Thème(s) :

Loiolan behin batean

Loiolan behin batean

Oroitzen dut, bai, nola haserretu nintzen gau hartan erromeria zegoela jakin nuenean. Ni ez bainintzen gainontzeko nire adineko neska ezkongaiak bezalakoa, erromeria zetorren bakoitzean “ehizara” zihoanetako bat.

Bai, bainekien gau hartan, Loiolan, bizi beharko nuen egoera zein izango zen: erromeria zegoen bakoitzean, bizi nuen berbera. Urtero-urtero, Loiolara erromeria zetorren bakoitzean, Juanita guztiz itxaropentsu agertzen baitzen nire etxean, seiak aldera, “gaurkoan bai, Martina, gaurkoan bai!” oihukatuz, gau hartan ezkongaia aurkituko zuelakoan.

Noski, ez zuen sekula aurkitzen. Gau osoan zehar gizon ederrenekin dantzan ibili eta beraien lagun “ez hain ederrak” bidaltzen baitzizkidan, nik haiekin dantza egin nezan, eta horrela, berak bitartean lasai asko  gustukoa zuenarekin. Beraz, normala erromeriak gustuko ez izatea, kupeladun mutil guztiekin dantzatu behar bainuen beti!  Baina erromeria ondoren, azkar batean joaten zitzaidan haserrea Juanita zein pozik zegoen ikusi ondoren, beti izan baitu irribarrea besteon aurpegian jartzeko gaitasun hori!

Gau hura ere halakoa izan zen, jakina. Juanita nire etxean azaldu zen, arratsaldeko seietan, “ikusiko den gaurkoan zein gizon puskak etorriko diren!” esanez. Nik, umore txarrez, zabalik zegoen leihotik erromeriako trikitixa eta irrintziak entzuten nituen bitartean, baietz esan nion, gaurkoan zortea izango genuela.

Hala ba, joan ginen erromeriarantz, Juanita pozez dantzari eta ni muturbeltz. Beti bezala, iritsi bezain pronto, Juanitak jaso zituen denen jakin-minez eta bekaizkeriaz beteriko begiradak, bera baitzen herriko neskarik politena. Handik gutxira, noski, espero nuen bezalaxe, etorri ziren pare bat gizontxo, bat Martinarekin, eta bestea nirekin dantzatzeko asmoz.

Nik ezetz esateko aukerarik izan baino lehen, ziztu-bizian onartu zuen Juanitak gonbidapena, niri Indaleziorekin dantzatzeko aginduz. Ez al zuen, bada, inoiz ikasiko emakume honek? Nik ez nuen gizonik nahi, are gutxiago horrelako gizonik! Plazan zegoen mutilik itsusiena ez zitzaidan tokatu ba? Alkandora zahar batekin eta ziurrenik bere aitarena zen galtza parea jantzirik zegoen hau, begiak gainetik kentzen ez zizkidala. A ze zortea nirea! Neure buruari azken aldia zela errepikatzen nion bitartean, Indaleziorekin dantzatzera joan nintzen, gizagaixoak nahikoa baitzuen bere urduritasuna ezkutatzearekin!

Gau hura ez dut sekula ahaztuko, ez. Hurrengo egunean Juanitak eta biok egin genituen barre algarak izugarriak izan baitziren. Indaleziok  esan zidan desio senti zuela gisan, nirekin hizketa bat nahi zuela izan. Dama polita nintzela, polita guztiz, ai! Baina halere nengoela oraindik ezkongai. Ezkon gintezela biok esan niezaiola: bai! Ni harekin ezkondu? Ni harekin jai-jai!