Dantzatu du emakumeak?

Euskal dantzaren historia egiterakoan, gizonezkoen dantzaren historia egin da maiz.

Tarteka, emakume dantzarien aipamenak agertu dira, baina bitxikeria moduan hartu izan dira. Gizonezkoen aipamenak ugariago dira, ez alperrik gizonak posizio hegemonikoa izan du gizartean hainbat mendez, eta dantza erritual eta protokoloen bidez, besteak beste nagusitasun hori erakutsi eta sendotu izan du.

Gure dantzaren historia berrikusi ahala agerian jartzen hasi da emakumeek ere dantzatu izan dutela. Hainbat testigantza dira horren berri ematen digutenak, jakinik gainera, ekitaldi ofizialetan, idatzizko arrastoa uzten duten horietan, gizonezkoek parte hartzen zutela, eta maiz, emakumeek dantzatu arren horren aztarna idatzirik ez dela geratu.

Dantzatu du emakumeak, bai horixe. Debeku eta oztopo ugari jasan behar izan baditu ere, dantzatu du emakumeak. Aginte zibil eta erlijiosoak ahaleginak egin ditu emakume dantzaria plazatik ezkutarazteko. Elizgizon eta alkate, gotzain eta gobernadore, amorruz eta temati aritu dira plazan dantzari ziren emakumeen jarduna debekatu eta kanporatu nahirik.

Dantzatu du emakumeak, baina makina bat debeku, oztopo, kanporatze, zigor eta eraso sufrituta.