Luzaideko dantzen doinuen bilketa

Dokumentu mota:
Bideoa
Gako hitza(k):
Faustin Bentaberry Luzaide Migel Angel Sagaseta Beñat Galtxetaburu
Luzaideko dantzen doinuen bilketa
CC-BY-SA | Dantzan.eus

Migel Angel Sagaseta ibili zen Luzaiden doinuak biltzen. Esplikatzen digu musikariak arrabitatik orkestrara nola iragan ziren, eta dantzan aldaketak noiz eta nola gertatu ziren. Hasi zen Beñat Galtxetabururi, bai eta besteei, partizioak galdetzen. Baina erantzun zioten gogoz jotzen zutela. Ez zuten partiziorik. Beraz, galdegin zien dantzetako doinuen kantatzea: magnetofonoz grabatu zituen eta transkribatu. Nahi izan zuen segurtatu xuxen kantatzen zituztela.
Adinekoen gana joan zen eta han ikasi zuen bazirela aspaldian jotzen ez ziren galdutako melodiak. Lehenago, XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran, Faustin Bentaberry eta besteak arrabitarekin ari ziren, koruaren erdian jarririk, handik jo eta markatu. Berak jo eta berak markatu, edozein dantza, guziak bazekizkiten. Baina klarinetearekin eta tronpetarekin jotzen hasi zirelarik, memorioz ez zekizkiten dantzak bazterrean gelditu ziren. Hori iragan zen Luzaiden, 1920 inguruan.
Jada, 1928-1929an denek orkestrarekin jotzen zuten. Orkestrak arrakasta handia zuen arrabots gehiago ateratzen zuelako eta jendeak nahiago zuelako. Urte horietan ere, 1927an, Londresera joan ziren, 1929an Bartzelonara, Errumaniara... asko atera ziren eta hor aldaketa frango eman zen. Entrexatak ere sartu ziren. Hori, Faustinen obra izan zen. Zenbait urrats ere pixka bat aldatu zituen.

Migel Angel Sagaseta - CC-BY-SA | Dantzan.eus

Gehiago jakin