Etxeen arteko harremanen erregulatze tresna sinbolikoa

Itxura guzien arabera, soka dantza, ingurutxo, dantza luze edo branleen funtzio sinboliko bat zen jendeen (eta etxeen) arteko loturen plazaratzea.
Berrizen (Bizkaia), andere ezkonduak gomitatuak ziren erregeletan parte hartzera San Pedro egunean, eta neska ezkongaiak Santa Ana egunean. Ordizian (Gipuzkoa), urtean ezkondu diren bikoteek soka dantza eskaintzen dute Santa Ana kari.
Emazteek betidanik ukan dute eginkizun aktibo bat dantzan: edo dantza kordan nor sartuko zen erabakiz, Nafarroa Beherean bezala XIX. mendean, edo soka dantza berek gidatuz, Durangoaldeko zenbait herritan edo Lekeition bezala. Eltziegon (Araba), neska talde batek zuen, gerla zibila biharamunean, herriko dantza ziklo berezia zaindu.
Neskek protokolozko dantzetan parte hartzea indartuz joan zen XX. mendearen bigarren partean: pastoraletan, maskaradetan, kabalkadetan, ihauterietan, eta, berrikiago, Gipuzkoako ezpata dantzetan.