Thème(s) :

Zintzarradan hitz ustelak

Zintzarradan hitz ustelak

Bi-hirutan itxi-ireki nituen betazalak, zur eta lur, aitortzen ari zenak egia izpirik ote zuenentz igarri nahian, saiakera estuan. Begira ari nintzaion. Begira besterik ez. Zehatz-mehatz begira. Bere begi niniak eta arnasa zeharkatu eta arimara hel banenkio bezala. Hori nahi bainuen, zioena antzeman. Ezin nion aditu. Zintzarrada ozenagoa zen.

Ordurako entzundako hitzek sortutako amaraunak nire bihotza harrapatua zeukan, arrabol moduan biribildua, itotzeko bidean. Hobe ezer entzun ez banu: ez nintzen aske dagoeneko.

Zakarkeria eta oieskeriak bata bestearen ondoren esan zituen zabarki goxatuz. Gozamena entzun nezakeen haren esanetan. Gozamen okerra. Hura bai nazka! Hitz bakoitza ahoskatzean erakusten ari zen irrika anker eta zitalak egonezina erne zidan. Bere ahotsak, bere asmoek, bere tonu apal eta ongi heziak…  irrits makurra ematen zuten aditzera. Bihotza bihurritua nuen eta bularraldea estu. Nire itolarrian begiak itxi eta ireki nituenerako joana zen.

Ez nuen espero.

Adimenak abiarazi ninduen. Bere gurasoei deitu nien berehalakoan. Zerrenda zaharrean nuen zenbaki berbera zanpatu nuen. Nire lagunik minenetakoa izana zen. Oihan.

- A bai, badakit nor zaren, gogoratzen zaitut – esan zidan bestaldean arrebak nik nire burua aurkeztutakoan- baina gurasoak aspaldi hil ziren. Zerbait behar zenuen? Nik lagun diezazuket?

Ez nuen gehiago behar. Gaizki ulertu nuen zerbait. Oihanek azaldutakoa makabroa zen, eroa. Norbaiti kaltea zekarkion, irrika zuen. Kezka zekarkidan odolaren mendekuak. Narda, goragalea eta erraietarainoko izua zetozkidan bere hitz hitsak, bere begirada aldrebesa eta intentzio makurra gogoratzean. “Hatzak dantzan, bihotzak bere kasa taupadan, begi-kanikak... dena aterako diet zahar horiei… zerbaiterako balioko dute honela, gu edukitzeaz gain” xuxurlatu zidan irrits gaixoaz.

Bihotza hautsia nuen. Ertzainei abisua eman ala ez ezbaian izan ondoren, ez egitea erabaki nuen, zalantzaz josia erabakiagatik. Intentsitateak gaineratua, dutxa beroa hartu eta berotasun horren babes apal eta lasaitasunaren eraginpean oheratu nintzen, aztoramena alboratuz. Elkarrekin ginenean zintzarrada zaratak ulermena urratu zidala ondorioztatu nuen.

Biharamunean egunkaria erosi nuenean... ezusteko ziztadarik mingarriena jaso nuen… bezperan belarriz entzun nituenak irakurri nituen astiro... Oihanen gurasoak hilda agertu ziren.

Eta nork arraiok erantzun zidan niri telefonoa, orduan, etxe hartan?

Nor arraio zen andre hura?