Iparraldeko egiturak Durangoko Azokaren 54. edizioan: presentzia garatu eta iraunkor bat EKE-ri esker

2019/11/27

2019ko abenduaren 5etik 8ra, Durangoko Azokak bere 54. edizioa ospatuko du Bizkaitar hiriko Landako gunean. Gerediaga elkarte antolatzailearen eta Euskal kultur erakundearen arteko orain duela hamahiru urte abiatu partaidetzaren karietara, Ipar Euskal Herriko egituren hainbat ekoizpen deskubritzeko parada izanen da.

Iparraldeko egiturak Durangoko Azokaren 54. edizioan: presentzia garatu eta iraunkor bat EKE-ri esker
Durangoko Azoka 2019 - Kartelaren egilea: Oier Zuñiga

54. edizioko leloa "Osorik DA!" izanen da.

"Durangoko azoka ekosistema berezi bat da", dio Gerediaga elkarteko lehendakari den Nerea Mujicak. "Gune, babesle eta eragile ezberdinen artean antolatzen da. Sortzaile, hartzaile, argitaletxe, autoekoizle, diskoetxe eta bisitariok partekatzen dugu. Gazte, heldu, ume, ikasle, langile, erretiratu, kuadrilla, … denona da. Literatura, musika, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak, kultura digitala…hori dena osotasun bat da".

Ekosistema honen irudi bat proposatzen du Oier Zuñiga artista iruindarrak. Sortu zuen kartelak lau zati bereizten ditu, eta bakoitzak Azokako ezaugarri bati erreferentzia egiten dio: burua (sormena), bularra (zabaldu-erakutsi), gerria (hartu eta eman), eta hankak (akzioa eta mugimendua).

Iparraldeko partaideen ekoizpenak naturalki sartzen dira lelo honen ildoan. 2019an ere, berritasun ugarirekin izanen dira azokan. Urtero bezala, proposamen anitza izanen da eta kultur ekoizpen zabal bat aurkituko da: haur literatura, eleberriak, olerki bildumak, diskoak, …

▶ Iparraldeko egituren 2019ko berritasunen katalogoa eskuratu (PDF) 

2006an abiatu Gerediaga elkarte antolatzailearen eta Euskal kultur erakundearen arteko partaidetzari esker, Ipar Euskal Herriko ekoizpenak argiago agertzen dira Durangoko azokan (ikus. Ipar Euskal Herriko egiturek Durangoko Azokan laguntzeko programa). Urtero azokan aurkeztuak diren berritasunen artean guti gorabehera %10a Iparraldeko ekoizpenak dira: 2019an, 45 berritasun aurkitzen ahalko dira Iparraldeko erakusmahaietan.

Egin ohi den bezala liburu batzuen aurkezpen publikoak burutuko dira azoka denboran. Iparraldeko idazleak eta artistak ere ez dira faltako (ikus agenda). 

Durango 2019: Iparraldeko egituren ordezkariak Baionan bildurik © Maitane Hernandez (EKE)
Durango 2019: Iparraldeko egituren ordezkariak Baionan bildurik © Maitane Hernandez (EKE)
2019ko Durangoko Azoka zenbakitan
  • Erakusmahaien kopurua: 264 (240 handi eta 24 txiki)
  • Autoekoizleak: 14
  • 200 kultur ekitaldi baino gehiago
  • Aurkeztuko diren berritasunak: 405
    273 liburu · 91 disko · 16 aldizkari · 5 ikus-entzunezko · 20 bestelako ekoizpen (joko, agenda, egutegi…)
Ipar Euskal Herriko egituren ekoizpena Durangon, zenbakitan
  • 9 erakusmahai
  • 45 berritasun: 28 liburu, 3 liburu-disko, 13 disko, Seaskako egutegia
  • 14 kultur ekitaldi: 5 aurkezpen, 4 kontzertu eta 5 proiekzio
Iparraldeko egiturak

2019an, Iparraldetik 10 egitura izanen dira azokan: 7 argitaletxe, 2 diskoetxe eta bestelako egitura bat. Iparraldeko partaide guzi hauek, beste urteetan bezala, espazio bateratu batean elkartuko dira (Goienkale 21-29). Elkar argitaletxearen Iparraldeko adarra Elkar-en mahai nagusian ordezkatua izanen da.

Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)