Branlearen arte zaharra
XIX. mendeko urrats zaluak ez dira Zuberoako dantzen ezaugarri bakarrak. Beste urrats batzuk, askoz ere zaharragoak eta beren gailurrean jakintsu gisa jotzen zirenak, han-hemenka agertzen dira, hauetarik zaharrenak Toinot Arbeau-ren « Orchésographie » dantza tratatuan (1589) aipatuak direlarik. Urrats horiek bigarren multzo koherente bat osatzen dute, Zuberoako eta beste euskal herrialdeetako ohituretan erabat sustraiturik. Aspaldi handiko dantza horiek, « branle » genero-izenpean ezaguturik, XVI. mendetik goiti erabiliak izan dira Frantzian. Ia denek ahantziak, branleek Euskal Herrian aurkitu dute loratzeko lurra, dantza berri gisa agertuz. Jean-Michel Guilcher-en arabera, « biziki aitzinatuak dira, Frantziako beste hainbat dantza folklorikorekin konparaturik, bai eta XVI. mende amaieran eta XVII. mende hasieran frantses gizarte osoan gehien egiten ziren branleekin alderatzen baditugu ere » (Jean-Michel Guicheren « LaTradition de Danse en Béarn et Pays Basque Français » - 1984).