Dantza jauzien estetika

Dokumentu mota:
Bideoa
Gako hitza(k):
Michel Aurnague
Dantza jauzien estetika
© Archives départementales des Pyrénées-Atlantiques

Michel Aurnaguek dio Faustin Bentaberryk entrexatak sartu zituela jauzietan. Entrexaten eraginez, jauziak pixka bat zaluago ematen hasi ziren.

Lehenago, jauziak biziki erreposki ematen zituzten. Guilcher ikerlariak bere liburuan hori erraiten du, neurria ere ematen du metronomoaren bidez. Gaur beren lehengo estetika galdu dute, abiaduraren eta erritmoaren aldetik. Dantza jauziek bazituzten erritmo eta pultsazio bereziak.

Beñat Galtxetaburuk akordeoiz lortzen zuen erritmo hori pasaraztea. Nola ematen ziren ulertzeko, Beñaten edo Maurizio Elizalderen grabaketak entzun behar dira, edo Xiberora jo behar da, Jean-Mixel Bedaxagar edo Mixel Etchecopar-en entzutera. Erritmoa biziki inportantea da dantza horietan, bihotzaren taupadak bezala.

Orain, abiadura anitzez zaluagoa da eta, gainera, pultsazio horiek galdu dira.

Jauziak ez ziren dibertitzeko dantzak baina dantza solemneak, erritual bat. Seriotasun bat galdegiten zuten. Denek ez zituzten jauziak ematen ahal. Eta ematen zituzten artean, bazen ordena bat, etxe bakotxak leku bat bazuen. Eta horregatik ziren emeki eta serioski ematen.

Jauziak XVI.-XVII. mendetik goiti garatu dira. XVII. eta XVIII. mendeetan, garapen aldia izan da. XIX. mendean garatuak ziren eta gero beheiti joan dira. Atabalariaren erritmo hori biziki inportantea da. Musikak behar ditu isiluneak, bere baitan. Hatsa behar du. Orain itoa bezala da, ez zaio gehiago hatsik ematen, ez da denborarik hartzen. Baztango mutil dantzetan badira beti pultsasio horiek. Mutil dantzariek badute oraino taupada hori, itzultzen direlarik.

Michel Aurnague. "Eleketa" programa. 2015 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1494

Gehiago jakin