Dantza eta erlijiozko erritualak

Eliza besta anitzek beren alderdi zeremoniala azkartu zuten dantza erritualaren muinean sartuz.
Dantzaren presentzia hauteman daiteke bereziki Besta-Berriko elizkizunetan, bai Ipar bai Hegoaldean.
Oñatin zaindu dute dantza ziklo oso bat, Besta-Berriko parte sakratu eta profanoetan hedatzen dena.

Iparraldean, Lapurdi barnealdeko eta erdialdeko Nafarroa Behereko herri bakar batzuetan oraindik dantzan ari den eskolta armatu batek Besta-Berrietako prozesioak laguntzen ditu. Ohorezko guarda hori Erregimen zaharreko foru milizien eta XIX. mendeko baserrialdeko guarda nazionalen oroitzapena da.

Hegoaldean, dantzek herri, auzo edo ermitako sainduaren ohorez antolatu elizkizunak maiz laguntzen dituzte: bordon dantza Tolosan Jondonibanez, ezpata dantza Zumarragako Santa Maria ermitan, Muskildako santutegiko dantza zikloa Otsagabian, San Roke dantzak Deban, San Ferminetako ezpata dantza Lesakan, Aretxinagako dantzak eta Corteseko paloteadoak San Migeletan, Elurretako Ama Birjinaren arku dantza Lanestosan, eta abar luze bat.