Thème(s) :

Mugalari

Mugalari

Begi batzuek Olentzerori oles,
bi begi dizdiratsu,
haurren ametsen ispilu.
Dizdira hori ezjakintasunarena
izan daiteke, baina nago
ez ote diren itxaropen zantzu
batzuen erakusle.
Haurren eleak, pisu txikia dauka.
Jakintzaren pisua urteek neurtzen omen dute...

Olentzori beha dagoen haurrak
mundua darama barrenean.
Alegiazko mundua edo ez ?
Zalantzaren mugek, bere irudimena
pitzatzen dutenerako, dizdira ere
begi-ninietatik jautsiko zaio, oharkabean.
Izan ere, zalantzak balantza irauli
eta mugaren beste alde «errealera»
pasaraziko du.

Nik, honakoa erran izan dut beti:
Dantza egin dezagun zalantzaren mugen gainean,
erre ditzagun ziurtasunak.
Izan gaitezen mugalari, gauzak ez direlakoan
ez zuri ezta beltzak ere. Grisak ?
Kolore biziak ditugu ments,
izan gaitezen mugalari.
Mugalari, Olentzerori dotoreziaz abegi egiteko.
Mugalari, Olentzerori txapela lapurtzeko.
Mugalari, opariak eskeintzeko.
Mugalari, opariak jasotzeko.

Eguberri bezperan, Larrun, Ibardin
eta Atxuria elurturik.
Burua eta bihotza bero zihoazen
Labiaga ikastolakoak kantuz.
6-7 urteko haurrak orduan:
«Ametsen kontrabandista izan
nahi nuke handitan»
Non eta Beran ditxosozko muga
duen herrian.
Hala aitortu zidala uste dut,
edo bere begiek ulertarazi zidaten.