Dantza akademikoaren ekarpena: Zuberoaren kasua

Zuberoak, euskal herrialde ttipiak, inoiz izan duen biztanle kopuru handiena hamar mila baino pixka bat gehiago izan da. Alta, ahultasun demografikoak ez du paregabeko garapen koreografikoa trabatu, aldaketa handiak ezagutu zituen XIX. mendean bereziki.

1909an, Charles Bordes musikariak (Hezkuntza Publikoko Ministerioak galdeginik, Euskal Herriko musika zaharrak biltzeko ardura zuenak) Zuberoako dantzaren hasiera ezin hobeki ulertu zuen. Horretaz ohartu zen: « bazirudien sustraiak XVII. eta XVIII. mendeetako antzerki dantzaren frantses ohituretan hartu zituela. Ohitura horiek, antzerkitik behialako erregimentuko dantza eskoletara mugitu ziren (…) ororen buru Euskal Herriko urruneko haran piriniotarretara iristeko. » Alabaina, XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasieran, frantses armadak bere behar propioetarako prestatzen zituen dantza maisuak. Soldadutza egiten zuten bitartean, zuberotarrek dantza urrats anitz ikasi zituzten, Zuberoako ohitura zaharrarekin nahasi zituztenak.