2020an beraz, EKE-k beste kultur egiturekin dituen harremanak areagotuko ditu, kultura trukaketak emendatzeko eta ipar Euskal Herriko euskal kulturari ikusgarritasun handiagoa emateko. Bestalde, kulturaren erabilerak eta praktikak etengabeko bilakaera batean baldin badira ere, aro numerikoak bilakaera hau zalutu eta hedapen tresnak berriz pentsatzeko aukera sortzen du. Perspektiba horietaz oharturik, EKE etorkizuneko lan horretan engaiatzen da eta 2020an ere, bere estrategia numerikoa garatzen jarraituko du.
Gehiago jakin
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)