Katy Bidart, Paxkalin Aire

Katy Bidart, Paxkalin Aire

''Uste genuen Imanol ezagutzen genuela''

  • EKE
  • 2010-10-05
  • Hizkuntza: Euskara

 

Imanol kantatuz kantaldia 2010eko urriaren 31n antolatua da, Alduden. Berrogei bat kantarik, Imanol (1947-2004) euskal kantari-konpositorearen errepertorioa emanen dute. Aldudarrak elkartearen izenean, Katy Bidart-ek (1981, Aldude, Baxe Nabarre) eta Paxkalin Aire-k (1982, Urepele, Baxe Nabarre) kantaldia aipatzen digute.

Katy eta Paxkalin, biak kantariak

Katy Bidart: Alduden sortua, 29 urte ditut eta Uztaritzen bizi niz. Ama eskolako erakasle niz Angelun.

Paxkalin Aire: Urepelen sortua, 28 urte ditut. Orai Baionan bizi niz. Ni ere erakaskuntzan ari niz. Bi haur baditut, Nahia eta Imanol.

Biak kantuz ari gira. Betidanik ari izan gira funtsean kantuz etxean. Gero, kolegioan (Baigorriko Biletxea) gela berean ginen. Iguzki-Lore kolegioko koralean hasi ginen. Eta orai, kantuaren gustua beti hor baitugu, Lauburu taldearekin ari gira.

Aldudarrak elkartea

Katy: Elkarte hau, xaharra da, 1945ekoa. Usaia badu kantuaren eta antzerkiaren inguruan ekitaldiak antolatzeko, urrian eta udan.

Jadanik zonbait urte badu euskal artista baten errepertorioa hartuz kantaldiak antolatzen dituela: Manex Pagola (1995), Etxamendi eta Larralde (1997), Mixel Labeguerie (1999), Xalbador (2001), Xabier Lete (2003), Pier-Pol Berzaitz (2006).

Imanol hil zelarik, hari buruz kantaldi bat egitea ideia sortu zen, kantu ederrak ditu eta.

Kantua Aldudeko haranean

Paxkalin: Egia da hemen, ardura eta aski errexki, kantua entzuten dela. Bazkalondoan edo afalondoan, bada beti ohitura hori: "Ale bota kantu bat!", adinekoetan ala gazteen artean. Dinamika berezi bat bada: Aldude eta Urepelen gaindi, neska frango bagira kantuz ari girenak, mutil bakar batzu ere. Bankan, gazte talde bat bada kantua arrunt maite duena, Baigorrin ere.

Aldudeko kantaldien arrakasta

Paxkalin: Euskal kantari bati buruzko kantaldiek arrakasta handia biltzen dute. Ene iduriko bi arrazoinengatik. Omendu ditugun horien artean, baziren adinekoak edo hilak zirenak. Jendeari gustatzen zaio lehengo kantuen entzutea. Bestetik, publikoak badaki aunitz gauza desberdin ikusiko dituela: 10 urteko haur batzu, neska talde bat edo gizon talde bat. Adin guzietako kantariak eta gustu guziendako.

'Imanol kantatuz': Kantariak eta musikariak

Katy: Paxkalinekin kantarien eta kantuen hautaketa egin dugu, errepikak antolatu eta segitu. Hiru musikariek zuzendaritza artistikoa segurtatzen dute: Nicolas Vielle (pianoa), Sebastien Luc (gitarra) eta Sebastien Desgrans (akordeoia).

Badira kasik 20 talde kantuz ari, gehienak bertakoak: Kattalin Indaburu iholdiarra, Kantiruki, Izarrak, Lauburu, Astezkenekoak, 10 urteko Maider Lerissa eta Leire Uhalde 2008an Haur Kantu Xapelketan parte hartu dutenak, Magali Zubillaga, Miren Tristant eta Guy Saldubehere, Xendari Ahizpak, Maitena Monaco, Aurelie Etchepare eta Thierry Biscary, Amaia Riouspeyrous, Mathilde Etchebarren. Kostaldetik ere gomitatu ditugu, Maddi Zubeldia (Ziburu), Maider Zigarroa eta Brave anaiak (Senpere). Gazteei parada zabaldu diegu segida hartzeko, kantuaren gustua ukan dezaten.

Imanol-en altxor zabala

Paxkalin: Kantuen hautaketa egiteko, joan gira Irulegiko Irratira (Donibane Garazi, Baxe Nabarre) Imanolen disken bila. Denak entzun ditugu. Ohartu gira musikalki garai desberdin frango izan dituela, batean bluesa, bestean kantu tradizionala, gitarra eta ahotsarekin. Beste diska batean, Joan Gurutzekoaren poemak edo bere lehen diskan, Mixel Etxegaray izenpean emanak. Hitzen aldetik, badira kantu engaiatuak, beste batzu erromantikoagoak. Barne Kanta diskoan, amodiozko kantuak dira, Jainkoari idatziak, baina amodiozko harreman batetan arrunt egokiak litaizkenak.
Entseiatu gira ahalaz diska bakoitzetik kantu bat edo bi hartzea, bere obra guzia erakusteko.

Katy: Kantu ezagunak eta ezezagunak hautatu ditugu. Alde batetik, publikoari plazer egiteko, izigarri ezagunak diren Lau haizetara, Euskadi Castillan bezala bezalakoak eta bestetik, guk ere batere ezagutzen ez ginituenak.

Imanol Kantatuz antolatzea zer ekartzen dizue?

Katy: Euskal kulturari buruz gu ere ari gira lanean. Kantaldi hunen bidez, gauza aunitz ikasten dugu Imanoli buruz eta euskal kantuei buruz. Bestalde, kantuz parte hartzea plazer dugu.

Paxkalin: Gure ondarea da eta horren ezagutzea inportanta da. Uste ginuen Imanol ezagutzen ginuela. Eni iduritzen zitzaitan: "Bai Imanol ezagutzen dugu! Lau haizetara, mendian gora". Azkenean, ohartu gira kantu aunitz ez ginituela ezagutzen. Bestalde, kantaldi hau antolatzean, gogoan ginuen haran hunen animatzea.

Imanolen kanturik gustukoena

Paxkalin: Enetzat, Barne Kanta disko guzia arrunt maite dut. Harmoniak eta guzti, denak untsa eginak dira.

Katy: Paxkalin-ek bezala erantzun nezake. Baina maite ditut ere kantu tradizionalak, Poeta kaxkarra, kopla berriak, urosagoak dira enetzat.

Elkarrizketa gehiago

Pantxix Bidart

Pantxix Bidart

"Gitarra eskuan, ibili bizian"

Elena Clerc-Charriez

Elena Clerc-Charriez

"Hemen abesbatzaren irudi ezkorra da gazteen artean"

Joanes Garcia-Basurko

Joanes Garcia-Basurko

"Kuriositatea da kalitaterik hoberena"

Maia Iribarne-Olhagarai

Maia Iribarne-Olhagarai

"Buruan duzun ideia bat gauzatu ahal izatea sekulako lorpena da"

Elkarrizketa gehiago