Filipe Oyhamburu (1921) euskal kulturaren enbaxadorea izan da beti. Bere bizi osoan nahi izan ditu euskal dantzak eta kantuak munduan zehar ezagutarazi, hala nola sortu zuen "Etorki" taldearekin. Etorburu abesbatzaren buruan iragan urteak (1995-2008) gogora ekartzen ditu 2009an argitaratu duen liburuan.
Iparraldeko euskal kulturaren panoraman, Pupu izengoitiz ezaguna den aparteko pertsonaia dugu Filipe Oyhamburu. Euskaldun berria dugu eta musikari, idazle eta koreografo gisa aritu da bere bizian. Olaeta eta Oldarra talde « historikoen » partaide izan da (soinujole, dantzari eta talde-zuzendari gisa). Etorki baleta eta abesbatza sortu zuen, Euskal Herriko historian, bigarren talde profesionala (Eresoinka ondotik).
"De Tbilissi à Getaria en passant par New-York (1995-2008)" argitaratu duen liburuan. Etorburu abesbatzaren buruan iragan urteak gogora ekartzen ditu. "De Biarritz à Tbilissi en passant par Bogota (1942-1994)" aitzineko liburuan aipatu oroitzapenen segida bat da.
2009ko martxoan eskaini digun elkarrizketa baten zatiak hautatu ditugu hemen.
(Hiru hilabete zituela, joan zen Montevideora (Uruguai) gurasoekin. Aitak Montevideon aurkitu zuen lana eta zortzi urtez egon ziren han.)
Filipe Oyhamburu : Ttikia nintzelarik, Montevideon nintzen. Eta ene ustez gauza handi bat, ez naiz inoiz izan eskolan zortzi urte arte!
Zer ekarri dautzu horrek ?
P.O. : Ez dakit, berdin askatasunaren amodioa, zorionaren gustua. Oso inportantea da hori, hasi nintzen eskolan Parisen, gutti gora behera zortzi edo bederatzi urtetan.
(Gurasoek Montevideon, seroren eskolara igorri nahi izan zuten. Oyhamburu ttikiak hainbeste nigar egin zuen non, azkenean, ez zuten hara igorri. Etxean ikasi zuen irakurtzen, idazten eta marrazten, eskolara joan gabe, zortzi urte arte.)
Orduan, anartean, libro. Formakuntza bat da ezberdin izaitea?
P.O. : Bai, bai, bai, libertatea, hastepenetik, ene ustez biziki garrantzitsua da. Eta karrikan ginen beti. Konparazione, aitamekin etxean frantsesez mintzo ginen eta karrikan "hablamos el castellano de Montevideo, el mismo castellano que Buenos Aires" eta orduz geroz gelditu zait, bitxi da. Gero zer izan den nere bizian ? Ene ama aita baino artistago zen, aita Biarriztarra, langile seme, bere bizia untsa erreusitu zuena, bainan ez zuen kultura soberarik... Amak jakitate gehiago bazuen, aita margolaria zuen, handia ez izanagatik ere. Amak bazuen bai gustu artistiko bat.
Filipe Oyhamburu: Herri zaletasuna, nahi baduzu, hasi zait Hendaian. Gu Parisen bizi ginen baina aitak bazituen bi anai-arreba Hendaian. Aita baino euskaldunago ziren, euskaltzaleago, Hendaian bizi izanik. Aita aldiz beti kanpoan zen. 1937an, hasi ziren Hondarribitik eta Irundik desterratuak etortzen. Egun batez, mutiko ttiki bati erran nion : "Tu eres espanol ?", hark arrapostua : "No, soy vasco como tu". Ondarraitzekoa zen. Nik 15-16 urte nituen eta berak 7 urte...
Gerla denboran, Biarritzen bizi ginen. Michel d'Arcangues, Arrangoitzeko markesaren semea, Sota familia, Urresti familia eta desterratu frango ezagutu nituen. Gehienak Bizkaitarrak...
Oroitzen naiz, Basterretxea deitu kantari batez. Ez dakit zer bilakatu den. Frantsesa ez zakien eta komitatu nuen etxera, nahi bainuen euskara ikasi... Gero Monzon ezagutu dut, Manu Sota eta hiruak adiskide handiak ginen. Manuk ez zakien euskara, bainan Monzonekin euskaraz mintzo ginen. Orduan, azkenean, ikasi nuen euskara. Betikotz.
Filipe Oyhamburu: Amak nahi zuen pianoa ikas nezan Do Mi Mi Do Mi Mi Ré Mi Ré Do. Ez dut batere maitatu eta ez dut segitu. Ondotik, akordeoia erosi dut eta musika jakin gabe hasi naiz tangoak, Charles Treneten musikak eta holako aireak jotzen. Parisen bizi nintzen orduan. Gero, Hendaian nintzen gerla hasi zelarik. 1939ko irailean, entzun dut lehen aldikotz Joan Sebastian Bach eta sartu zait musika horren amodioa. Gero aitak utzi du lana eta etorri da bere sorterrira Miarritzera. Eta Miarritzen nor ezagutu dutan? Ezagutu ditut Jontxu Hillau txistularia, Michel d'Arcangues txistularia, gitarra jotzen zakiena. Orduan hasi zait, bat batean, euskararen amodioa, musikaren eta dantzaren amodioa ere.
Nola deliberatzen duzu Olaeta taldean sartzea ?
Filipe Oyhamburu : ... Bizian bada beti ustekabea eta beharra. Ustekabea izan da Jontxu Hillau kurutzatzea. Baigorriarra, Miarritzen bizi zena. Biziki txistulari ona... Egun batez, Jontxuk erran zautan "Viens au groupe Olaeta, Viens au groupe Olaeta" Nik ezetz, ezetz, ni bizi nintzen libroki beti, badakizu... Eta gero bai, sartu nintzen Olaeta taldean akordeonista bezala.
Hori izan da zure lehen esperienzia ?
Filipe Oyhamburu : Bai, gero Olaeta dantza taldeko erakasle batekin dantza ikasi nuen. Eta Olaeta taldean, Bizkaitarra bazakiten eta nik euskara ez nakien. Hasi nintzen akordeoia jotzen eta gero dantzan. Eta gogorra izan da batetik bestera pasatzea!
Nola inplikatu zira Oldarra taldearen hastapenean ?
(Olaeta taldeak 1945an, aita Piarres Laffitek proposaturik, Oldarra izena hartu zuen)
Filipe Oyhamburu: Kanta gidaria, Aranburu apez euskalduna zen. Egun batez, ikusiz jende gutik parte hartzen zuela errepiketan, bat batean bere kargua utzi zuen. Orduko kantariek, langile semeak ziren. Galdegin zautaten koru zuzendari izaitea eta pixkanaka hasi nintzen.
Musika jakin gabe hasten zira barritonak alde batetik emaiten , bozak egiten... Nola?
Filipe Oyhamburu: Banuen etsenplu bat. Parisen, gerla hasi aitzin, 1937an eta 1938an, Eresoinka deitu taldeak bildu zituen 101 kantari, dantzari, txistulari eta musikari. Ikusi nituen Pleyel salan 1937an. Eta gero, berriz ere, "Palais de Chaillot" ikusgarri aretoan 1939an. Abesbatza biziki ona zen, zinez.
Hoberenak ziren hautatuak ?
Filipe Oyhamburu: Ez zuten hori baizik egiten! Pentsazazu, hasi ziren Saran, eta gero segitu zuten Parisen, Bruxelan, Holandan, Inglaterran. Eta gero gerla hasi zen...
Dantza tradizionala eta garaikidea uztartu dituzu; sortazaile gisa, beti onartua izan zira ?
Filipe Oyhamburu: Ez, ez, huna etsenplu bat. Gipuzkoako dantzak eman nituen XVIII. mendeko jantziekin. Zer ez zaukuten erran euskaldun batzuk !
Eta gero ta gehiago, neskek eman dituzte dantzak. Pixkanaka integratu dira dantzetan... Orain ikusten dugu, Gipuzkoan, Bizkaian, Xiberuan, denetan mutil batek eta neska batek emanik. Aitzindari ginen, eta ez da sobera hala izan behar!
Aitzindari izaitea, probokatzea maite duzu?
Filipe Oyhamburu: Ez ez. Bertze zerbait banuen gogoan. Edertasunaren ondotik ibiltzen nintzen beti, jendeak erran zezan Euskadin altxorrak baginituela. Orain ere ibiltzen balitz munduan zehar Eresoinka bezalako talde bat, denek jakin lezakete Euskadi bat badela, apartekoa, berezia
Filipe Oyhamburu: Sorkuntza ederrak badira. Adibidez, Jon Maiaren "1937, gogoaren bidezidorretatik". Gernikako historia, Bizkaiko haurren historia Badakizu garai batez, hango aitamek igorri dituzte beren haurrak Errusiara, Inglaterrara, Franziara... Eta hori du kondatzen Jon Maiak. Historia bat hunkigarria egin dauku. Hemen ere, Iparraldean badira dantza sortzaile batzu oso onak, hala nola Mizel Theret. Biziki ona da. Batzu ez zaizkit sobera gustatu bainan beste batzu bai. Gauzen kondatzea baina euskalduna egonez, hortan da korapiloa. Urbeltzek egin du Tango bat eszenan. Ongi da, baina aski du erraitea nazioarteko dantza ikusgarri bat egiten duela! Euskaldun egotea, hortan da korapiloa. Euskaldun egotea eta sorkuntzari begira maila batez igaitea, hori da zaila.
Badakigu, parte batean, euskal kultura diru laguntzei esker bizi dela, nola ikusten duzu hori?
Filipe Oyhamburu: Dirua inportantea da bistan da, bainan zer egiten da diru horrekin ? Adibidez, munduko erresuma gehienek beren zinema nazionala badute, guk ez. Zonbat filma euskaraz ? Guti edo bakar batzu, sekulan ikusten ez direnak. Nik telebista hartzen dut, ez dira sekulan pasatzen. Goimailako literatura eta zinema euskaldun on bat ez badugu, ez dakit nola salbatuko dugun euskara. Agertzen omen dira zernahi liburu euskaraz bainan nork irakurtzen du euskaraz ? Baditugu arazoak. Gazteek euskara ikasten dute bainan 18 urtetan ez dute erabiltzen. Hegoaldean bereziki gazteleraren eragina hain da handia... Ez dute erabiltzen. Literatura beharrezkoa zaigu, irakur errexa alde batetik, bainan ona ere.
Badira arazoak baina pensatzen dut euskara salbatuko dela. Momentu batez pentsatzen nuen euskara hilko zela baina orain pentsatzen dut salbatuko dela. Gazteria heldu da, eta egia erran beti plenitzen naiz bestaldeko euskaldunek euskaraz gaizki idazten dutela bainan badira ere telebistan batzuetan euskara ederki emaiten dutenak. Orduan euskara egoki eta zuzen hori salbatuko da. Haatik nola euskaldunak bildu jakin dezaten beren hizkuntzak beste altxor linguistikoak badituela ere ?