Etienne Pellot kortsarioa eta euskal jauziak Bordeleko Operan
- Dokumentu mota:
- Testua
- Gako hitza(k):
- Etienne Pellot
"Hasi berri ziren euskal jauzia ematen. Aldageletan zeuden nire marinelak ez ziren gehiago beren buruaz jabetzen. Zaila izan zen haien isilaraztea. Burumuina pilpiratzen zitzaidan azala hausteraino. Hor nintzen, arnasestuka, gorputza makur, dantza horri zintzilikaturik , horretan parte hartu ezinean, ikustekoa nintzen, arraroa, alafede. Laster ezinegonaren ezinegonaz, deabruzko ideia bat etorri zitzaidan gogora: « Eta zergatik ez? » pentsatu nuen.
Zerbaiten beldur ote haiz, Pellot? Egizak etsai erauntsi bati aurre egin beharko bahu bezala, aitzina! Bat-batean, orkestraren gainetik bultatu eta partitura zaldi bat oldar hartzeko erabiliz, jauzi batez taularen gainera heldu nintzen. Garaian hain arin nintzen eta nire ekintza hain zalu izan zen non musikariek segitu baitzuten jotzen deusetaz ohartu gabe.
Itzal bat besterik ez zen iragan beren buruen gainetik eta, ikusleek harridura zerbait agertu aitzin, oihu egin nuen: « Euskal jauzia, hau?... Utz ezazue! Pellot kortsarioak erakutsiko dizue Hendaian nola egiten dugun!
Segidan, bultzakada batez, taularen gainean zeuden dantzarietarik bat hamar urratsetara bidali nuen eta, haren lekua hartuz, mahunga labur-laburreko soinekoz jantzi arrosa koloreko aurpegidun andereño horiek guziek guziz beroturik, hasi nintzen higika ibiltzen, hainbeste eta hain ederki non ongi baino hobeki aritu bainintzen, ni, Euskal Herriko dantzari onenetarik bat."
Les corsaires de Bayonne - (1856) Edouard Lamaignère | Irakurlea: Jean-Marie Broucaret