2019ko sartzea: Euskal etnopoloa labelaren aktualitatea
"Etnopoloa" labelaren egitasmo zientifiko eta kulturalaren barne, Euskal kultur erakundeak eta EHESS-ek ekintza egitarau aberats bat plantan ezarri dute. Euskal Etnopoloaren hirugarren mintegiaren abiatzeak, ekaineko jardunaldien bideoen argitaratzeak, eta topaketa zientifikoetan parte hartzeak dute 2019ko sartze hori markatzen.
Hirugarren urtea segidan egiten du EKE-k, EHESS-ekin partaidetzan, antolatzen duela, "Etnopoloa" labelaren barne, mintzaldi ezberdinetaz osatu mintegi bat. Lehen hiruhilarentzat, Etnopoloak eramaiten dituen ikergaietatik biga argitan emanak izanen dira: ahozkotasuna eta hizkuntza aniztasunak. Lehen mintzaldia Miren Artetxe Sarasolak du emanen Hiztun berriak eta bertso-mundua. Legitimatu a(ha)la auzitan jarri? izenburuarekin, 2019ko urriaren 24an, ostegunarekin, arratseko 6etan Baionako Euskal Museoan.
Bestalde, beste Etnopoloen ingurumenean iraunkorki sartzeko, Euskal kultur erakundeak usu parte hartzen du sareak antolatu topaketa zientifiko batzuetan. Urriaren 4an, beraz, Terexa Lekumberri-k (EKE-n ondare immaterialaren arduradun den antropologoa) Euskal Herriko neguko bestetaz egin inbentario fitxen barne eramandako lana aurkeztuko du, Vitré hirian gertatuko den Contribuer à l’inventaire national du patrimoine culturel immatériel : les problématiques, du terrain à la restitution seminarioaren karietara. Horrezgain, Thierry Truffaut-k (Euskal Herriko besta eta dantza tradizioen antropologo espezialista, eta Lapurtarrak, Herri Soinu, Lauburu eta Etniker Iparralde elkarteen kidea) eta Terexa Lekumberrik, Zatak Herri Ondarea elkarteak antolatu mahai-inguru batean parte hartuko dute, ondare immaterialari eskaini egunaldi baten barne, Beasainen, urriaren 12an.
Azkenik, Euskal Museoan 2019ko ekainaren 13 eta 14an antolatu zen Tradizioa eta berrikuntza: identitatea denboran zehar jardunaldietako mintzaldien bideoak eta bat-bateko itzulpenak oraindanik sarean ikusgarri dira.
Xehetasunak
- Harremana: Terexa Lekumberri (EKE) - lekumberri@eke.eus / 05 59 93 38 74
- Etnopoloa
- Vitré-ko egitaraua (frantsesez - PDF)
- Inbentario-fitxak
- 2019ko kolokioaren bideoak
- 2019ko kolokioaren egitaraua
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)