Musikariaren soldata

Dokumentu mota:
Bideoa
Gako hitza(k):
Faustin Bentaberry Michel Aurnague
Musikariaren soldata
© Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak

Musikaria ordaindua zen. Faustin Bentaberry-ren orkestraren denboran (1910 eta 1936 urteen artean), 100 libera irabazten zuen, egun osoko. Michel Aurnaguek pentsatzen du Faustin ez zela sekula jotzera ateratzen soldatarik gabe. Horretaz bizi behar zuen. Musikariek lehenago ere beti zerbait pagarazten zuketen. XIX. mendean jadanik, tobera-mustretan eta, baziren gastu frango, ez bakarrik jauntzienak, musikariak ekarrarazi behar ziren eta pagatu. Michel-ek pentsatzen du aspaldikoa dela musikarien pagatzeko ohitura, menturaz ez beti diruz, baina bederen janariz edo beste molde batez. Aldiz, Faustinek gazteei jauziak irakasten zizkielarik, ez zukeen dirurik hartzen. Kontsideratzen zukeen bere betebeharra zela jakintza hori beste belaunaldiei pasaraztea. Bestenaz, ezteietara edo bestetara joaten zelarik, gauez, zenbait aldiz hiru egunez, urrun, Isturitzera, Lekornera... pagatzen zuten.
Gainera, orkestrarekin, errepertorio berriak erregularki lantzen zituzten, partizioak kanpotik ekarraraziz. Harpidetzak ordaintzen zituzten. Orduan, musikariek ere bazituzten gastuak. Egun batez, Donibane Garazin ari zirelarik, norbait gelditu zitzaien eta ehun libera eman zien, erranez biziki ongi jo zutela. Denbora hartan, anitz zen, zeren bakotxak hori irabazten baitzuen egunean. Baltsa bat jotzen ari ziren. Geroztik baltsa hori izendatu zuten "100 liberatako baltsa".

Michel Aurnague. "Eleketa" programa. 2014 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1489

Gehiago jakin