Segurtasun balbula bat? Ohitura dantzatuak eta satira soziala

Dantzek, batzuetan, satira soziala oinarritzat daukan antzerki genero bat laguntzen dute.

Zuberoako maskaradak, buhami eta kauteren predikuekin, dimentsio satirikoa dauka. Iparraldeko ihauteri eta toberetako antzerkiak (tzintzarrotsak, asto lasterrak, libertimenduak, Zan pantzarrak, tobera mustrak, galarrotsak...) alegiazko auziak antzezten dituzte. Erriberako Kortes-en, paloteadoak laguntzen duen “dance”-ak badauka parte antzeztu bat (Pastorada), Mayoral, Rabadán (artzainburuak), aingeru eta deabruaren arteko elkarrizketa errimatu gisa iragaiten dena. Erdi Aroko mixterioen gisa, Pastoradak ongia eta gaizkiaren arteko borroka du irudikatzen, artetik bertsu satiriko eta garaikide batzuk (dichos) sartuz.

Usaia horien irakurketak anitzak dira. Batzuentzat, aldi baterako segurtasun balbulak dira, behin errituala bururatu eta ororen buru ordenu soziala indartzen dutenak. Beste batzuentzat, aldiz, “ahots gabeek” daramaten gizarte ordenatuaren aurkako funtsezko kritika plazaratzeko moldeak dira.

Usaia horiek, hasteko, jakin izan dute arraberritzen eta gaurko egoerari egokitzen.