Dantzaren barne-barneko bizipenak
Eskuak elkarri emanez plazaratu dira luzaz euskaldunak dantzara: sokan.
Belaunaldiz belaunaldi, kultura bat, hitz egiteko hizkuntza propio bat, munduratzeko txoko bat, elkarrekin bizitzeko dantza bat transmititu dute Euskaldunek soka dantzan.
Euskara eta euskal dantza, horiek dira Euskaldunek komunikatzeko, sentitzeko eta bizitzeko dituzten berezko lengoaiak. Hitzen bidez gorpuzten da euskara, gorputzaren bidez hitz egiten du euskal dantzak.
Euskal dantza zer den, nork dantzatu duen, nolakoa den eta zergatik XXI. mendearen hastapenean Euskaldunek molde berezi horretan dantzatzen jarraitzen duten galdetzen dio bere buruari erakusketa honek.
Zergatik ez da eten dantzaren soka zaharra Euskaldunen herrian? Nola egiten da soka dantzan globalizazioaren eta komunikazioaren aroan?
Dantzatik euskal munduari begiratzen dio erakusketa honek. Euskal dantzaren etorkizunaz galdetzen dio ikusleari, eta horrekin gogoeta gai du iragana, plaza, eszenatokia, gizartea, boterea, agintea, borroka, iraultza, jerarkia, berdintasuna, kohesioa, etena, gatazka, transmisioa, generoa, adina, protokoloa, plazera, liturgia, festa, tradizioa, berrikuntza, erlijioa, sekularizazioa, iraupena, haustura, gozamena, bikaintasuna, arrunkeria, ohitura, kultura, euskara, dantza, soka. Euskal dantzaren SOKA.