Ezagupen maila desberdinak
Soinulariaren estatutu soziala aldatu zen toki eta garaien arabera.
Baionak bazuen XVII-XVIII mendeetan soinulari korporazio bat, eta tamburin joleak, beren usaiazko betebeharretaz gain, tresna "sabantekin" nahasten ziren noiz behinka.
Baina "tamborilero" edo "txuntxunero"-aren figura, gero "txistulari" bihurtu zena, oroz gainetik Hegoaldean erakundetua izan zen, udal mailan bereziki. Mikel Aramburu eta Karlos Sánchez Equiza-k erakutsi dute hasiera batean foralismoak eta Ilustrazioaren eraginak eta, ondotik, erromantizismoak zutela txistulariaren erakundetzea bultzatu. Hirietako txistulariek, beren ohidurazko ofizioez gain, tresna egokitu (eta eztitu) zuten saloi eta kontzertu errepertorio berrietarako.
Nafarroan, gaitak gisa bereko modernizazio prozesua ezagutu zuen XIX. mendean, batez ere Julián Romano (1831-1899) eta Lizarrako gaita eskolari esker.
Iparraldean, herri soinulariak erakundetze eta modernizatze mugimendu horretatik aparte gelditu ziren, beren funtsezko ofizioa mantenduz dantzari dagokionez.