Dantza eta protokolo zibilak Iparraldean

Dantza tokiko gizartea eta bere hierarkien miraila da.
Nafarroa Beherean, dantza luzean parte hartzea garai batez pagatzen zen, lekuaren arabera.
Dantza jauzietan sartzeko ordena, Baztango mutil dantzetan bezala, denbora batez adin klase eta maila sozialaren arabera egiten zen.
Dantza ordenu gizartearen metafora zen.
Oztibarren, 1698an, ibarreko Gorte orokorraren biltzarraren egunean dantzaren irekitzeko eskubideak auzi bat sortu zuen Izurako juradoen eta Uharte-Hiriko baroiaren artean.
Baionan, la Pamperruque zen, XIX. mende hasiera arte, pertsonalitate garrantzitsuen ohoretan ematen zen soka-dantza. Hiriko elite burges eta aristokratikoak zuen osatzen Pamperruque-a. Frangotan, barnealdetik jin arazten zituzten baita ere "euskal dantzari" multxoak.
Emeki-emeki haatik, dantza protokolarioa hiritik desagertu zen.
Barnealdean bizirik segitu zuen dantza korda, dantza luzea eta Zuberoako bralia edo branlearen bidez.