Thème(s) :

Bizitzaren dantza

Bizitzaren dantza

Suaren distiran, dantzan ari dira bart arratseko ahotsak zure baitan. Ezkila-hotsa eta ke-usaina dituzte bezperako hitzek zure gogoan. Egunak eta gauak bat egin zuten atzoko ilunabarra ez da bukatu oraindik; behin ilunduta ere, egunik luzeenak egun izaten segitu izan balu bezala. Paradisua aurkitu nahian ibili izan zara luzaroan, eta ustekabean etorri zaizun Atxagaren egun finlandiarra ez duzu alperrik galduko. 

Oroitzapenen kutxaren jarioa oparoa zaizu gaurkoan: herria zeharkatu etxe atarietako suetan jauzika, Atsoteneren parean hura ikusi, plazan lagunekin elkartu, mutil-dantzan hasi, hura ere biribilean sartu, atabalariak jotzeari utzi, hura zuregana etorri, hizketan hasi. Burua pil-pilean duzu, eta irudiak pilatzen zaizkizu bata bestearen gainean; Sarriren itsas galeretako oholek bezala, biziak izan zein lausoak, irudiok ez omen dute inongo porturik helburu. Harekin izandako elkarrizketa, ordea, hitzez hitz gogoratzen duzu. 

Hitz zerrenda luzea zabaldu duzu burukiaren ondoko gau mahaian: begirada,erakarrizirrarazirriirriirrikakarrikagu bakarrikbakarrik gumuxusu, zuzu eta nini eta zu. Baina eguneratu gabe duzu hiztegia, motza, herdoilak jota ez erabiltzearen ondorioz. Ez duzu zer gertatzen zaizun ulertzen, ez zara kodea deszifratzeko gai. Azken batean, ez duzu maitemindugrinautopiagaztetasunbezalako hitzak zizelkatu oso aspaldi. Deskriptibo hutsak dira zure baitakoak. Atxagaren triku gaixoa ematen duzu errepidea zeharkatzen hasi baino lehen. 

Gabeziak gabezia, ez duzu lotan gelditzeko asmorik. Ohetik altxatu zara, eta zimurtutako papertxoa hartu duzu galtzetako patrikatik. Telefono zenbakira deitu duzu. Ahots ezti batek erantzun dizu, eta zure baitan ez ziren hitzak ernetzen hasi dira berriro ere. Izan ere, Sarrik dioen bezala, ez diren gauzak ere badira. 

Egun handia da Arizkunen. Txistularien doinu alaiek eta dantzarien jantzi koloretsuek herria alaitzen eta janzten dute duela hirurogei urte bezalatsu. Orduan ere, maiteminak jota zinen; orduan ere, kalera atera zinen goizean begirik bildu gabe. Gaur, orduan bezala, dotore apaindu, eta haren bila abiatu zara zure takoi luzeekin eta zure ezpain gorri-gorriekin. Emakume eta zahar mutil-dantzetan; eder barrutik eta pozak txoratzen kanpotik, orduan bezala. Atxagaren Clementine ematen duzu bizitzari tinko helduaz, Anamari maitea.