Dantzarako zaharregia naiz?

Dantzak ba al du adinik? Noiz hartu erretreta dantzatik? Adinean aurrera doazen hainbat dantzari ikusi eta entzunda esan liteke ezetz. Izan ere, adinean aurrera egin ahala orduan eta onuragarria gertatzen zaigu dantza egitea. Adinarekin gorputzak malgutasuna eta indarra galtzen ditu, baina beste dohain batzutan, gure gorputzaren eta dantzaren beraren ezagutzan adibidez, aurretik amestu gabeko mailara iristen gara. Inoiz ez gara zaharregiak dantzarako, dantza ume, gazte, heldu eta zaharrena baita, nor bere gorputzaren neurrian.
Are gehiago. Dantza zahartzaro osasuntsua izaten laguntzeko tresna aparta da. Gorputza eta burua sasoian izaten laguntzen du dantzak, adin bakoitzera egokitutako dantza ariketa fisiko eta mental paregabea gertatzen da.
Asko dira dantzak gugan eragiten dituen onurak: gure gorputza osatzen duten gihar eta artikulazioen erresistentzia, indarra eta malgutasuna lantzen ditu. Gure gorputz atalen kontzientzia eta kontrola eskaintzen digu. Gure adimena hobetzen du, besteak beste, espazioaren pertzeptzioa, koordinazioa, psikomotrizitatea eta erritmoa sendotuz.
Eta hori guztia... dantzak eskaintzen digun plazer harrigarriaz gozatuz. Dantzatuz!