Apezak eta dantza: harreman bikoitz bat

Hegoaldean bezala, Iparraldeko apez batzuek dantza kondenatzen zuten orohar, bertze batzuek aldiz bereizketa zehatzagoak egiten zituztelarik.
1679an Donibane Lohitzunetik barna pasatzen zela eta, John Locke filosofoa ohartu zen Pariseko Parlamentuak hainbat elizbarrutitan ezeztatu zuen usaia oraindik bizirik zegoela Lapurdin: apezak dantza irekitzea bere lehen meza eman eta.
Apez berriaren aitzineko apeza dantzaren gomitatu nagusia bilakatzen zen, eta "dantzaldiaren errege".
Bidador-ek erakutsi du usaia hori Hegoaldean ere indarrean zegoela. XIX. mende hondarrean oraindik, Lhande-n arabera (1877-1957), apezek oraindik dantzaldia irekitzen zuten Zuberoan, Muneñen edo Mutxikoen lehen puntuak emanez. Haien ondotik sartzen ziren dantzan etxeko nagusi zaharrak, nagusi gazteak eta, azkenik, seme gazteenak. Lehengo Eskualdunak zer ziren (1889) liburuan, Michel Elissamboure-k jarrera bikoitz hura silogismo adierazgarri batez laburtu zuen: (a) dantza guziak kondenagarriak dira; (b) euskaldun jauziak ez dira dantzak; (c) euskaldun jauziak zilegi dira. Etnizitateak zuen moralitatea segurtatzen.