Euskal berpizkundea
OREN GUZIEK DUTE GIZONA KOLPATZEN AZKENEKOAK DU HOBIRAT EGORTZEN. Horrelaxe dio, behinik behin, Sarako kanpandorreko idatziak. Eta eliza barruan, aldare ondoko harlauza mugitzen hasi da, tirriki-tarraka. Harria jasotzearekin batera, burrunbak eraginda-edo, kanpandorreko hizkiak askatzen hasi dira: lehendabizi, hasierako lau hitzen hizki guztiak airean joan dira; gero, bosgarren hitzaren L, P, A, T, Z, E, eta N hizkiak erlojuaren paretik erori dira; azkenik, haize kolpe batek gainerako hizkiak barreiatu ditu hilerrian zehar, A, K , I eta bi R izan ezik. Horrenbestez, zazpi hizkik soilik eutsi diote beren euskarriari, honelako zerbait osatuz: “KO AK IR R”. Izena duen guztia ba omen da, baina hor, ba al da izenik?
Sorginkeria-kontua badirudi ere, ez da Larrun azpiko erresuman goiz honetan izandako harri-lerratze bakarra. Itsas aldeko Abbadiako kaperan, gizon bat atera da lur azpiko kriptatik. Kaperan, bi olio-pintura daude: batean, Agustin Hiponakoa, fedearen bultzatzailea, ezin sinetsirik dago, agidanez; bestean, Akinoko San Tomasi esperientziaren datuak, nonbait, ez zaizkio aski.
Lehentxeago, Anton Abbadiak begiak ireki ditu mende eta erdi baten buruan aurreneko aldiz, eta Virginieren eskua estutu ondoren, pot egin dio masailean. Zutitu, eta atorraren hautsa astindu du. Gustura beteko lituzke begiak jauregiko behatokian eta liburutegian. Baina orain ezin du. Anton Abbadiak ezin du Agosti Xahorekin Donazaharren duen hitzorduan huts egin.
Banaka-banaka, berri gehiago iristen ari da. Berri harrigarriak. Diotenez, gizon-emazteen berpizte itxurakoak gertatzen ari dira han-hemenka. Azkeneko orenak hobiratzen duen gizonaren azkentzerik ez balitz bezala, euskararen lurralde osoan berpizteak izaten ari omen dira. Euskal Berpizkundea ote?
Pedro Agerre ez da aise altxatu. Eskuek lagunduta belaunikatu ondoren, koru aldera begiratu du. Gero, aldarera jiratu du burua. Pentsakor gelditu da, hausnarrean, begiak erretaulan, eta, aldi berean, inon ez jarrita. Halako batean, zerutik lurrera nola, begiak hanketara hala ekarri, eta, poliki-poliki, jaiki egin da.
Gaueko laino itsuan, zintzarrien harrabotsak eta sorginen araoek Izpegira deitu dituzte hilezkorrak. Bart, deiadarra jotzeari ekin diote lau haizetara. Asko eta askotarikoak dira batetik eta bestetik datozen lagunak: Azkue, Aitzol, Fermin Irigarai, Elbira Zipitria… Bat eta bera beren barreneko maitasunaren maitekizun maitagarria, eta horixe bera beren ahalegin sortzailearen eta suaren pizgarria.
Aurtengo Korrika 36.a da, eta horiek guztiak nahi ditu ekarri gogotik herrira, lehen, herritik gogora egin zuten bidea atzera urratuz. Hilen artean bizirik daudenak goretsi nahi ditu lurrean. Horregatik, haiena izango da lehenengo kilometroa, beste behin ere, bidea irekiko dute.
Bidasoak bezala, Izpegi dute abiaburu: euskara haizpetik itsaso zabalerako bidean, muga guztien gainetik.
XXI. mendearen erdialdea hastear dago, eta Joanes Etxeberri itzultzen ahal da lasai Sarara: ari gara. Oraindik, urratsez urrats, hamaika kilometro ibili beharko direla jakin ere badaki.
Bestela, sartu berriz Sarako elizan, eta irakurri Bonapartek Axularri jarritako hitzak: ez dago atsedenik ta hodei gabe egunik zeruetan baizik.