Itsasoa

2011/04/02
[+] Testuaren irakurketa bat entzun!

Gaur egun ere oroitzen naiz aitak proposatu zidalarik berekin bakantzetarat joatea. Zer poza sentitu nuen une horretan ! Biok, bakarrik, itsasoaren erdian… Hogei urte pasa dira eta oraindik momentu zoragarri horiek gogoan ditut.

Bakantzak Donibane Lohizuneko portuan hasi ziren benetan. Egun zoragarria zen, eguzkitsua eta goxoa, hots egun bikaina gure abentura hasteko. Abiatu ginen portutik itsaso alderat.

Lurra urrunean ageri zen eta arratsalde honetan kostaldea segitu genuen Espainiako portu bateraino eta nire lehen gaua izan zen itsasontzi gainean. Biharamunean Espainiaren hegorantz segitu genuen eta ondorengo egunean ere bai. Egun horietan aita miresgarriena nuela pentsatzen nuen. Lana bazterrerat utzi zuen behin batentzat eta berak erabaki zuen bakantzetarat joatea. Ai zer poza berekin egotea egun batzuez, bakarrik, inork trabatu gabe! Halako batean, itsasoaren erdian ginela, aitak itsasontzia gidatzea proposatu zidan. Inguruan nehor ez zegoela ikusita, plazer handiz onartu nuen bere eskaintza eta horrela, itsasontziaren kapitaina bilakatu nintzen. Hastapenean izututa nengoen, baina usatu ondoren, itsasontzia menperatzen nuela iruditzen zitzaidan. Aitak ez ninduen behin ere lagundu eta horrezgain munduko kapitainik hoberena nintzela gehitu zuen. Biharamun goizean, portutik ez urrun ginela eta, urperat itzuliño bat egitea proposatu zidan eta nik, inongo dudarik gabe, maska eta hodia hartu eta urerat jauzi egin nuen.

Segundo batzuk berantago, aitak berdin egin zuen eta ur azpiko munduaren bisita hasi genuen. Ametsa baino gehiago, paradisurat heldu nintzela pentsatu nuen. Milaka arrain denetan, txikiak, handiak, lodiak, berdeak, gorriak, zuriak… Eta landare mota pila bat ere bazen. Maleruski, fite sartzeko tenorea etorri zitzaigun, baina amari bakantza zoragarri hauek kondatzeko irrikitan nengoen. Donibane Lohizunerantz sartzen ginela eta, Espainiako kostaldea segitzean, izurdeak hasi ziren gure segitzen. Hasieran, bizpahiru agertu ziren eta bukaeran hamar bat izurde ari zitzaizkigun itsasontziaren ondoan jauzika. Gertaera hori bakantzen bukatzeko manerarik hoberena izan zen eta segidan aitaren besarkatzerat joan nintzen bere eskertzeko. Bi egun berantago, Donibaneko porturat iritsi ginen eta itsasontzia lotu bezain laster, lurrerat salto egin nuen eta lasterkan, amarengana abiatu nintzen. Bakantzak xehetasun guzietan kontatzen hasi nintzaizkion. Bukaeran aitarekin denbora gehiago pasa nuela esan nion eta hurrengo udan berriz abiatu ginen itsasontziz, amarekin aldi honetan.

Naia ANDUEZA