Denise Olhagarai

Denise Olhagarai

''Laboaren ondarea belaunaldi berriei pasarazteko garaia zen''

  • EKE
  • 2010-05-06
  • Hizkuntza: Euskara

Denise Olhagarai (Itsasu, Lapurdi, 1963) musika erakasle da Donibane Garazin eta Baigorrin, haur eta gazte koru zuzendari ere. Baigorrin 2010ko ekainaren 11an, Jazz'in College egitasmoaren baitan antolatua den ''Mikel Laboa gogoan'' kontzertuan, 4 ikasketxeko 200 ikaslek donostiar kantari ospetsua omendu dute.

Gazte koru zuzendari

Badu orai 17 urte Donibane Garaziko Zitadelan eta Baigorriko Jean-Pujo ikastetxeetan ari naizela musika erakasten. Ezpeletan bizi nintzelarik, muntatu nuen haur koru bat, 12 urte iraun zuena. Ezpela dantza taldekoak ziren, denak neskak. Bi kolegio horietan haur koruak badira. Musika klasetik kanpo, atseden denboran, lau mailetako ikasle bolondresak biltzen dira. Polifonian bi edo 3 ahotsetan ikasten ditugu kantu batzu, gero urte bukaeran musikariekin zuzenean emaiten ditugunak.

Garaziko Zitadela kolegioan 250 ikasle badira eta koruan baditut 80, Baigorrin Jean-Pujo ikastetxeko koruan 35. Kopuru handia da. Lana zailtzen du, denbora guti baitugu. Polifoniak behar dira harmonizatu 2-3 bozetan, bakarlari batzu ere badira. Beti presaka ari gira. Zaila da motibazioa mantentzea urte osoan, beste ikasleak jostetan ari direlarik, gu lanean ari baigira. Behar da ikasi ere proiektu batean engaiatzen eta bukaera arte irauten.

Kantuaren gostua

Hemen kantuaren gostua bada, oraindik sendi da. Ari da aldatzen, euskararen maila apaltzen edo galtzen ari baita. Urte osoan kantu guziak euskara hutsean emaitea ez da beti errex. Ez ditut baitezpada euskaraz lantzen. Proiektu batzu egin izan ditugu hizkuntza desberdinetan, hala nola urte batez Afrikako kantuak, beste batez dena ingelesez Beatles kantuekin edo espainolez Kubako kantuak landuz urte osoan. Entsaiatzen niz gostu emaitea hizkuntza desberdinetan kantatzeko gisan. Bistan dena, barnealdean izanez, entsaiatzen naiz euskarari garrantzia emaitea eta baloratzea.

Jazz'in College egitasmoa

Egitasmo hau sortu zen duela 20 urte Jacques Saury Pirineo Atlantikoetako departamenduan zelarik. Departamenduko hamar ikastetxe hasi ginen. Emeki-emeki emendatu da. Orai, Euskal Herriko partean 20 ikastetxek parte hartzen dute eta Biarnoan, Paue aldean, 40k.

2008an 'Itoiz kantatuz'

Josean San Miguel Hendaiako kolegioko erakaslearekin proposatu ginuen bilkura batean oraiko belaunaldiei pop-rock musika ezagutaraztea eta bi kontzertu emaitea. 10 ikastetxe motibatu ziren, beste bost aparte egon ziren euskaraz kantatzea sobera zaila iduritzen baizitzaien. Abantxu 400 ikasleekin bi kontzertu eman ginituen, bat Donibane Garazin, bestea Biarritzen.

"Laboa gogoan" kontzertua

Proiektu hori ikasleei aurkeztu dugularik, Mikel Laboaren kantu batzu ezagutzen zituzten: "Txoria txori" kantu mitikoa bistan dena, "Gure bazterrak" irratian pasatzen baita. Bai, entzunak zituzten. Berriki hil baita, orai zen mementua ondare hori ezagutaraztea, belaunaldi berri honi pasaraztea.
Biziki aberatsa da Laboaren mundua deskubritzea. Francoren garaia ezagutu du. Bere ibilbidean, ideki da jazzari, musika garaikideari. Kantu herrikoia berpiztu du, oraiko olerkiak musikatu ditu eta euskaratu. Biziki idekia, abangoardista, musika esperimentalan eta sail anitzetan arizan da. Denak bereganatu ditu, mundu guziak lotu. Arrakasta ukan du mugaz bi aldetan eta beste erresuma batzuetan. Ezagutu ditu Bob Dylan, Georges Brassens. Bai biziki zabala eta aberatsa da bere mundua.

200 ikasle kantuz ekainaren 11n Baigorrin

Aurten berriz ere Hendaiako (Lapurdi) Irandatz ikastetxekoak etorriko dira, Garazi eta Baigorriko (Baxenabarre) ene bi kolegiokoak eta ere Lekarozkoak (Nafarroa). Hauek duela bi urte parte hartu zuten "Itoiz kantatuz" proiektuan. Harreman gehiago badugu oraindik horiekin. Badu bospasei urte elkar ezagutzen dugula. Jinen dira parte baten emaitera gurekin, Laboa ikasten baitute ere.
Orotara 200 ikaslek kantatuko dute "Laboa gogoan" kontzertuan, ekainaren 11n "Plaza xoko" salan Baigorrin, ostiral arratsez. Bi kontzertu emanen ditugu, bat 18:00etan eta bestea 21:00etan.

Herrikoia eta garaikidea

Laboak hiru kantu mota baditu. Kantu herrikoia lantzerakoan, behar dugu gazteei ulertarazi ahozkotasuna zer den eta ahoz transmititu den kultura. Adibidez "Bereterretxen kanthoria" emanen dugu. Entseiatzen gira esplikatzea XV. Mendeko historio hori nola jin den gure gana. Bestalde baditugu kontzertuaren programan Bertolt Brecht-en itzulpenak "Gaberako aterbea" edo "Sorterriko koplak" Sarrionandiarenak.
Bere alde abangoardista erakusteko, "metamalette" ordenagailuarekin funkzionatzen duen tresna berri bat erabiliko dugu eta 14 ikasle ariko dira zuzenean inprobisatzen. Musika elektroakustika da. Hiriko soinuak grabatu ditugu eta zuzenean moldatuko ditugu irudiarekin batean.

Lagunarte konpainiako musikariak

Biziki kontent gira, Lagunarte konpainia hor izanen baitugu. Didier Ithursarry akordeioan arituko da. Parisen bizi da baina Baionakoa da. Gitarran Jean-Lou Corrihons, flautan Marie Hirigoyen, perkusioetan Kristof Hiriart eta metamaletaren zuzendaritzan.
Aurten ere, kantuen moldaketak Jose San Miguelek egin ditu.

Laboa bezala euskara berreskuratu

Halako egitasmoa antolatzerakoan, denbora eskasa sendi dugu. Hitzak ez ditugu aski esplikatzen. Ainitzek ez dakite aski euskaraz edo batere. Pixka bat azaletik ari gira.
Gero, kantatzeko plazerra hartuz eta besteekin partekatuz, espero dutana da, noizbait nahiko dutela euskara ikasi edo berreskuratu, Laboak Francoren garaian euskara galdu eta gero berriz ikasi zuen bezala.

 

Proiektu hunen laguntzaileak: Pirineo Atlantikoetako Inspekzio akademikoa, Bordeleko Akademiako Errektorea, Akitaniako DRAC, Pirineo Atlantikoetako Kontseilu orokorra, CDDP, Pirineo Atlantikoetako Erakaskuntza Liga, Euskal kultur erakundea, Euskararen erakunde publikoa eta Baigorri Garaziko herri elkargoa.

Elkarrizketa gehiago

Pantxix Bidart

Pantxix Bidart

"Gitarra eskuan, ibili bizian"

Elena Clerc-Charriez

Elena Clerc-Charriez

"Hemen abesbatzaren irudi ezkorra da gazteen artean"

Joanes Garcia-Basurko

Joanes Garcia-Basurko

"Kuriositatea da kalitaterik hoberena"

Maia Iribarne-Olhagarai

Maia Iribarne-Olhagarai

"Buruan duzun ideia bat gauzatu ahal izatea sekulako lorpena da"

Elkarrizketa gehiago