Gaia(k):

Xabier Itzaina

Xabier Itzaina

Zatiak

"Gero eta zailago da plazako dantzaren emozio horren atxematea"

Xabier Itçaina ez da segur dantzak atxiki duela plazetan zuen lehengo indarra. Indar hori sentitu izan du Baztanen, garai batez. Xiberoan ere Urdiñarben, duela 25 urte, maskarada bukatzean adineko gizon batzuk ikusi zituenean desafioka, binazka dantzara sartzen. Beste behin Jutsin, horrelako indar bat sentitu zuen gizon eta emaztek mutxikoak ematen zituztenean eta ere Heletan, Besta-Berri finitze batez. Emozio hori gertatzen da... edo ez da gertatzen.

© Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - "Eleketa" programa. 2015 - 19AV1528

Dantza-kordarako ordena

Xabier Itçainak zehazten digu Besta-Berriz ematen zen dantza-kordaren ordena. Itsasun espazioari lotu kriterio bat hartu zuten: plazatik hurbil bizi zen etxekoa zen lehen neska. Heletan, XIX. mende erditsutan, Besta-Berriz beztituko ziren soldaduek desmartxak egiten zituzten aitzineko asteetan: nesken etxeetara joaten ziren, galdegiteko ea dantza kordan beren dantza laguna izan nahi zutenez.

Dantza khorda 1924an Itsasun (Gure Herria, 1924 nº05 - Bilketa.eus)
Dantza khorda 1924an Itsasun (Gure Herria, 1924 nº05 - Bilketa.eus)

Neskak errefusatzen ahal zuen edo onartu. Badakigu Baxe Nabarren garai batez, ez baitezpada Besta-Berriz, pagatzen zela dantza-kordan holako lekuan izateko dretxoa. Itsasun, kartierren edo auzoen aldizkatze printzipio hori, Besta-Berriko dantza kordan agertzen da, baina Luzaiden, herriko pestetan zen. Luzaiden kartier bakotxak bazuen bere aldia, besta bururatzen baitzen dantza luzea eginez. Saran, Ihauteriz, kartier bakotxak bazuen bere aldia dantza-kordan plazara jausteko. Pentsatzen ahal da garai batez dantza-korda luzeagoa zela eta bigarren parte hori kontrapas luze bat zela. Hori zinez hegoaldeko soka dantzen familia bereko dantza bat da.

Xabier Itçaina. "Eleketa" programa. 2015 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1526

Dantza jauzietan sartzeko ordena

Jauzien emateko, ordena bat bazen, gizonetan ere. Badira lekukotasunak idatziak, Baxe Nabarren eta Xiberoan: xaharrenak hasten zirela diote, batzuetan apezak hasten ere, lehen puntuak ematen eta gero ateratzen. Bazen ere etxeen arteko ordena bat, sartzeko. Baztanen atxiki dute. Mutil dantzak hasten dituztenei danbolin nagusia edo "maiordomo" erraiten zaie. Gazteriaren buru dira. Badira bi "maiordomo" eta beren laguntzaileak, beraz lau. Maiordomoari deitzen diote ere danbolin nagusia, erran nahi baita danbolina, txistularia manatzen duena. Hemen, soinu mutila, zer bera da. Horiek hasten dira. Sartzen dira, jendea bonetekin agurtzen dute eta lehenik plaza itzuli bat egiten dute lauek. Besteak gero sartzen dira, aitzineko bien eta gibeleko bien artetik. Beraz ikusiz han hori atxiki dutela, kasik segur da gisa bereko zerbait bazela hemen. Maleruski, ahozko memorian, galdua da oroitzapen hori, edo usu, dantza-irakaslea hasten zen, edo dantzari ona, eta hura zen lehenik aterako.

Xabier Itçaina. "Eleketa" programa. 2015 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1527

Itsasuko ihauteriak

Itsasun, ihauteriak ez ziren ondoko herrietan bezain indartsuak (Uztaritze, Kanbo, Ezpeleta). Bi gerlen artean eta 1960 arte, maskak bakarrik ateratzen ziren urtero (Kaxkarotak noiztenka). Hartzarekin batera agertzen ziren, baita Jaun-Andere eta buhamiekin. 1988an ihaute ohitura berriz abiatzen da, emazteari leku bat emanez. XIX. mendeko Itsasuko ihauteriei buruz aztarna guti geratzen zauku, maskarada konplexuago bati buruz aldiz idatziak badira: adibidez Kauterak aipatuak dira (Xiberuako maskaradan soilik ezagutzen direnak).

Xabier Itçaina. "Eleketa" programa. 2015 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1521

"Elizak ospakizun batzu kontrolatu nahi zituen"

Xabier Itçaina-ren arabera, Elizak ospakizun batzu kontrolatu nahi zituen, hala nola Itsasun, 1909tik 1956ra hor egon zen apezaren bidez.

Xabier Itçaina. "Eleketa" programa. 2015 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1523

Musika tresnen historia, Ipar Euskal Herrian

XX. mendearen lehen erdian, ttunttuna, arrabita eta gero txirula Lapurditik eta Baxe Nabarretik desagertu ziren. Xabier Itçainak badaki, Mattin Zubieta Kanboko txistulariak kontaturik, gerla denboran eta gerla ondoan, Itsasura jiten zela eta han ematen zituztela mutxikoak mezatik ateratzean. Txirularien izenak badira. Uharretakoa ari izan zen txirulan, gero Xuhurrenekoa, itsua, Manez Teillerie. Honek bere kartierreko inauterietan jotzen zuen ere, berdin plazan, atabalari edo akordeoilari batekin. Edo igandeetan, mezatik landa Elizaldeko pareta izkinean, bazterreko musika bezala. Txirula Besta-Berritik baztertu zuten. 1907ko Besta-Berriko argazki batean, txirula eta atabala ageri dira. 1908an, jada, klarinetea da. 1930eko urteetan, txirularia bazen oraino, baina dantza jauzien jotzeko, parte ofiziala fini zelarik. Gero galdu zen. Luhuson ere, berriz hasi zirelarik kabalkada egiten, 1948an, kobreak erabili zituzten. Txirula zirtzilentzat zen, bigarren klaseko tresna. Makean ere, 1950ean, Besta-Berri kobreekin egin zuten eta gero, jauzientzat, Erlande Agerre Lekondarra jinarazten zuten txirula jotzeko. Tresna batzuk nobleagoak ziren eta arrabots gehiago ere egiten zuten. Arrabitak zuen lehenik bataila galdu, arrabita edo xirimika, ez baitu bolumen anitzik. Gero txirula izan zen. Lehenik sokekilako ttunttuna desagertu zen eta gero txirula bera.

Xabier Itçaina. "Eleketa" programa. 2015 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1524

Soinulariaren funtzio soziala

Soinulariak jende xumeak ziren gehienetan artesauak edo ofizialeak, eta ordainduak ziren. Jendeen eta dantzarien zerbitzuko agertzen ziren. Haien ordainketa garrantzia handikoa zen. Auzi batzuk izan dira, musikaria ez zelakoz pagatua izan.

Xabier Itçaina. "Eleketa" programa. 2015 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1528

Gehiago jakin

Gehiago jakin

Xabier Itçaina (Itzaina ere idazten da), 1971ko agorrilaren 29an Itsasun sortua, lau haurreko familia bateko zaharrena da (hiru mutiko eta neska bat). Haren burasoak (Michel, Aldudarra eta Cathy Malharin, Donapaleuko Gibraltar auzoaldekoa), Itsasun plantatu ziren, 1969an. Biak Kanbon ari izan ziren lanean. Michel herriko etxeko idazkaria zen eta Cathy errientsa.

Xabier Kanbon ibili zen eskolan, kolegioetako brebeta (BEPC) ukan arte. Gero, Baionako Villa Pia lizeoan ikasi zuen, baxoa iragan arte. Xabier euskal arteak, hala nola bertsolaritza, kantua eta dantza, gustuko duen familia batean hazi zen. Amaren aldeko amatxi Janamari Malharinen eragina bereziki aipatzekoa da. 1977an, Itsasuarrak herriko dantza taldean sartu zen. Talde hori izen bereko parrokiako elkarteko partaidea zen. 1989-1990 inguruan, taldeak Ataitze izena hartu zuen eta aitzinekoen tutoretzatik libratu zen. Zaharkiturik gelditu ziren ohitura dantzatuak berriz piztu zituen (Inauterietako etxe kurrida, 1988an, kabalkada, 1992an, 1994an, 1997an, 2001ean, 2007an eta 2012an). Karia horretara Xabier Itçaina eta bere lagunak dantza molde tradizionalen bila joan ziren, lehengo dantzarien lekukotasunak baliatuz.

Ikerketaren eremuan segitu zuen, astialdietan, bai eta goi ikasketen karietara, Bordeleko Ikasketa Politikoetako Institutuan. 2000n doktoregoa iragan zuen eta 2007an publikatu: Les virtuoses de l’identité. Religion et politique en Pays Basque, Rennes, Presses Universitaires de Rennes, coll. Sciences des religions, 2007. Gaur egun, Xabier ikerketa karguduna da, Ikerketa Zientifikoko Zentro Nazionalean (CNRS).

Ondoko alorretan berezitua da: erlijioa eta politika, nortasunak eta politika, ekonomia soziala eta solidarioa. Ohitura dantzatuen eremuan ere aditu gisa ezagutua da.

Argazki galeria