Euskal mugimenduak eta soinulariak
XIX. eta XX. mendeak herri kulturaren politizazio garaiak izan ziren Hegoaldean berdin Iparraldean, ideologia desberdin batzuek bultzaturik. Soinulariaren itxuraren irakurketak ere anitzak ziren garai hartan.
Euskaltasunaren ikurra bihurtu zen txistua, eta abertzalegoaren gorakadarekin garrantzi berezia hartu zuen Hegoaldean XX. mende hastapenean. Euskal herriko txistularien elkarteak, 1927an sortuak, ezagupen hori indartu zuen.
Iparraldean, xirula eta ttunttunak ez zuten gisa bereko interesik sortu, eta apalduz joan ziren. Lore jokoek xirula eta dantza jauzi lehiaketak eskaintzen zituzten 1920 arte, baina ez zen aski. Kobre eta esku soinuaren parean, sokekilako ttunttuna emeki emeki desagertu zen Lapurdin eta Nafarroa Beherean –salbu Amikuzen– 1914 aitzin.
Xirula bigarren mailako tresna bihurtu zen, salbu Zuberoan, non jite azkarreko soinulari bati esker, Atharratzeko Lexarduart (1866-1938), xirulak ihardoki baitzuen.
Arrabita edo xirribika, behar bada euskaltzaleentzat aski "euskalduna" ez baitzen, emeki emeki isildu zen. Esku soinuak zuen gaina hartu, eta errepertorioaren parte bat arraberritu ere.
Hegoaldean, XIX. mende hondarrean heldu zen trikititxa diatonikoa nagusi bihurtu zen dantza solterako.